Pendiente incluir
TXIMELETA BAT NAIZ
Autora: Kristina Berasain Tristan
Amaren amari eta aitaren amari
“Istorioak idazten badakit, soilik da nire historia propioa bilatzen ari naizelako.
Idaztea bilaketa bat da”.
Ana María Matute
Elkarrekin pasa dugu zure azken gaua. Eskutik helduta. Itzaltzen joan zara, sotiltasunez, emeki-emeki, eta gaueko iluntasunean barneratzen joan zara, egunsentiko argiaren kontrakarrean. Bitartean heldu eskutik. Kirmen Uriberen poema eder hori izan dut pentsamenduan, behin eta berriz, uxatu ezin duzun melodia iradokitzaile eta etengabe baten gisan. Ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinuak, besterik ez. Azken batean beti ari gara maitasunaren arrastoan. Arnasa hartzeko zailtasunak izan dituzu hasieran, animali izutu bat izango bazina bezala, baina gauak aurrera egin ahala baretu zara, lohasman geratu arte, lasai, muga urrun eta ezezagun bat zeharkatuta. Hizketan aritu natzaizu. Tarteka hitzen bidez eta tarteka pentsamenduen bidez. Lasai joateko esan dizut. Zain zenituela maite izan zaituztenak eta euren abaro goxoan egongo zinela, benetan horrela ote den jakin gabe, baina horrelako zerbait izango dela sinestu nahian edo.
Hezurretan daukazu eskua. Gero eta zurbilago. Gero eta hotzago. Niretzako zer izan zaren esan dizut, zenbat maite zaitudan, eta zurekin bizitako uneak izan ditut gogoan, baita zure bizitzako pasarteak entzun ere, zure ahotsarekin. Kontalari aparta izan zara. Zenbatetan entzun ditut, adi-adi, zure kontakizunak, ipuin bat irakurtzen ariko bazina bezala. Kobazulo batean jaio zinela, etxe baten modukoa zela, haitzetan zizelkatuta, kare zuriz margotuta, eta atarian, gauetan, zeruko izar guztiak ikusten zenituela, beste inon ez bezala ikusten zirela han artizarra eta Esne Bidea. Lantzean behin eskolako kontuak ere aipatzen zenituen, han ikasitako poemak eta kondairak, sekula ahaztu ez zenituenak. Kartilla bat zenuten, eta tartean euskarazko hitzak ere bazeuden: mantala, burua, sagarra…, baina nahi baino lehenago aterarazi zizula amak eskolatik, iturrira ur bila joateko hasieran, pitxarrari helduta, eta neba zaharrenari bazkaria eramateko ondoren, saski bat eskuan, ibaiertzeko fabrikaraino. Bost kilometro joateko, eta beste bost bueltatzeko, zortzi urte besterik ez zenituen arren. Gerra kontuak ere aipatzen zenituen, baina garai batean baino urriagotan, gero eta handiagoa baitzen oroitzapen horiek eragiten zizuten atsekabea. Neba bat errepublikanoekin eta bestea nazionalekin, eta ez zirela tiro egitera ausartzen frontearen beste aldean anaia zutelako. Julio 18 urte zituela zauritu zuten, balaz, eta handik gutxira hil zen. Ez zen heriotzen inbentarioan aurrenekoa. Umetan galdu zenuen aita. Lodosako alargun ugarietako bat zenuen ama. Pilar birramona.
Eskutik helduta zaitudan bitartean ari natzaizu aurretik zuk niri kontatutako bizipenak eta bizipozak kontatzen, zirkulu bat ixten ariko bagina bezala. Argi zuri bat dago, artean gaua bada ere. Eta sardinzarraren irudia etorri zait burura. W.G. Sebald idazleak aipatzen du Die Ringe des Saturn [Saturnoren eraztunak] lanean, hilzorian denean distira egiten duen animalia bakarra dela. Teleosteoen hamabost espezietako bat da sardinzarra, kolore urdinekoa, ur epeletan eta ez oso sakonetan bizi dena, eta sardan joaten den arraina dela, elkarrekin batetik bestera, multzoan beti. Familiak ere nolabait horrelakoak ez ote diren otu zait, sardak bezala mugitzen direla bizitzan, multzotik erabat ezin askatu gabe.
Kafesne baten bila atera naiz ospitaleko korridorera, eta gelara itzuli naizenean zure azkeneko distira ikusi dut. Bakarrik utzi zaitudan unean hil zara, emakume basatiak bezala, zu ere halakoa baitzinen. Esaten dutenez bizi garen moduan hiltzen gara. Eta zuk hala egin duzu.
