ANDRE EZAGUNA
Autora: Itziar Alonso
Arbiol
Sukaldean mugimendu handia dago.
Pertsona bat afariari azken ukituak ari da ematen bigarren batek ontziak
garbigailutik atera bitartean. Zarata gogaikarria iristen zaizu handik. Txoko
batean neska bat dago isilean, ordenagailu eramangarria altzoan eta inolako
arretarik eman gabe bere inguruan gertatzen denari. Eta laugarren pertsona ere
badago etxean; andre beltzarana zure kargu egiten egongelan, datorren otordua
denontzat ahal denik eta errazen izateko laguntzen.
Pausuak, ahotsak, platerak, mahai-tresnak.
Den-denak erritmo bizia markatzen du zure inguruan, zure bakea eta errutina
galaraziz. Egunekoak dituzun aktibitateak aski mugatuak dira: esnatu, oihukatu,
ahia edota purea jan, dena zikindu, ura edan, pixa eta kaka egin, negar egin,
bainua hartu, protestatu eta ohera. Zu den-denaren grabitate-zentroa zara. Eta
orkestra zuzentzen, ilehoria den andre bat. Nekaezina. Energiaz betea. Etengabe
urrezko batuta maisuki mugitzen.
Gerra-deklarazioa mahairatu aurretik, andre
ilehoriak erasoei aurre egiteko beharrezko tresnak ditu paratuak. Eta espero
legez, bakeak ez du luze jo. Alboan dagoen andre txikitxo baten eskutik sentitu
duzu lehen erasoaldia. Barazki-zopa beroa katapultatu nahi dizu hark aho
barruan. Ordainetan gazteluko harresia sendo hertsia dagoela erakutsi diozu,
eta gaitzespen-soinuak ere atera dituzu aho itxiarekin.
Alferrikako bi saiakeren ondoren,
hirugarrenean gotorlekuaren ate altxagarria beherantz egitea baimendu duzu,
barruan erasoaldi bortitzagoa prestatu duzulako. Koilararen aurre egite inozoak
ez zaitu ezustean harrapatu eta orain berde kolorea andre txikiaren aurpegi
osotik zabaldu da. Ez da kontraerasorik egon, ordea. Garaile atera zareneko
seinalea dirudi. Zapia atera du hark eta zopa-hondarrak lasaitasunez garbitu
ditu. Zalapartarik gabe, egunero gertatzen den zerbait bailitzan.
Ziur aski hala gertatzen delako. Egunero.
Batuta eskutan duen andreak hartu dio lekua
emakume txikiari. Koilarakadak bere agintepean datozkizu orain ahora. Usain
gozoa du andreak, eta ezaguna egiten zaizun lurrina atsegin duzu oso. Ez dakizu
nor den, baina familiarra zaizun andrearen eskuak begi onez onartzen dituzu.
Koilarak, orraziak, ur-potea eta bestelako misilak zugana jaurtitzean,
beragandik jeneralean onargarriagoak egiten zaizkizu. Konfiantza ematen dizu
soldadu ilehoriak, maiz gura ez dituzun gauzak egitera behartzen zaituen arren.
Une batzuetan andre ezaguna ez da etxean
egoten, ezta berarekin berba egiten duen gizona ere. Soilik andre beltzarana,
txiki hura, zure konpainian. Pixoihalak erabiltzeko beharrik ez dagoelakoan,
komunean egin beharrekoak egitera eramaten zaitu. Gorrotatzen duzu berak
kuleroa jaitsi eta komuneko kazola hotzean jartzen zaituenean, txikitan bere
panpinekin egingo lukeen legez. Baina ziur aski maitasunez egingo zuen
Barriguitasekin bere haurtzaroan, zurekin egiten ez duena. Eta zure oihuek ez
dute eraginik guda honetan.
Giltzaren hotsa entzun duzu atearen
sarrailan, eta han da berriro andre ilehoria. Gerra-partea etortzen da lehenik.
Emakume beltzaranak zenbat aldiz protestatu, oihukatu, negar egin eta bera jotzen
saiatu zaren esan dio. Mendekua ez duzu espero, ordea. Bi andreen
hitz-trukaketa motza gertatuta, andre ezaguna zugana hurreratu eta aurpegi
txarra jarri dizu. Baina berehala hau ahaztu eta musua eman dizu aurpegian
burua laztandu dizun bitartean. ‘Zer moduz joan da eguna? Gose zara?’ galdetu dizu
ezinezkoa dirudien irribarrea marraztuz bere aurpegian. ‘Bainua prestatuko
dizut eta gero, Gorka datorrenean, ahia emango dizut, laztana’ ere entzun duzu
bere ahotik.
