ELISA
Autora: Lierni
Azkargorta Ruiz de Egino
Bere
logelako atea erdi irekia ahaztu dute. Gerria erdizka estaltzen dion izareak,
ehun eta orezko ozeano zuri bat sortu du bere nahasmenean. Atearen
zirrikitutik, hari luze baten eitean, haizea dabil txistuka; sartu- irtenkako
eztabaida horretan, ate ertzaren eztarritik bibrato kizkurrak askatzen dihardu.
Arranpa ikustezinak, kiribilkor, gelaren antrora iritsi eta soilik
sorgin-orratzi batek iragatzi dezakeen etorkizun hurbil horri buruzko
asmakizunetan lehertu dira. Elisak, sukarrak eragiten dion izerdi hotza bekoki
ertzean, haizearen zalantza ikurrak sumatu, eta begiak zabaldu ditu. Zerbait ondo
ez doala ulertu du. Hamar bat egun izango da ez dutela sotoko jantokira jeitsi.
Ez zaio aspaldian inor bisitan etorri; ez du telefono dei bakarrik izan. Bere hiru alaben berririk ere ez. Azken egunetan,
egoitzako errutinaren tanta motelek, ur laster handiak sortu dituztela
dirudi; eta honi, susmo txarra hartzen dio.
Ohe gainak, gerrialdeko azal zimurtua
erretzen dio, baina kontu handiz, bira erdia ematea lortu du. Eztula.
Ondoren, eztula. Eta geroago, eztula. Arnasa zailtasunez datorkio, zementuzko
birikak izango balitu bezala. Ate atzean plastikozko mugimendu artifizial bat
atzeman du; segidan, gorde-gordeka dabiltzen xuxurlak, sintetikoak hauek
ere; azkenik, odol hotzeko izaki bat sartu da, gardentasun gutxiko betaurreko
batzuen atzean, bi errule begi, merke eta hotz dituena.
- Elisa…
Ospitalera joan behar duzu. Anbulantziari deitu diogu; zure alabei baita ere, baina tamalez, ezingo dizute
lagundu; bakarrik joan beharko duzu, oso kutsakorra den gaitz bat
daukazu eta-. Elisaren eztul hotsak
mintzaldia eten dio.
- Ireki
pertsianak, mesedez- eztarriko erreminez, Elisak. –Zerua ikusi nahi nuke. Eta
ez nazazute inora eraman, arren. Utz nazazute hemen. Nire ordua iritsi da. Gaur
bertan hilko naiz…
- Ez,
Elisa, ospitalera joan behar duzu; protokoloak horrela agintzen du– zurrun,
burua ezker-eskuin astinduz.- Eta ez ezazu horrelakorik esan! Hau dena, mundura
zabaldu den zorigaitzezko birusaren kontuagatik da…Badakizu zer ari den
gertatzen, ezta? Entzun; kutsatzeko arriskuagatik, ezingo duzu inolako erropa
edo objektu pertsonalik eraman. Debekatu egin dute. Kamisoi hutsean joango
zara, ados? – ohar egin dio plastikozko izakiak, pertsianari gorantz esku bakarrarekin
eraginez.
- Itxaron!
Armairutik…- Elisak, ohetik, plastikozko
izakiari zinezko begirada errukior bat erauzi dio. Ondoren, bere 102 urteko
hatza goitik-beherako zabukan duela, armairurantz seinale egin dio. - Hor,
bigarren kaxoian…Ekarriko didazu? – Arnasestuka -. Mauka motzeko alkandora bat
ikusiko duzu. Okre gorria. Lur zaharraren kolorekoa.
Elisak
ongi iragarri du; gaur arratsaldean
hilko da. Ospitalera iritsi eta bere ohatila, alde batetik bestera erabiliko
dute, eta bidean egin dituen otoitz eta erreguei esker, dozena bat “Aitagure”,
azkenean, Iruñeako Virgen del Camino-ko 251 gelan kokatuko dute, berak nahi
duen erara, bake-bakean, isil-isilik, leiho ertzeko ohean. Oxigeno zunda
sudurretik zintzilika, eztula apurka ahulduz joango zaio. Ez du izango
ikararik; bigarren aldiz hiltzera doa. Leiho ertzak uzten dion zeru zatiari so
egin nahirik, begiak urrunerat luzatuko ditu. Oso urrun. Beste alderaino. Ihes
betean.
