DOMINISTIKUM, MESIAS
Itziar
Beasain Ingunza
Zergatik?, zergatik onartu
behar izan ote nuen eskaintza hura?
“Hiriko auditorio batendako fondo biltzea”; baneramatzan
bost urte luze kontutzar hura entzuten. Azkenaldian dena bereganatzen ari zen
auditorio alu hura; aurrea hartu zien HIESaren biktimei, urakanek miseria
gorrian utzitakoei, suteei, uholdeei, petrolio-isurien desmasiei…
Noiztik, ordea, auditorio batek halako inportantziarik
hiri probintziano hartan? Ez zuten alferrik, bada, munduko plazarik handiena,
festetan udal bandarekin betetzen ez zena, Georgie Dannek ere bete ez zuena,
inoiz betetzen ez zena.
Eskaintza onartu nuen.
Koliseoan izango zen kontzertua, abenduaren 22an,
arratseko zortzietan. Haendel-en Mesías joko genuen —data horietarako oso
egokia, baina, jakina, jende gehienak ez zuen izango bigarren zatiaren
bukaerako aleluiak entzuteko asmoa baino—. Hiriko pertsona ospetsuenak etorriko
ziren: alkatea, osasun-, kultura- eta etxebizitza-ministroak (higiezinen jabe
harrapazaleengandik orpoz orpo) eta oposizioko goi-kargu gehienak. Elkarren
arrimuan denak, Gabon Gau bezperan Belena doazen artzainak balira bezala.
Ez dakit zer dela eta ametitu nuen. Bi urte lehenago
oratorio bera zuzendu nuen beste hiri batean, han non Eguberriak aitzakia
borobila izaten diren musika-programak errepertorio zakar-mortalekin
estaltzeko; baina ba ote dago aukera hoberik gobernuko agintariak eta beste
Eguberri hotz eta motz bat ospatzera urrundik itzulitako familiak elkartzeko?
Bazen, ordea, merezi zuen zerbait: Anna Marriner
sopranoaren ahots zelerikoa eta Christopher Field-en txelo zoragarria entzutea.
“Bildutako diru-kopuruaren % 30 musika-auditorio baten
eraikuntzaren alde izango da”.
Nire orkestrako partaideek oso gogoz kontra onartu
zuten; izan ere, miseria hutsa iritzi zioten emanaldiaren ordainari, eta,
gainera, ehuneko zerbait kenduko zieten beraiekin inolako ahaidetasunik ez zuen
hiri baten omenez; nire jaiotze-agiriak zioenez, ordea, nik banuen zerbait
harekin.
Zenbait egunkaritxotako kritikariak aspaldi samarretik
zebiltzan nire ospea gutxiesteko gatazka bihurri batean (izan ere, pipertu egin
ziren, antza, nik hegoaldeko hiri bateko Orkestra Sinfonikoaren kontratua
onartzeagatik; hango kontzertuak, alabaina, ez ziren Pazkoko edo Eguberrietako
programen betelan hutsa). Iparraldeko eta bertako antzoki porrokatuen hoztasuna
utzi nuen, eta iraingarria iruditu bide zitzaien hori.
Baina abenduaren
22ko kontzertu malapartatu hura nire akabera izan zen iparraldeko eskualde
osoan.
Asteak augurio gaiztoak zekartzan: hotz infernukoa,
azken orduan Phil Collins tenorea bertako beste batez —ezin izan nuen inoiz
haren izena gogoratu— aldatzea, emanaldirako denbora eskas falta zela Daily
Evenements-ek egin zidan elkarrizketa hutsala ...
Kafe kiskali batez aldatu behar izan dut nire betiko
koñaka, muinetaraino sartzen da hiri honetako hotza, eta beldur naiz batutari
ezin heltzeko moduan izoztuko ote zaizkidan hatzak.
Txalo zartak, txalo zarta gehiago, “zuokin guztiokin
K.M., gure hiriak jaiotzen ikusteko ohorea izan zuena eta …”
Txaloak. Sarrera. Gora arku horiek, horrela, biolinak,
biolak, txeloak… Errezitatiboa, tenorea, leun, luzeago, my people, luzatu y
hori, zer dira murmurio horiek?, nork xuxurlatzen du?, Jerusalem, eztarria
garbitu du norbaitek, ez, batzuek, xuxurlatzen dute, tenorearen senitarteko
andreren batek, zer izen zuen?, xuxurla gehiago. Gora biolinak, eskerrak orain
abesbatza sartzen den, glory of the lord, zergatik entzuten da hain baxu?,
zurrumurruak oraindik, ozenago. Errezitatiboa, orain hi, Howard, ez hain
behetik, ez haiz Paradisuko aulkietara iritsiko bestela, klaska jotzeak?, nor
arraiok nahasi du Mesias blues kontzertu batekin?; tira, Howard, saaaaaaaaith
the lord. Eskerrak berriro abesbatza datorren, shall, shall, shall, suspirioak
entzuten ditut, abesbatza kolosal honek hunkitu ote ditu?, denak, shall purify.
Errezitatiboa, Elly sartu da, organo hori, ez hadi deskuidatu, lagundu Ellyri,
hor, nola?, nor ari da eztulka? A ze hotzeria, hobe zuen etxean geditu, a
virgin shaaaaaaall, abesbatza, estal itzazue doministiku zoro horiek, ozen,
ozen, ez dadila besterik entzun. Berean jarraitzen dute, aluak!, orain berriro
Howard barrura, sudurra zintzatu du norbaitek, ez, bat baino gehiago dira,
haiek ere inork zuzentzen ote ditu? Zer dela eta ez dituzte beren tronpak hustu
abesbatzaren konpasaren arabera?, eta arnasbideetan bozgorailuak izango dituzte
noski; ederki, Howard, baina hi bezalako lauzpabost behar genitizkek mukizu
hauen bolumenari lur emateko. Jainko jauna, abesbatza dator orain, ez,
tronpetak dira Howarden laguntzaile datozenak, organoa eta sokak baino ez.