Zatarra da heriotza, gogaikarria, putakeria bat, baina une latz eta anker horretan bada magia bat ere, zerbait xaloa eta samurra dena, ulertezina eta izendaezina, zerbait hiltzen denean beste zerbait jaioko balitz bezala; une horretan, heriotzak eta bizitzak bat egiten dutenean, zerbait mistikoa gertatzen baita, katarsi moduko bat, erraietan, ariman, nonbaiten... Egunsentiaren aurreko une ilunenaren atarian joan zara, eta gau luze bezain labur honetan oso berezia den zerbait aurkitu dudanaren ustea daukat, txikitan hondartzan maskorrak biltzen sentitu izan nuen liluraren pareko zerbait, eta eutsi egin nahi izan diot, ihes egin ez zezan, betiko nire barruan bizi dadin, aurkikuntza intimo bat balitz bezala. Kaleidoskopio batean iragana, oraina eta etorkizuna, eta ni zirimola horren erdi-erdian, ardatzean.
Mirotz urdin bat dago zeruan bueltaka. Zirkuluan. Zure seme-alabak etorri dira, baita erizainak eta medikuak. Beilatokiko gizona ere bai.
Zeremoniak beharrezkoak dira agurra egiteko, eta eskuetan zure errautsak ditudala sartu naiz elizan, kutxatila aurrean eta familia osoa atzean dudala, sarda bat bagina bezala, aldareraino, bidea irekitzen, bizitzan ere horrela egokitu zaidala sentitzen. Elizkizunaren amaieran goizean idatzi dudan elegia irakurri dut, zure bizitzaren kontakizuna, munduko amona politenari.
Herrira etortzen nintzenean beti eramaten nituela lagunak amonarenera. Nire ibilbide pertsonal horretan, oroitarriak edo kalostrapeak beharrean, bi leku kuttun zeudela; jaio nintzen plaza, eta amona Benita. Amaren ama.
Kobazulo batean jaio zinela. Lodosan. 1922. urteko martxoaren 16arekin. Eta 95 urterekin hil zarela. San Miguel egunaz. Desagertzen ari den mundu baten lekuko izan zarela, kondarretan den bizimodu baten lekuko, eta beti ari zinela haurtzaroaz, beti ari zinela kobazuloaz. Kriseilu batekin argitzen zenutela, baratxuri-zopa jaten zenutela, nahi baino maizago, tarteka esnegaina eta ogia ere bai, baina oso tarteka. Eta ezurteak etorri zirela ondoren, gerraren basakeriak bizimodu xume hura mila pusketan hautsi zuela, nahiz eta miseriaren artean ere, bizipoza ere bazegoen; herriko festak, dantzak eta kantak, jolasak eta saltoak.
Lizarrara etorri zinela 16 urterekin. Lanera. Eta ondoren sei seme-alabak jaioko zirela, bata bestearen atzetik, ia oharkabean. Ezkondu gabe geratu zinela haurdun, alaba zaharrenaz, etxean sekula aipatu ez den sekretua izan bada ere. Ez zenuen bizitza samurra izan, baina gogorragatik nehoiz ez zenuen adorea eta irribarrea galdu.
Santiago plazara joan ginela elkarrekin kalera atera ginen azken egunean, haurtzaroko nire plazara. Dagoeneko gurpildun aulkian zinela, eta, han, ezki zilarkarien itzalean egon ginela eserita. Birbilobarekin argazki bat atera nizula, iturriaren parean, eta hizketan aritu ginela, beti bezala, guk bakarrik ulertzen genuen hizkuntza horretan.
Artean ez nekien arren, zurekin izandako azken elkarrizketa izango zen. Lizarrara etorri eta gutxira emakume gazte baten hileta izan zela kontatu zenidan, eta iltzatuta geratu zitzaizula egun hura, zure adin berekoa zelako, eta hamar seme-alaba uzten zituelako umezurtz. Gerora jakin zenuela nire beste amona zela. Artean aitak eta amak ez zuten elkar ezaguten, baina nire bi zuhaitzen sustraiak gerturatzen ari ziren, inertzia eta magnetismo ezezagun batek bultzatuta. Poetikoa da misterioak nola gurutzatzen dituen pertsonak, zehaztasun sinkronikoz.
Karpeta horiarengana joan naiz. Han dauzkat gordeta osabak, aitaren anaia gazteenak, arbasoez jasotako dokumentuak eta paperak. Amona Julia Murietan jaio zen, 1912ko otsailaren 26arekin. Hitzarmenezko ezkontza izan zen aiton-amonena, eta hori ere nolabaiteko tabu bat izan zen, ezkutuan eta isilean gordetako xehetasuna, ondare itzela utzi zuena, hamar seme-alaba izan ondoren 48 urterekin hil baitzen amona, sabeleko minbiziarekin, hutsune horretan, samina gotortutako puntu ilun horretan, bola beltz bat hazi baitzen. Aitak 18 urte zituen. Nik aita galdu nuenean nuen adin bera.
