Okindegiaren Aingeru Zaindaria
Autora: Marijoxe Azurtza Sorrondegi
Ai, Mikel Garikoitz maitea, gure okindegiaren aingeru zaindaria. Gure arteko gorroto eta
ezinikusiak horrenbeste sufriarazi ondoren nork esango lidake niri, covid19ak gartsu jo gaituen
honetan, zuganako maitemin sutsua izango nuela bihotzean borborka eta gorputzean zirika. Zure
labean otasa nola handitu, hala puztu da ere nire bihotzean zuganako erakarpena. Maite zaitut,
Mikel Garikoitz kokoloa eta ez dudala zu gabe segundo bat gehiago galdu nahi argitu dit zezenik
gabeko entzierro-etxeratze honek. Utz ditzagun txotxolokeriak eta batu gakizkio maitasunari.
Zer esan! Gure okindegiaren parean zurea jartzean lehia estua zetorkigulako biziki haserretu
nintzaizun. Sikiera okindegia zertxobait urrutiago jarri izan bazenu eta ez muturrez aurrean! Baina
ez, horrela jarri behar zenuen, gurearen parez-pare. Kirioak dantzarazi zenizkidan gero!
Lotsagabea, lehiakorra eta diruzalea. Hori zinela leporatu nizunean zuk irribarre zitalarekin -
edo misteriotsuarekin ote zen- erantzun zenidan. Denentzat bazela nahikoa negozio eta aurrera
egingo zenuela zerorrek, nik nahi ala ez, lasaiki argitu zenidan. Zu bai zu, alproja-arlotea. Ez
zenuen nire erregu edo itun eskaerarik entzun nahi izan, denei muzin egin zenien.
Ez nizunean hortxe bertan moka tarta aurpegian zanpatu, gaitz erdi, horren ernegatua
ninduzun!
Nire aurreikuspenen aurka, ordea, negozioa okertu ordez, suziri eran, esponentzialki, handitu
zitzaigun. Gero eta jende gehiago hasi zen etortzen okindegi atera, hasieran, mordoxka, geroxeago,
mordoka eta azkenean uholdeka zetorkigun egunero. Okindegi kanpoan sortu zitzaizkigun ilarak
sinesgaitz behatzen nituen. Bi hilabetera, aldiz, ia hondoratuta geunden: arrakastak itota. Goizeko
lautan hasi ordez ogia oratzen, goizeko ordu bitan jaiki eta arratseko zortziak arte aritzen ginen
lanean, okindegia ixteko garaia heldu arte. Senitarteko ilobak eta seme-alabak, denak jarri genituen
lanean hamasei urtetatik gorakoak baziren. Den-denak. Eta hori horrela izanik ere, arrakasta horri
ezin genion eutsi: aparretan bizirik itotzeari ekin genion.
1
Ilaran zegoen jendeari galdezka jarri genituen etxeko gazteenak, arrakastaren oinarria zein
zen jakitearren. Eta zer ikasiko eta zuk zeuk, zure okindegian, gurera joateko sistema jarri zenuela!
Gurean ogia erosi ezkero, ondoren, zurean kruasanak erdi prezioan izango zituela esan zigun batek;
gure okindegian moldeko ogia ordaindu eta gero, erostea doan atera zekion, zurean halako kopurua
dirutan jasoko zuela aitortu zigun kalean bizi zen batek. Hirugarren batek, gurera etorri eta ogia edo
pastelen bat erositakoan, zurean bost euro jasoko zituela esan zigun.
Eta orduan ulertu genuen: zuk sortutako lehertze sistema zen hura, baina Japoniar eran, hots,
guk goiz eta gau lan egin genezan behartu gintuzun. Ez zenuen ez Korear eran lehiatu, hots,
dumping bidez -zure okindegian salneurriak ezin sinistu ahaleko balio baxuetan jarriz-, baizik eta
gure energia xahutu nahi izan zenuen eta gu gaizki genbiltzan. Akaberara ginderamatzazun. Garbi
jokatzeko itxuran, maltzurki ari zinen.
Sinestezinak eta erraietako aztoramenak gaineratu ninduen. Indioilar lerdenaren antzera
bapo zenbiltzan kalean eta hiena antzera lehiatzen zinen negozioetan. Hura bai kuxidadea! Hura bai
amorrazioa nirea. Azalean lausengu eta zurikeria mordoarekin, baina ezkutuan maltzurkeria
larriarekin zenbiltzan.
