Okindegiaren Aingeru Zaindaria Autora: Marijoxe Azurtza Sorrondegi Ai, Mikel Garikoitz maitea, gure okindegiaren aingeru zaindaria. Gure arteko gorroto eta ezinikusiak horrenbeste sufriarazi ondoren nork esango lidake niri, covid19ak gartsu jo gaituen honetan, zuganako maitemin sutsua izango nuela bihotzean borborka eta gorputzean zirika. Zure labean otasa nola handitu, hala puztu da ere nire bihotzean zuganako erakarpena. Maite zaitut, Mikel Garikoitz kokoloa eta ez dudala zu gabe segundo bat gehiago galdu nahi argitu dit zezenik gabeko entzierro-etxeratze honek. Utz ditzagun txotxolokeriak eta batu gakizkio maitasunari. Zer esan! Gure okindegiaren parean zurea jartzean lehia estua zetorkigulako biziki haserretu nintzaizun. Sikiera okindegia zertxobait urrutiago jarri izan bazenu eta ez muturrez aurrean! Baina ez, horrela jarri behar zenuen, gurearen parez-pare. Kirioak dantzarazi zenizkidan gero! Lotsagabea, lehiakorra eta diruzalea. Hori zinela leporatu nizunean zuk irribarre zita