Baina, azken arnasa heldu aurretik, bere esku dardartiek, anbulantziakoak
ohar ez zitezen kamisoi azpitik, bularraldean zanpatuta, ongi ostendurik ekarri duen
alkandora zaharra ateratzeko ahalegina egingo dute. Ohatzeko izareen zuri
antzua belaze izanik, alkandora, Elisaren saihetsalde hezurtsutik gorat, gorputz epel bat
bezala ernetuko da. Jaioberria amaren ugatzetan bezala, emeki eta
soseguz, aurpegirantz zuzendu eta matrailaz laztanduko du. Elisaren esku
dardarak, lehortzen ari den aintziraren urazala bezala, bake leun batek
estaliko ditu, eta mantso apalduko dira. Eta orain, arratsa iluntzen ari da;
logelako leiho ertzetik alde egin du zeruaren mintz oskarbiak. Alkandora hatz
artean estutu eta usain egin dio. Bertan topatu ditu, gogoa eta desira, gorputz
gaztearen beroa eta izerdia; marradun musuzapian bilduriko marrubi gorriak; gramofonoaren
orratz zorrotza, bere baitako bidean, kurubil, urrutiko blues doinuak
nostalgiaz urratuz. Alkandoran topatu ditu, betiereko iraunaren promesa eroak;
zigarro kearen mila forma lorrin; logelako leihoetatik trabeska sartzen diren
urrezko harizpi isladak, lau horma zuriak han-hemenkako goritasun
zirriborroetan desegiten dituztenak. Topatu ditu, leiho eta ateetako lihozko
errezela zuriak, itsasontzi belak bezala, haizearen alde, arrazoia galdu eta
mundura zabaldurik, amets batek duen duintasunez, sartu eta irten. Eta
alkandoran topatu du, uztaila; sorbalda; azala; epiteliopea; ameskeria; tinta
eta eztenez trazaturiko tatuaia; haurtzaroa, herria; lur okre gorria; urrun
handia; Wild Colorado.
Elisak
ongi iragarri du. Elisa, gaur arratsaldean hil da. Elisa, bigarren aldiz hil
da. Eta ihes egin du. Arratsaldeak 19:26 minutu eta Elisak, 102 urte luzetako gorputz izur, hotz
eta zurrun bat ahaztu du, ospitaleko gela bakandu bateko leihoaldeko ohe arrunt
batetan. Hatzartean maitekor sostengatzen zuen okre gorri koloreko alkandora
berarekin eraman du. Eta Elisa, gaur, 2020ko martxoak 22, inork jakin ez arren,
Coloradoko zeru urdinetara hegaldatu da.
ORRATZAK
Leiho
alboan eseri da. Josteko Singer makinaren harrabotsa mira du; urteak daramatza
bainikaz eginiko tapiz batez estalita, egongelako mahai txikiaren gainean.
Berak, apetazko begirada bat eskeini dio, eta makinak, zirika eta kilima,
gonbidapen tentakulu bat itzuli dio. Baina, ez. Hain denbora luzean ikutu ere
egin gabe, haria errotzen ere ez luke asmatuko. Gaur, eskuz josiko du, ia gutxienez
Josuneren soinekoari botoia jartzeko gai den. Auto hotsa aditu eta leihotik so
egin du. Josune da. Itzuli da supermerkatutik. Erosketa poltsak atera ditu
autoko maletategitik. Hotsak. Autoko atearena, lehenik; eskaileretan oinkadena,
ondoren; eta zerrailan giltzarenak, azkenik:
- Amaaa!?
Erosketak sukaldean utziko dizkizut, ados?- segundura egongela aldera egin du.
Elisak, betaurrekoen gainkaldeko zirrikitutik, behetik gorako norantzan
begiratu dio. – Zertan ari zara, ama!? Ezin geldi egon! Gainera…- usain egin
du, indarrez, sudurra zimurtuz.- Zigarro usaina igartzen da! Berriz, ama!? Ez
zenuen ba ezkutuan erreko, eh!?
- Soilik,
zure soinekoaren botoia josi nahi nuen-. Tarte bat utzi eta ozentasunez
jarraitu du. - Eta ez… Ez dut erre.
- Ai,
benetan! Alferrik da zurekin, ama. Esan dizut lehen ere, nik josiko diodala
gauean, eta lasai egoteko. – Ostera ere sukaldera aldendu eta bertatik jardun
du, ahotsa goratuz- Ah! Ahaztu aurretik, ama! Oroitzen duzu, Margari? Zurekin josten
aritzen zena udaletxe ondoko lokalean?
- Nola ez
dut ba oroituko! – Elisak betaurrekoak esku bakarrarekin kendu, eta beste
eskuaren hatz zimurrekin, armiarma baten hanka jolas aztoratua bailitz,
Josuneren soinekoa urduritasunez izurtu du. Mugimendu erdirik gabe, segundura
iritsiko zaion berriari artegaz itxaron dio. – Zer gertatu zaio Margariri? Hil
egin al da?
- Ez, ama! Lasai! Zu bezela dago hura ere,
etxetik ateratzeko gauza ez dala –. Erantzun horrek, belarriko mina eragin dio
Elisari, bera oraindik ere, oso airosa
sentitzen baita, etxetik atera, erosketak, edo parean suertatzen zaion
edozer egiteko. –Bere alabarekin topo egin dut supermerkatuan, eta Margarik
agindu omen dio, alegia, falta gabe abisatu behar zitzaizula… Zera,
“Amerikanoa” hil dela, edo… Ez pentsa; ez dit xehetasun askorik eman, jendarte
izugarria baitzegoen. Baina, ulertu diot, minbiziak eraman duela. Aspaldidanik,
Coloradon omen zegoen. Herriaren izena ere esan dit, baina oraintxe bertan, ez
dut oroitzen: Lun…- Amak, denbora larregi mutu daramala eta, ostera ere,
egongelara gerturatu da, susmoak argitzera.