Apenas dakit ezer amona Juliaz. Akaso erreferentzia zehatzena izebak bere etxean amaren absentzia arintzeko zuen poema hura zen. Palabras para Julia. Haurra nintzela sarritan irakurri nuen poema hura, eta ulertzen ez banuen ere, banekien tristea zela.
Benitak mundua kontatu zidan, entziklopedia bat balitz bezala, eta soka sendo batetik egon gara lotuta biak, estu, lokarri irmo batez. Beste amonaren haria, ordea, fina zen, memoria ahula baita oroitzapenak ez daudenean. Marraztea gustoko zuela, eta ganbaran haren bi marrazki daudela gordeta, batean iturri bat dagoela, eta bestean lore sorta bat, ikatz-ziriz pintatuak biak. Otaloreak direla esango nuke. Urdanizekoa zuen ama; Esteribar bailarakoa, ehun urtetik gorako haritzak dituen bailara polit horretakoa. Natalia birramona. Hitz gutxiko emakumea omen zen hura ere, baina artean euskarazko hitzak gogoratzen zituen. Hizkuntza zahar eta eder horretan mintzatzen zen nire arbaso zuzenena ei zen.
Urdanizen tximeletari nola deituko zioten. Galdera hori darabilkit buruan haren marrazkiak ikusten ari naizen bitartean. Euskaraz ehun izen omen daude intsektu hegalari hori izendatzeko. Louis Lucien Bonaparteren 1863ko mapak 117 izen jasotzen omen ditu. Zein ote zen amonaren herrian erabiltzen zena. Galdera hutsala da, baina ezin dut burutik kendu. Asandiloa ote zen? Madotzen bezala. Mitxeleta? Pinpilinpauxa? Maripanpalona? Txipiritona? Atxiamatxia? Kalaputxi, mitxirrika, inguma, pinpirin, marisorgin?
Monarka espezieko tximelekin akordatu naiz bat-batean. Irakurrita daukat beste tximeleta gehienak ez bezala, espezie horrek biziraupen luzeagoa daukala, egun soil batekoa izan beharrean, bi eta sei aste artekoa dela, eta milaka kilometro egiten dituztela hegan eguzki bila. Kanadatik Mexikora joaten direla negua pasatzera, baina iparraldetik abiatzen den tximeletaren laugarren belaunaldia dela hegoaldera iristen dena, aurreneko hura azkenekoaren herenamona dela.
Familien bidaiak ere antzekoak dira, hari ikusezin batek lotzen ditu belaunaldiak, arrautzen, beldarren, krisaliden eta imagoen metaformosi etengabe horretan patuak baldintzatuz, tximeleta efektua biderkatuz. Berez munduan edozer eta guztia beste guztiarekin harremanaturik dela erakusten du efektu horrek, harreman horiek gizakiontzat ia beti gordeak eta ulergaitzak badira ere, eta sendien kasuan are gordeagoak eta ulergaitzagoak gehienetan.
Zure errautsak kobazuloaren inguruetan botatzera itzuli gara gaur zure jaioterrira. Zirkulua amaitzera. Duela urtebete, irailaren amaiera aldean etorri ginen azkenekoz, egunpasa, gerran hildakoen omenez ondoko herrian egin duten oroitarria ikustera, zure aitaren eta anaiaren izenak idatziak dituen oroitarria. Zuk ere bazenekin herrira joango zinen azken aldia izango zela.
Sastrakaz betea dago ingurua, eta jada ez dago zure kobazuloa izan zenaren arrastorik. Errautsak zabaldu ditugu, trakets, eta hegan egin duzu, txikitan hemendik bertan ikusten zenituen izarren hautsa izango bazina bezala. Mirotz urdin bat agertu da zeruan. Berriz. Biraka. Zirkuluan. Hegazti harraparia.
Ohean pasa ditut bi egun, jarraian, beste dimentsio batean, mundu paralelo batean, lo sakon batean, deliratzen bezala, ametsez amets. Amonek eskuak zabaltzeko eskatu didate, eta koloretako dozenaka harri preziatu eman dizkidate, lapislazuliak guztiak, urdin-urdinak, eta horiekin hegoak margotzeko esan didate, bidaia bat egin behar nuela, iniziatikoa, urteetako bidaia, abiapuntura, sorlekura, belaunaldiz belaunaldi, arbasoen arrastoan, legatu bat zabaltzeko, isiltasunari hitzak jartzeko, korapiloak askatzeko, bihotz urratuen zauriak osatzeko, milaka eta milaka kilometro egiten dituzten espezie horiek bezala, etenik gabe, berotasunaren bila, maitasunaren bila, hiltzen eta jaiotzen, prozesu alkimiko batean. Eta hegan egin dut.
Comentarios
Publicar un comentario