Eta hala ginela, nire barruan zuganako irrika, erakarmena eta txolintzea ernatu zitzaizkidan.
Hori behar nuen! Zu hizketan entzun eta zure hitzen ahoskera melodia zen niretzat. Zure okindegira
gerturatu eta haurrek egin ohi duten bezala, leihatean lurruna bota eta esku-ahurrekin garbitzeko
joera piztu zitzaidan, zu barruan lerden ikustearren. Zu oinez ikusi eta Cibeleseko pasarelan ikusle
nintzela sentitzen nuen nik. Ez dizut orain artean horrelakorik aitortu, ezta? Zu orea astintzen
irudikatzeari ekin nion, irudimenean beso iharrak miresteari, ihintzaren parekoa zen kopetako izerdi
tanten distirarekin itsutzeari... amesten hasi ahala arnasa joaten hasi zitzaidan eta urduritasun beroa
gorputza zeharkatzen.
Eta orduan zer gertatuko eta hara hor non gure bezeroak, ogia eta gure gozoak inoiz ez
bezain onak, kurruskariak, samurrak eta aho gozagarriak zirela esaten hasi zitzaizkigun. Nik, jada,
2
lanean denboraren sena galdua izaten nuen: lan egiten nuen, goiz-arrats eta iluntzeetan.
Maitemindua nintzen eta ogia bera oratzea nuen eskuak lanpetuta edukitzeko era. Hobe nuen eskuak
lanpetuta, ogi-masa astindu eta astindu edukitzea patrikak sosez betetzeko, denbora ametsetan edota
batek daki zertan pasa baino!
Hirugarren hilabetea aiseago atera genuen aurrera, nahiz eta arrakasta apar hura luzaroago
gaitz izango zitzaigun. Akitzear geunden eta irtenbide garbirik ez genuen. Ni, ordurako, beste
planeta batean nintzen, zurekin lelotuta, Mikel Garikoitz, nire aingeru zaindaria. Pastel denetan
aingeru zaindari baten irudia jartzeari ekin nion, zurekin horren txoratua nengoen! Eta hala,
laugarren hilabetean “Aingeru Zaindariaren okindegia” bilakatuak ginen herrian. Lau hilabetetan
ospea lortua genuela zirudien. Beste bi langile hartu behar izan genituen, hauek senitartearekin
zerikusirik ez zutenak.
Eta hura bai aldrebeskeria! Langileok hartu eta biharamunean, ilarak desagertu ziren.
Hutsaren hurrengoa bihurtu zitzaigun bezeria. Hau gertatu zen lehen eguna dendako zirrikituak
garbitzeko erabili genuen, bigarrena leihateak eta atea garbitzeko eta hirugarrenean... jendea agertu
zitzaigun berriz! Prozesioan.
Ai, kokolo! Zu bai gizon argia. Gerora jakin nuen gure okindegiaren iragarkia jarri zenuela
twitter, instagram, facebook eta egunkarietan, okindegia bi egunetan itxita izango genuela eta
hirugarrenean ateak zabalduko genituela berriz adieraziz. Eta irekiera horretan dena doan emango
genuela gainera! Albiste mundiala zen! Noski, abenduaren 28a zen eta zuk egun hura profitatu
zenuen gure kontu barre egiteko. Hau bizitzaren bidezidorrak, denek sinistu zuten iragarkietan
irakurritako albistea, dena doan zegoela eta atea bertan behera bota ziguten ia egun horretan!
Guk ezetz eta ezetz, ez zela egun berezia esanagatik, haiek baietz eta baietz, iragarrita ikusi
zutela. Tokioko metroan nola, gu hala ibili ginen jendea denda sarreran eusten eta bultzatzen, ateari
eutsiko bagenion. Azkenean, bezeroak arrazoi eta egun horretako jaki denak doan eman genituen,
gertaerek hala aginduta. Hura bai galera izan genuela. Nik zeletan zeundela ikusi nuen, baina nire
3
ile orrazkera zelatatzen ari zinela esango nuke, nahiz eta senideek gure erorketa noiz izango zen
zain zeundela esan. Ai, ni bezala ezagutuko bazintuzte, gure aingeru zaindaria izan zaitugula, baina
gizon zindo, sendo eta gihartsuan bihurtuta, ez lukete halako babokeriarik esango. Tira!