- Ama?! –Burrunba, argia baina lehenago jaurtikitzen dakien tximista
atipiko bat bezala, txistu bizian ate
ertzera iritsi eta, amak besaulkian jarraitzen duela ikusi duenean,
bertan etzan du sorbalda; irri-erdi egin eta jakin minez zuzendu zaio. –Zein
duzu ba “Amerikano” hori, ama?
Josi
beharreko botoiak magaletik irrist egin dio; desbideraturiko gurpil baten
erara, errodatze luze baten ostean, lur hartu du.
- Longmont – begiak pareko horma antzuan tenkaturik
dituela. Hatzartean sostengatzen duenak, ez; alabak eman berri dion
albistearekin bat azaldu diren beste mila
orratz izan dira, errukigabe,
bihotzeraino ziztatu diotenak. Arnasa eten eta barrua lehertu zaio;
odola gelditu. Malko lodi bat, bere jauzian, min haundiz, beherakor. – Longmont da…Herriaren izena.
ESKUA
Longmont-etik
20 bat kilometrotara aurkitzen zen auto-zinean ikusi omen zuen berak. “Ikusgarria”.
“Ezetz”, zioen; “ez tematu, Elisa. Ez dizut King Kong-i zer gertatzen zaion
kontatuko, akaso, egunen batean, elkarrekin ikusiko dugu eta.”. Arratsalde
hartan, palanka posizio, aldaketa puntu edo olio ponpari buruzko lezio
erretolika artean, Lucasek, King Kong filmearen eszena eta pasarteak kontatu
zizkion Elisari auto barnean zirela. Geroztik, barnehutsak eraginik, urte luze
haietako egunik gogorrenen gau zoritsuenetan, amets otzan bera izaten zuen
Elisak; filmean bezala, zuri-beltzean. Eta ametseko Elisa, zahartuz joan zen;
ametseko Lucasek, gazte iraun zuen: “Oihan hostotsu bat; eta erdian, egundoko
gizaki-esku erraldoi bat; goruntz begira, lastaira bigun baten formara.
Esku-ahurraren larru epela ohatze bezala zuela, Elisa; lo samurrean, amets
barneko ametsean. Elisa, mundu erraldoi honetan hain nimiño, sehaska moduan
gorputza jasotzen zion esku handian etzanik,
gutxika, esnatuz joaten zen. Aharrausi egin, eta begiak argitzen
zitzaizkionean, hura ezuste eztia; ez zen King Kong bere loa zaindu zuena;
Lucas zen, eta bere begirada erraldoia. Artean,
zutik jarri eta, esku gailurretik jausteko ikaraz, hatzak hertsiki
besarkatzen zizkion Elisak. Irri egiten zion Lucas handiak. Esku-ahur garaitik,
irria itzultzen zion Elisa txikiak.
-Inoiz
idatzi ez nituen eskutitzak bidali nizkizun- zioen Lucas erraldoiak, orduan.
-Eta nik,
inoiz jaso ez nituen eskutitzak irakurri”-. Eta esnatu egiten zen. Ametsean
bezala, baina…Ohe arruntean.
OKRE
GORRIA
Gaur
arratsaldean, beti bezala, udaletxe ondoko lokalera joan da Elisa. Argia piztu,
eta atzo utzi zuen erara topatu du bere josteko makina, kolore guztietako oihal
eta patroien artean gailurra egiten. Begiak gazituak, erreak eta minberak ditu,
lorik egin gabe iragan duen laugarren gaua baita. Bart gauean ere, senarraren
presentzia bere bizkar, ahal zen tarterik luzeena utzi nahi eta, ohe ertzaren
ebakian mantendu da; zentimetro bat gibelerago duen amildegiaren hegalean,
oreka doiean. Kanpoko gau-kilkerrentzat ez da ezer aldatu, ordea; hatsik galdu
gabeko kantuetan hisiatuta iragan dute gaua, Elisaren isilkako negar eta
zotinen aurrean, errespetuzko apaltasun amiñik azaldu gabe.
Badira lau
egun ez duela Lucas ikusi. Deus ez daki berari buruz. Badira lau egun. Badira
lau egun, elkarren alboan biluzik lokartu, eta supituki, sabaiak jada ilundu
zuenean esnatu zireneko azken arrats hartatik. Badira lau egun. Gauaren
jarioan, kanpai hotsez iratzarri zen Elisa. Lucasi, urduritasunez bularra
eragin eta esnatu egin zuen. Anabasa eta ajez, tximistaren abiadura bera izan
zen jantzi zituena, arrats hartan bertan argitasunari lotsa galduta izan zuten sexu eztanda erdian lurrera irauli zituzten jantziekin.