Andre txikia aterako bidean doala, esaten
denak zure belarriak zulatzen ditu. Ez duzu ‘Bihar arte, Omayra’ berriro entzun
nahi. Beldurra ematen dizu. Berbak entzundakoan atearen danbada etorri ohi
delako eta horrek ikaratu egiten zaituelako. Zorionez ezaguna zaizun andrea
hortxe da beldurrak uxatzeko eta zu baretzeko.
Andre ilehoriak badaki gerra ez dela bukatu
eta hurrengo bataila noiz etorriko zain dago. Agian zu bainatzean, edo afaria
ematean, edo pijama janzten laguntzean, edo komunera eramatean... Alta,
munizioak ez ditu falta bere sakelan: bere pazientzia amaiezina, bere irribarre
zirraragarria, kantak abesteko gogo agortezina, eta laztantzeko atzamarrak beti
gertu izateko abilitatea.
Hala ere, ezaguna zaizun andreak etengabe
egiten du amets armistizioarekin. Egunero.
* * *
Etxeko gizonak neskatoa eraman du ohera eta
ipuin bat irakurri dio, andre ezagunak zu oheratzea lortu aurretik. Gaur istilu
gehiegirik gabe jazo da. Eta biak gelditu dira egongelan: usain gozoa duen eta
ezaguna zaizun andre hura, gizonaren konpainian.
Orain lozorro gozoan zaudela, bizitzak
segitzen du etxean. Edo beste bizitza klase baten hasiera dator. Gizonak ardo
botila ireki du bere emaztearen begi aurrean eta kopa betea luzatu dio.
Isiltasunak biltzen ditu biak orain,
batailaren aurretik etorri ohi den baretasuna bailitzan. Topa egin dute, eta
kristalaren hotsak benetan istant hartan zaratarik ez zegoela berretsi du.
Entzun den hurrengoa, handik gutxira, bi pertsonen pausuak izan dira euren
logelarako bidean. Gerlari batzuen isileko pausuak, lubakitik kanpo uzkurki
mugitzen.
Logela hartan beste arma batzuekin ari ziren
olgetan zerbait gertatu arte. Bonbardaketaren sirena-hotsak diruditen oihu
batzuek gorputz biluzien berotasuna eta jolasak zapuztu dituzten arte. Eta
hortxe duzu segituan ezaguna zaizun andrea, oihuak zerk sortuak diren jakiteko
eta zure amesgaiztoekin borrokatzen laguntzeko prest.
Oraingo honetan ere zu laguntzeko prest.
Izan ere, horrela egunero.
Lasaitu zara baina oihuak ez dira bukatzen,
ordea. Ohez ohe egin dute salto, birusen antzera airea kutsatuz. Zuretik gela
handiko ohera joan dira ezaguna duzun andre horren gorputzean bidaiatuz oihu
haiek.
Eta gerra ematen hasi da orain gau honetan
gerlariaren atsedena bilatzen zuena. Berriro. Astero legez.
Aurretik aliatuak ziruditenak orain elkarren
kontra ari dira burrukan bi bando desberdinetan baleude bezala. Benetako zelai
beteko bataila da eta zeu zara horren sorburua, honetaz kontziente ez zaren
arren. Loak ostera ere hartu zaituenez gero, gela hartako oihuak dagoeneko ez
dituzu entzuten. Orain usain eta zapore goxoak besterik ez daude zure
ametsetan, gosariko magdalenak eta bazkal osteko limoizko izozkiak.
* * *
Eguna goiz hasi da. Denak hemendik hara,
handik hona, ezin geldirik egon. Hiru pertsonen mugimendu etengabeek erotzeko
moduan zauzkate, laugarrena etxean sartu eta beste hirurak joan diren arte.
‘Ondo portatu gaur, egun korapilatsua dudala lanean eta nekatuta etorriko
naizela’ esan dizu usain goxodun andreak. Eta bekokian musua eman dizu.
Gaur ere eman dizu musua bekokian. Musua
egunero.
Andre txikiaren mendean izan zara egunean
zehar, bere tratu bortitza jasotzen. Jostaketa eta dibertimendurako tartea ere
izan duzu hainbat objektu hartu eta gero utzi edo bota egin duzula. Hala joan
zaizu eguna, etxekoak iritsi direnerako jolas horiek ahaztuta zenituen arren.