Zure ezpainetan nireak jarri nahiko nituzkeela sentitu nuenean, “mugurdi koloreko ezpain
gorriak” pastela sortu nuen. “Zoratu al zara?” esan zidaten etxekoek, “baina bai ideia zoro, ederra!”
gaineratu zuten barrez lehertuz berehala. Nik zein estutasunean sortu nuen jakin balekite! Kalea
zeharkatu eta lepo-garondotik helduta, musu gartsu bat emango nizuke itsumustuan! Zer diot! Bat
ez, bat bestearen jarraian dozenaka, konortea galtzeraino. Baina ezin, ogi ekoiztetxean tinko iraun
behar nuen, zetorkigun pizti-goseti andana horri jatena oratu eta saldu behar baikenion! Hura suge-
ilara, hura inurri errenkada genuen, inurriak beraiek baino diziplinatuagoak gainera!
Laburbilduta, zuk gure bezeria bultzatzeagatik, herriko okindegirik entzutetsuena bihurtu
izatetik, eskualdeko ospetsuena izatera heldu ginen eta hauek bai bizitzaren jirabirak, Baionan ireki
ahal izan genuen okindegia eta ondoren Bordelen eta Tolosan. Aingeru Zaindaria da gure ikurra,
ezpain gorriak gure pastelik gogoangarriena eta okindegi xume bat izatetik okindegi katea
osatzeraino heldu gara.
Ospea ospe, zure hutsunea ezin izan dut bete nik. Aurrekoan zure okindegian nintzela
ipurmasaileko ederra eman nizun eta horrekin nire intentzioen berri izango zenuela uste izan nuen.
Baita zera ere! “Kuku-kuku” kantari ari den kuku errukiorra bezala gelditu nintzaizun begira bertan,
zu liluratu nahian, baina esku-huts, -eta hala da, esku bakoitza ipurmasaila banan irudikatua
nuelako, baina ipurdiko bat besterik ez nizulako eman azkenean-. Ez zinen ohartu ere egin.
Mahaiarekin jo ote zenuen galdetu zenion zure buruari. Ni, zapuztuta atera nintzen zure okindegitik,
lotsatuta.
Bart, dena aldatu zen, ezta? Mikel Garikoitz, kottaua. Ilunabarrean txanpon bila etorri zinen,
harroxko eta nik ez genuela bat ere esan nizun, “badakizu, horrela da batzuetan”, baina hau lotsa eta
komeria, bira eman nuenean mantala dirukutxan korapilatu eta eduki osoa bota nuen lurrera.
4
Lurzoruan txanponek atera zuten dilin-dalan kanpai soinu zaparradak mortifikatu egin ninduen.
“Barkatu” esan ahal izan nizun eta negarrez hasi nintzen eta zuk maitekiro, “lasai, ulertzen dut”
esan zenidanean, nola esan, musukoa arnas hartzeko jaitsi zenuen lipar hartan bertan, ezin izan nuen
jasan eta zure mugurdi koloreko ezpain gorrietan itsatsi nituen nireak.
“Poliki-poliki” esanez berezitu ninduzun,”metro t ́erdiko distantzia” gogoratu zenidan
koronabirusaren kartela hatzarekin erakutsiz. “Kafetxo bat elkarrekin hartuz has gintezke?” galdetu
zenidan apalki ondoren eta lurretik behar zenituen txanponak hartuz -eta horren ordez billetea
utzirik- agurtu ninduzun, airean musu bat bidaliz.
Airean jaso nuen musu horrek eraman nau gaur nire burua zure aurrean biluztera, idatziz.
Eskutitz luzea idatzi dizut. Maite zaitut, Mikel Garikoitz, eta susmoa dut zuk ere isilean maitatu
izan nauzula luzaroan. Ez nuke pastel erotikorik egin nahiko nire okindegian, baina une honetan
datozkidan irudiak oso-oso pikanteak dira eta ipurmasail eder parea egingo nuke lehendabizi, gero...
Hobe dut kruasanetara dedikatzea gaur. Leihatetik ikusiko dut noiz irekiko duzun postontzian utzi
dizudan gutun hau eta jakizu, kafetxoa gustura hartuko dudala zurekin baina nigatik, zu esnea eta ni
kafea, gaur bertan bihur gintezkeela. Edo bihar-etzi beranduenera. Mikel Garikoitz aingeru
zaindaria, ni noiz zainduko nauzun zain nauzu..
Mugurdi muxu bat.
Gorettik.
Comentarios
Publicar un comentario