Arrapaladan, atarira irten eta eskolako autoa hartu zuten. Tarteka, ikarazko
begiradak gurutzatu arren, etenezina zen errepideko isiltasun urduria. “Nireak
egin du, Lucas. Zer esan behar diot nik orain? Gezurra?”. Lokartu izanaren
deskuidu hark, urkatzera behartuta dagoen sokaren formarekin, bien lepo
eztarriak hesitzeko asmoz egin zien agerrera; begien aurrean, zama astunez eta
zintzilik. Lucasek, Elisaren etxe aurreko azken bihurgunean gelditu zuen
autoaren motorra. Besarkada azkar bat eman zioten elkarri, eta Elisa irtetera
zioala, Lucasek ezustean, matrailetik heldu eta, musu leun bat eman zion,
azkena izango zela jakingo balu bezala. Abiadan irten zen Elisa, autoa atzean
utzi eta kopetilun somatzen zuen etxerantz. Gau zomorroen hegaldi kaotikoak
tartean sartzen baziren ere, autoaren bi fokuek, soslaitik argiztatu zuten
Elisaren silueta. Lucasek barnean iraun zuen, Elisaren irudia bihurgunearen
kantoi atzean ezkutatu zen arte. Sukaldeko argia piztuta zegoela erreparatuz
egin zuen etxerarteko ibilaldia. Bazekien bertan itxaroten ziola senarrak,
sekula baina hagin zorrotzagoekin gainera. Ate parera iritsi zenean, zintzurra
enbutu baten antzera itxi zitzaion. Hamar egun lehenago, konfesatzera joan eta
On Joxe Bernardo abadeak, haserrez ahotsa sendotu, eta itolarrian aireraturiko hitzak etorri zitzaizkion gogora:
- Ave
maría purísima. Jauna, “ahalguztiduna”;
bekatu larri bat egin dut- eskuekin
“Aitaren” egiten zuen bitartean.
-
Jaungoikoa zure pekatuen entzule. Egon bedi bera zure bihotzean, zure bekatuez
humilki damu izan zaitezen. Zein da egin duzun bekatu larri hori? Damu diren
bekatarientzat da barkamena gure Jaunaren erreinuan- erantzun zion abadeak.
-Nire
senarra ez den gizon bat maite dudala uste dut. Azken aldian ez dut beste
pentsamenturik…
-Zure
bekatuaren sakonak aitortu behar dituzu, errukia topa dezazun Jaunaren
begietan: pentsamentuetan soilik al duzu, zure senarra ez den gizon hori, ala
deabruak haragikeriaren tentaldiaz zikindu du, Kristo gure Jaunak argitzen duen
arima garbia? Gogoratu, bekatari hori, gure Jaungoikoaren barkamena lortu nahi
baduzu, egi osoari ireki behar diozula atea...
-Damu
naiz, baina…Saiatu arren, ezin izan diot deabruaren tentaldiari eutsi.
“Bekatu kapitala, likiskeria, adulterioa,
lizunkeria; ahulduriko arima, deabru gosea;
gorputzaren tentaldia, Jaunaren errukia eta sugarretan galduriko
bekataria. Amen!” Hondamen hitz guzti haiek,
aizto eitean gurutzatu ziren Elisaren garun barrenetik. Buruhezur
barnean, garuna ordez, nahasmenezko sasi korapilatu bat zuela zirudien, era
guztietako desio, erru eta zalantzak sostengatzen zituena. Eta gau hartan,
etxeko ate aurrean, herioari, oin usaina atzeman ahal izan zitzaion. Senarrari
eman beharreko azalpenen aurrean, On Joxe Bernardo abadearen hitz jarioa, suge
gorri bat bezala ernetu zitzaion garunean, eta
erruaren pozoina odolean ernamuindu.
-
Gezurretan ari zara, Elisa! Gezurrik ez! Guztia dakit! Badakit! – Bertan zen
bere ama zaharra; betiko txokoan, guztiaren zelatan. Elisak burumakur iraun
zuen. Lotsatuta. Humiliatuta. Haserretuta. Elbarrituta. Anputatuta.- Amaitu
dira zure gidatze klaseak! Entzun!? – jarraitu zuen Gregoriok ama zaharrari
zeharka begiratuz, halako onespen moduko agerrera baten bila.- Ez zara gehiago joango! Eta ken zaitez
paretik, txiki-txiki egingo zaitut bestela eta! Nazka ematen didazu! Nazka!
- Esaten
nizun nik, Gregorio; aspaldidanik esaten nizun, emazteari askatasun gehiegi
uzten zeniola! Gidatze klaseetara! Emakume bat! Non ikusi da halakorik! – esan
zion amak semeari, Elisa sukaldetik irtetear zenean, sua bizitze aldera.
Gau
hartan, ohean sartu eta argia
itzaltzerakoan, senarrari, ezpainartetik ahots baxuz, baina mespretxuzko kerru
bat bezala, bere kontzientziaren haginkaden pareko mina eragin zion “emagaldu
zikina” irainak ihes egin zion. Eta Elisak, entzun egin zuen. Eta gau-kilkerrek
ere, entzun egin zuten.