Gaurko gerra-partea besteetan baino gutxiago
gustatu ei zaio andre ezagunari. Errieta egin dizu inoiz baino ozenago. Baina
horren ondoren gero ez da pixkanaka lasaitu eta zure burua laztantzen bukatu,
egin ohi duen legez. Eta ikaratu egin zara. Baita tristatu ere.
Gizona beranduago etorri da. Eta honek
ukabilak jaso ditu eta, zuri begira, madarikaziotan aritu da luzaroan. Joko
zintuela ematen zuen, eta andre ilehoria zu babesteko aurrean jarri ez balitz,
agian egingo zuen. ‘Etxeko eskriturak! behin eta berriro errepikatu du oihuka.
Eta hau guztia jazo bitartean, emakume beltzarana mermeladaz beteta zeuden
paper batzuk garbitzen aritu da tentu handiz. ‘Hau jasangaitza da’ dio
nabarmenki haserre dagoen gizonak usai goxodun andreari.
Jendea oihuka entzuteak beldurra ematen
dizu. Eta negarrez hasi zara. Orduan andre ezagunak komunera eraman zaitu eta
han eman dizu hainbeste gorrotatzen duzun bainua. Hala ere, gaur ez duzu
zaratarik atera. Isilik gelditu zara eta berari egiten utzi diozu.
Eta gero ilea orraztu eta burua laztandu
dizu, egunero bezala. Orraztu. Laztandu. Egunero.
* * *
Egunotan jende asko hurreratzen zaizu eta
‘Zer moduz zaude, Julia?’ galdetzen dizu. Batzuk ezagutzen dituzula uste duzu,
beste batzuk ez. Batzuek bata zuria dute jantzirik, beste batzuek ez. Batzuei
erantzuten diezu, beste batzuei ez. Batzuek zure hitzak konprenitzen dituzte,
beste batzuek, aldiz, ez dute ulertzen esaten duzuna. Azken hauek, mesedez,
errepikatzeko eskatzen dizute.
Eta errepikatzen duzu zeure buruan ‘Zer
moduz zaude gaur, Julia?’ eta oihartzuna entzun dezakezula uste duzu. Umoretsu
zaudenean, ‘Ondo, eta zu?’ erantzuten duzu, ‘Ondo’ ere erantzun ohi dizute.
Orduan airea ‘Nor zara zu?’ galderarekin betetzen da. Zure ahotik kanpora eta
gelatik hegal egiten du. Baina erantzunik gabeko galdera dela begitantzen zaizu,
edo haizeak eramaten dituen erantzunak direla, norbaitek atea irekita utzi izan
balu bezala. Eta gelditzen zara jakin gabe nortzuk diren
zer-moduz-zaude-gaur-Julia galderaren jabe horiek. Zure gela berri horretatik
igarotzen diren guzti horiek.
Leihotik begira zeundela, ezaguna egiten
zaizun andre hura eta bere usain goxoa sartu dira logelan. Neskato bat dakar
bere eskutik helduta, adatsa artoski orraztuta. Eta andreak ere galdera bera
egin dizu: ‘zer moduz zaude gaur?’ Baina berak ez du Julia hitza aipatu. Bere
ezpainak eta mingaina nonbait nahasi egin dira eta Julia esan beharrean ‘ama’
esan du: ‘Zer moduz zaude gaur, ama?’
Ama da gauza bat seme-alabekin une goxoak
igarotzen dituena. Uda minean bero sapari aurre egiteko haurrei izozkia erosten
diena. Mina hartzean, zugana joan eta zauria desagerrarazten diena. Hori da ama
bat.
Ilea maitasunez ere orrazten diena. Egunero.
Ikusi duzu andre hura ama dela, neskato bat
alboan du eta. Eta zeu ere behin ama zinela oroitu duzu bat-batean. Neskato bat
ere bazenuen eta limoizko izozkia noizbait erosten zenion. Magdalena egin
berriak ere ematen zenizkion gosarirako. Zure alaba hori non egongo ote den ez
dakizula otu zaizu. ‘Neuk ere badut alaba txiki bat, baina ez dakit non dagoen.
Zuk ezagutzen al duzu nire alaba?’ galdetu diozu usain goxodun eta ama den
andre horri.
Andre ezagun hori negarrez ari da orain.
Baina ez dakizu zergatik.
Comentarios
Publicar un comentario