Badira lau
egun. Badira lau egun. Eta mahuma beltz bakar baten haritik, lau egun arruntek
eduki ahal duten hainbat ordu luze iragan dira; eta ezin atzera egin. Oraindik
haurra zen eta aitak hala esan zion behin, errekan amurrainetan ari zirela,
amuaren puntako bi sorbatzak hatzez eutsi eta euren zorroztasuna tentuz
erakutsiz: “Elisa, arrainak amua irensten badu, akabo. Ez aurrera, ez atzera;
ezinezkoa askatzea”. Pauso hotsak igarri ditu; Margari da. Elisak josteari ekin
dio, burubelarri, begirada ezertarako jaso gabe. Unean, Margari hurbildu eta
okre gorri koloreko alkandora bat utzi du zabarki Elisaren mahaian:
- Horra,
“Amerikanoarena”. Pare bat zentrimetro moztu behar zaizkio mauka bakoitzetik.
- Noiz
eman dizu? – itaundu dio arduraz Elisak, eserlekutik begirada altxaz.
- Oraintxe
bertan; udaletxearen ate aurrean zegoen. Jipoi ederra jaso du, antza. Aurpegia
ubelduraz lehertua zuen.
Elisak,
josteko makina utzi eta, saminez, eskuak ahoaren estaltzera eraman ditu. Begiak
lanbrotu zaizkio. Aulkia atzealdera arrastatu eta presaz leihora hurbildu da.
Dagoeneko urrun izanagatik, leihoa ireki eta ozen deitu dio: Lucaaaas!!
Lucasek,
herriko plazaren bestaldetik, bira hartu eta, mezu sekretu bat azaldu nahiean bezela, imintzioka, eskua
alkandoraren bularraldeko poltsikoa arakatzera seinale egin dio.
Ondoren, besoaz agur bat luzatu eta, ostera bere bideari ekin dio. Urrutitik
atzeman ahal zaizkio aurpegiko zauri eta ubelak. Elisak, urduritasunez
alkandora arakatu, eta Lucasen keinuak adierazi bezala, bularraldeko
poltsikoaren sakonean, paper zati txiki batean, eskuz idatziriko nota bat
topatu du: “Elisa: ezer ez da kasualitatea. Longmontera itzuli beharrean naiz.
Etor zaitez nirekin. Bihar, iluntzeko zortzirak aldera, ibilbide luzeko tren
bat geldituko da Tolosako apeadero zaharrean. Itxaron egingo zaitut. Hemen ez
bada, han. Wild Colorado”.
Margarik,
artean, betaurrekoak jarri eta makinaz josten dihardu. Esku artean darabilkien
zetazko oihal zatitik begirada goratu gabe, marmarrean, aireari arituko
balitzaio bezala: “Baina, zertan zabiltza, Elisa…Zertan…”
XY
- ¿Tú no
decías que estabas aburrido?- galde egin du X-ek, aurreko leihatilara keinu
eginez.
Elisari,
Tolosara iristeko gutxi falta zaio. Oker ez badago, larrez-larre, trenbidearen
gibeletik doan xendra honetatik, zuzen-zuzenean iritsiko da. “Guardia Civil”
jartzen duen auto orlegi nabar bat bistaratu du parez-pare, eta halako ezinegon
bat sortu zaio barrenean. Bizikletatik jeitsi, eskuartean hartu, eta oinez egin
ditu metro batzuk, bizikletaren heldulekua aldakaren parean daramala. Autoaren
motorra itzali dute. Trikorniodun bi gizaseme jeitsi eta oilarkeriaz hurbildu zaizkio Elisari.
- Buenas
tardes, señorita- esan dio X-ek. – ¿A dónde se dirige por estos caminos tan
recónditos? – Elisaren ezker eskuko hatzaren ezkon eraztunaz jabetu eta
jarraitu du- ¿Ya le deja su marido andar por estos caminos?
- Solo
estaba dando un paseo... –begirada apenas altxaz. Kontrola ezina den dardara
hasi zaio barailan.
-¿Solo
dando un paseo? ¿Con una maleta de viaje en la bicicleta? – mesfi dati adierazi
du Y-k, eskuak arma zintzilika duen gerrikorantz hurbildu, bularra puztu, eta
buruarekin kolpe bakarrez bizikleta aldera eginez.
– A ver,
déjeme su documentación – eskatu dio X-ek. Elisak sorbaldetatik gurutzatuta
duen oihalezko poltsan agiria topatzen duen bitartean, X-ek eta Y-k, ezbairik
gabeko farfaila begirada bat gurutzatu dute. Elisak agiria X-i luzatu dionean –
Vamos a ver… parece que todo está en orden. – Denbora apur bat isilean gorde du
apropos, oraindik ere Elisaren agiriari xehetasunez begira arituko balitz
bezala. Une labur horretan, Y-k trikornioa kendu eta autoaren leihatillatik
besoa barneratuz, eserleku gainean kokatu du. –Toma- esan du X-k, instantean
Elisaren agiria Y-ren eskuetara luzatuz. -Rapidito, ¿eh? Yo te espero en el
autocar. – Zigarro bat piztuz urrundu
egin da.
Y-k,
oldarka, Elisa eskumuturretatik heldu, eta lurrera jaurtiki du; bortizki gona
altxatu, eta indarrez azpian hartu du. Mina ematen dio eskumuturretan; mugitu
ere ezin daitekela, adatsa ankerkeriaz oratu eta aurpegian kolpatu du, behin
baina gehiagotan. Galtzak jeisten diharduen artean, Elisak hatzamarka egin dio betondoan
eta ahal duen kemen handienaz kolpatu, behin eta berriz. Eta berriz. Eta
berriz. Halako batean, ezkerreko lokia tinko eta mehatxatzaile estutuz, arma
baten eztarria izan litekeenaren metalaren hotz zurruna sentitu du. “Ahora,
señorita, si no quiere acabar muerta en la cuneta de este puto sendero, va a
tener que estar quietecita”. Elisak begiak irekiak baditu ere, zentzu guztiak
galdu ditu. Baita gainazala ere. Kristalezkoa bihurtu da, zurruna bezain
hauskorra, eta islatzaile. Lokatza eta putzua, bizkarrean; ortze zabala,
aurrean; geruzartean da. Laino zuriak otzan eta mamitsu nabigatuz doaz, hegada
baxuan; kantoi batetik bestera, ihes geldian, haizearen norantza narean. Eta
gutxika, ortzeari kolorea desagertzen joan zaio; urdin kolorea ahulduz doa,
guztiz desagertu arte. Une honetatik aurrera, Elisak zuri-beltzean ikusiko du.
X-ek autoaren motorra martxa jarri du. Y galtzetako botoia lotuz sartu da.
– Rapidito
me has ordenado y rapidito he terminado. –Eta harrokeriazko farre mozkorrez aldendu
dira, autoaren burrunba oiartzun luze bat atzetik dutela. Elisak autoa urrun
somatu duenean, altxatzeko ahalegin ahul bat egin du. Lokatza du gorputz
guztian. Zutik jarri denean, izterrak dardarka hasi zaizkio. Mina du
gorputzean, mina erraietan, mina ariman. Sabela kolpeka hasi zaio. Hesteak
hertsatu, burmuina irauli, eta goragalea etorri zaio. Makurtu eta bazterrera
oka egin du. Lurrera arbuiaz jaurtikitako agiriaz oroitu da; putzu baten aldemenean aurkitu eta eskua pasa
dio lokatza kendu nahian. Ez daki zer egin. Ez daki ezer. Ez daki. Aurre-atze,
nora jo, azkenean, etxerako bidea hartzea erabaki du. Bizikletari eragiteko,
gainean jartzen saiatu da, baina ezin du; ipurtaldeak min ematen dio. Oinez
abiatu da. Une batez, tren baten txistu hotsa entzun ahal izan da. Trenbidearen
errailak, apurtzen ari diren bizkar hezurrak bezala, dardaratu egin dira.
Aurrean zuen guzti hura orain atzean gelditu da. Errail eta larre arteko lokatz
bidean, Elisak, bizkarrez laga dio iragaten trenari. Arnas bat izan da. Lucas
trenaren leiho ondoan imaginatu du; ilea heze, gelarekin atzerantz orraztua
duela; ile sorta mehe eta erreboltaria, bekokian. Lucasek, arratsaldeko zazpi
eta erdietarako apeaderora iritsi eta, zigarro bat erretzen itxaron dio
lehenik. Egonezinean, alde batetik bestera, bide motzean ibili da ondoren.
Trena martxan jarri den instantean, bagoiaren ate ertzean jardun du, itxaropenik
galdu gabe, begiak han-hemenka barreiatuz, txokoren batetik Elisa agertuko
zain, azkenik. Baina Elisa ez da azaldu. Trena martxan jarri denean, ortzera
begiratu eta harriduraz, bakarren batek urdin kolorea ostu diola ohartu da.
Zuri-beltzeko mundu honetan, Elisak eta Lucasek ez dute gehiago elkar ikusiko.
Izan direnak izan dira, eta ez dira inoiz gehiago izango.
Trena
iragan da. Elisak zutik darrai. Tanta heze bat nabaritu du, sudurretik behera
emeki jausten, eta ezpainen zirrikituetaraino barreiatu da; eskumuturra pasa
eta gorria izan zitekeenaren izenean, odol grisak orbandu du bere eskugaina.
Gaur, 1956ko Uztailaren 26a, Elisa, lehen aldiz hil da.
LOREONTZIAK
- Elisa!
–deitu dio Gregoriok etxe ataritik.- Elisa! Arin! – Elisak sukalde lanak utzi
eta aurrez, leihotik begiratu du, entzuten dituen istilu eta algaren zergatiaren jakinminari
eutsi ezinik.
- Ikusi
zer irabazi din “Beteluko Begibakarrak” idi apostuan! –esan du Martzelinok,
udaletxeko idazkariak, aldemenean erakusgai auto beltz dotore bat duela.- Bai
Jauna! Artista haiz gero! Ongi atera zaik oraingoan!- Darrai lausenguka
albotik.
- Norena
duk auto hori? –galde egin du Elisak, aurrean duen estanpa hau sinetsi ezinik.
- Orain,
gurea! Idi apustuan irabazi zionat alkateari – erantzun dio Gregoriok,
irribarre zabalez. – Hik ikasiko dun gidatzen, Elisa. Badakin nik begi
bakarrarekin ezin dinatela eta.
- Egunen
batean baserria galduko duk, Gregorio, eta orduan komeriak. – Trapua eskuartean
darabil Elisak; urduriz eta begitarte ilunez, autorantz ikusmira labur bat egin
eta, brometarako batere gogorik gabe, ostera sukaldera itzuli da.
Gidatzen
ikasteko berebiziko gogorik ez badu ere, batez ere, etxeko bakearen alde,
bazkaldu ondoren bizikleta hartu, eta Beteluko plazara jeitsi da; bertan izango
omen du zain irakaslea. Herrian, idiak ugariago dira autoak baino; argi dago,
beraz, plazaren erdian dagoen gris hura behar dela izan, Tolosan ireki berria
duten autoeskolakoa; eta eguzki galdatan, hanka bat gurpil gainean finkaturik
duela, autoaren kapotan erdi etzandako posizio hartan dagoen “txulito”
tankerako hura, berriz, irakaslea. Bizkarraldetik hurbildu eta bizikleta
gainetik trebeziaz jauzi erdi bat egin du Elisak isilean, irakaslearen
eguzkipeko musker atsedena ustekabeki ebakiz.
- Fucking
hell! Sekulako sustoa eman didazu! – esan du errebote moduan jauzi txiki bat
eginez. Elisari irri lotsati batek ihes egin dio. –Baina, ez dut ulertzen…Zu
zara autoa gidatzen ikastera zatozena, ala?!
– galdegin du harriturik.
-Ba, bai! Ni naiz. Zergatik, ba?! Zailegia al da
niretzat?!- Elisak haserre.
- Ez, ez,…
Normalean izaten ditudan ikasleak gizonezkoak dira, eta… Ba, horixe; ez nuela espero…Barkaidazu.
- Eta
azentu arraro hori? – itaun du Elisak urak baretu nahiean. Lotsa saldu
zutenean, halaber, jaio gabe behar zuen kanpotar honi darion itxuragatik izango
da akaso, baina Elisari, halako erakarpen zirrara moduko bat sortu dio. Mauka
motzeko alkandorak, agidanez apropos, botoi guztiak solte daramatza, barruko
tiratako kamiseta zuria erabat ageritara lagaz.
Gelarekin
atzerantz orrazturiko ile hezeak, une batera eitegabeko ile sorta fin bat
galduko du eta iheskor irauliko zaio bekokira.
- Erdi amerikarra
naiz.- Elisaren arreta atzeman eta jarraitu du.- Nire aita euskalduna da eta
ama Estatu Batuarra. Aita artzain joan zen, Coloradora, eta bertan ezagutu
ziren. Lucas izena dut. Lucas Eguren Evans –. Eta eskua luzatu dio.
- Nik,
Elisa. Elisa Larralde Igartua – irriño bat ezpain ertzean. Eskuek, une luze
batez, otzan oraturik jarraitu dute, Elisak, bular artean esnatu zaion kilikaz
ohartu, ahalketu eta, badaezpada eskua askatzea erabaki duen arte.
Une
hartatik aurrera izan zen. Gidatze klaseetako minutuak, apurka, laburtzen joan
ziren; Lucasen logelan iragaten zituzten orduak, luzatzen. Lucasen etxera iritsi eta logelako ate eta leiho
guztiak zabal-zabalik uzten zituzten, freskura apur baten bila; haizeak,
aho-zulo haietatik barren, liho zurizko errezelak, ababor ala istribor,
haizearen lau forma nahasietara astintzen zituen. Mendebal eguzkiak bete-betean
kolpekatzen zuen atari txiki bat zuen Lucasek. Tartean, izua galdurik zuen
sugandilla gogaikarriren bat ere sartzen zitzaien logelara; muturluze eta begizabalik,
izkinetan petrifikaturik gelditzen ziren, eszenatokiaren zelatan edo, zer
entzungo, zer topatuko. Berak, orduan, ingelesez arneguka, oinpuntaz, airean
gora astintzen zituen, uxatu eta ostera ere etorri ziren bidetik buztankadaka
kanporatu zitezen. Arrats hartan, alkandora kendu eta maukarik gabeko kamiseta
txuria soinean, atarian jardun zuen, akorde solte batzuk txistukatu, eta horma
bazterreko loreontzi gorrietan jaiotzen ikasi behar izan zuten marrubi heldu
batzuk jasotzen. Elisa, leihoaren gibelean eskegita ziren argazki zaharrei so
zela:
- Hori,
nire aita Estatuarteko Zesta Puntako txapelketan garaile suertatu zenekoa.
Gutxienez metro eta erdi izango du kopa horrek! Ia-ia nire amaren garaiera!
- Onak
daude marrubi hauek- Lucasek, eskugaina erretilu ahur baten forman luzatzen
zuen, jaso berriak zituen marrubiak marradun musuzapi batez samurki bilduz.
- Estatu
Batuetan, guztia haundia da, Elisa; aitak argazkian, eskuartean mantentzen duen
garaikurra bezalakoa. Guztia handia… – begiradaz argazkirantz eginez. Marrubi
bana hartu, ahora eraman eta Elisak jarraitu zuen, begiz-begi:
-
Askatasuna ere bai?- Galdera honekin, Lucas bere ezustean atzitu zuen. Etenaldi bat. Begi-niniak, bataz
beste.
- Bai,
askatasuna ere bai. Beti ere, buruak behar duena egin ordez, bihotzak nahi
duena eginez gero, Elisa. – Hatzez, aurpegi ertzetik, autoan etxerako bidean
zirela, leihatilatik sartu zen haize zarramarrak desegin zion ilea, leunki
erretiratu zion. Elkar musukatuz. Kateaturik. Gorputz eta biluzi. Azal eta arnas.
1956ko uztail hark, bere arrats guztietan, maindire artean bildu eta galdu
zituen. Eta konturatu gabe, amets haundiak, flasko txikietan trinkotuz,
atzerako kontaketa laburra izango zuen pasiozko lehergailu bat muntatu zuten
bien artean. Eta larrutan egin ostean, zigarro bana erretzen zuten. Eta Hank
Williamsen binilo hura aske sentitzen zen gramofonoan, kurubilka. Eta
arratsaren apaltzean, ohatzean biluzik zirelarik, proiektatzen ari ziren filme
bat izango balitz bezala, logelako horma zurien urrekara kontenplatzen zuten.
Lucasen Coloradokoak, Elisaren Betelukoen truke. Hura zen tratua. Eta hura izan
zen azken arrats hartan egin zutena.
“Ama, 18ko
Gripe Espainiarrarekin hil zitzaidan. Urte hartako otsailean, herriko plazan
ospatu zuten azokan kutsatu omen zen; aitak hala dio, bederen. Ama nitaz
haurdun zegoen, ia-ia erditzeko. Handik hamar bat egunera, igande elurtu
batean, agonian sartu omen zen.
Iluntzean perrexil ura eman zioten edateko, lehenbailehen erditze uzkurdurekin
hasi zedin; haurra atera nahi zioten lehenik, ondoren, hiltzen laguntzeko.
Herioak inguruan behar zuen, azken indarra egin eta, bere izter arteetatik
erauzi nindutenean. Abadea iritsi zen, presaka, arnasestuka, hil aurreko
oliadura ematera; eta orduantxe izan omen zen, bere azken ahaleginean,
hitz-erdika, nire izenak “Elisa” izan behar zuela esan zuenekoa. Unerik
laburrenean ere, ez ninduten amaren besoen epelean ezarri; batzuetan, oraindik
ere, gau hartako hotza sentitzen dut azalpean. Kotoizko zapi txuri batez
aho-sudurrak estali eta, alboko baserrian, jada egun batzuk aurretik erditu
zuen emakumearen bularretara eraman ninduten, zetozen hilabeteetan, kozkortu
arte, hark elikatu ziezadan. Ama, erditzetik ordu gutxitara zendu omen zen;
oraindik ere logelako zoruan ziren karen hondar eta odol jarioak, kare hautsez
estalirik zirela.” Lucasek, zur eta lur, etenik egin gabe utzi zion Elisari
hizketan; soka haren amaierara iritsi nahi zuen.
“Gerra
Zibila amaitutzat jo zutenean, aitak, ez zuela ezer askorik niri eskaintzeko,
eta etorkizunik oparoena desiatuz, herriko familia oneko gizon batekin ezkondu
arazi ninduen. Eta hain zuzen ere, jaioberritan bularra eman zidan emakume
hura, eta erditu berria zuen haurra, egun, amaginarreba eta senartzat
ditut…Senarrak, nik edoskitako titi berdinetatik edoski zuela, alegia. Odol berekoak
ez, baina esne berekoak gara. Oraindik oroitzen dut, ezkontza eguneko goiz
hartan, nire negarra kontsolatu asmoz, nola esaten zidan ahizpak: “senarra
maitatzen, ikasi egiten da; loreek loreontzietan hazten ikasi duten bezala.
Denborarekin ohitu egingo zara, Elisa, beste guztiok egin dugun bezala.”
Azken
arratsa izan zen. Oheak biluzian bildu zituen; elkar gurutzaturik, elkar
arnasean. Elisak, besoarekin Lukasen bulargaina zeharkatu eta, ezker sorbaldan
zuen tatuaia hatzez igurtzi zion. Leun, astiro, hizkiz-hizki. Wild Colorado.
“Ingelesez erakutsiko didazu?” galdetu zion. “Noski; eta, zaldi gainean
ibiltzen ere bai” erantzun zion Lucasek sabaiari begira, irri labur batez.
Gramofonoa. Orratza. “Lovesick Blues”. Lur urruneko amets haiek, hain handi,
iragan korapilorik mingarriena askatzeko adinakoak ote ziren. Urrun handi hura
gogoan, Elisari, begiak, eztiki itxi zitzaizkion.
Lokartu
egin zen. Lokartu egin ziren. Orratza, Hank Williamsen biniloaren B aldean,
erdia jota. Lihozko errezela zuriak sartu-irtenka. Loreontzi gorriak atarian.
Eta logelara sartuta, ohearen alboko izkinean, izurik gabeko sugandilla bat;
muturluze, mesanotxe gainean zen marradun musuzapitik jausiriko bi marrubi
hondarren usainean.
Izan
zirenak, izan ziren.
Comentarios
Publicar un comentario