Wonderful, wonderful, hori da, ze ederra, a child is born, gure artean jaio da;
baina, bueno, hau sinestezina da, zer da orain eta hirugarren edo laugarren
ilarako norbaitek letra dakiela, ezin dut sinetsi, kantu txikian ari da, gizonezko
baten ahotsa da hori, andre ministroren baten senarra, lekuz kanpo hori ere,
igo zaitezte, igo, frustraturen batek lekua kendu nahi dizue eta! Jakina,
eztulka ari dira, eta eztulka, erromeria batean doazelakoan. Eztarriak mentadun
goxokiz biguntzera doaz orain, lotsagarri halakoak, ni bizi naizen hiriko
antzokian ez dute zelofanekiko karamelurik saltzen, bai, bai, badantzut atzeko
ilaretakoen kexak, hobe lukete isilik egon, kexu da norbait, zer dela eta?, ene
Jainkoa, damu zait jaioa, wonderful, ozenago, zapal itzazue ministroen eztul,
aiene eta kokorikoak, puzkarrak akaso, wonderful, gora biolinak. Orain badirudi
traba egiten diola inori aurreko eserlekuko gaztaundiak, jo ezazu ezkerrago, ez
zaitez hainbeste luza… Hau okerrera doa, Anna dator, hiru minutu dauzkan,
Annita, zaleak eta katarrodunak isilarazteko. Lasaitu bat. In the field...upon
them, zer dira suspirio horiek?, jainko jauna, ez dira suspirioak, asmatiko bat
da, Annak eutsi egiten dio, the angel said, emakume hau gora doa egunetik
egunera. Egotz dezatela asmatikoa, mesedez, zer?, eztul gehiago?, baina eztul
hori, zein desatsegina, marranta deitzen zaio horri; segi, Anna, ez haririk
galdu. Abesbatza, abesbatza, egizue oihu, Glooooooory to God, orain atseden
hartzen dute asmatikoak eta zakur-eztula duenak. Biolinak, apal, apal, zein
deabru ari da arnasestuka?, asmatikoa ote?, ez, atzeragotik dator, dama
hunkituren bat, hori rocketik bide dator. Anna, sartu berriro, O daughter.
Bueltan datoz berriro, hori batailoia, eztul, doministiku eta aiene, doazela
elkarrekin beren eztarri ergel horiek ketan itotzera, hori dun, Anna, Jerusalem...
rejooooooice, hik ez dun deus entzuten, begiradan niri, etzan besterik pentsa.
Hau izugarria da. Aho batez ari da antzoki osoa. Mesias tisikoa. Bronkiotako
adituren batek zuzen ditzala: biolinak eta eztulak, organoa eta doministikuak,
kantu-marmarrak eta errezitatiboak, aiene eta txeloak... abesbatza trinko eta
karkaxadun bat. Seko erotuko naiz. Isilik dira orain, soka eta ahots guztiak
sartzen diren unean bertan, konpasik gabeko publikoa, zerbait egin dezala
osasun-ministroak, beste batuta bat behar dute beren biriketan. Elly, hi hoa
orain, tin tiri tin, he was despised, biolinak, organoa, eztulak, marrantak,
mukiak, guztiak batera sar daitezela mukizapidunak, elkarren ondoan, Elly
behera datorrela-eta, balia daitezela orain, har dezatela une bakar eta
malenkoniatsu hau, pieza eztitsu eta eder hau. Zer da?, beste interprete bat
dugu?, hau ez nuen oraindaino erregistratu, hazian dator ene zantzu mortala:
zotina da, zotina!, zotinka ari da norbait, begira, Elly, zotinez
zipriztinduriko miresmena sortzen dun, hilko naun, jo eta bertan gortu nahi
niken. Iparraldeko hipopotamo hauek hipoacusiak jota daude, jar diezaietela
hipocausto bana beren zoritxarreko etxetxoetan, hipokrita eguberritarrak, egotz
ditzatela hipodromo batera, hip, hip, hip. Ez isil, Elly, egia dun, isiltasuna
zetorren orain, baina errepertorioa aldatuko dinagu, aiene gehiago, entzule
hunkituren bat, erdialdeko ilaretan dago hori. Segizue, bai, segi, programa
aldatuko dugu, ez da atsedenik egongo, segizue, segi, ez ote dituzue nire bekainak
ikusten?, salta egingo zaizkit. Goazen bigarren partearekin, atsedenik ez,
txalo jo dezatela, ez du axola, jarraitu zuek. Gora abesbatza, ez zaitezte zuen
lekuetatik mugi, eri horiek egotzi behar ditugu, bero, beroago, gorago, ez niri
horrela begiratu, zuek ez duzue sufritzen?, Surely, ahots altuak, gora
biolinak, denak batera, suuuuurely. Ikusten? Inor ez da lekutik mugitu, bai,
badakit, bere gogoz arnastera atera da akaso asmatikoa, edo zigarrotxo bat
erretzera blueszalea, doazela, nazkante halakoak, bai, eri jendea, hainbat
pertsona altxatu dira, senti ditzaket, jarraitu zuek, batuta lagako dut
bestela. Lasai, lasai, kito, eztul baxuak eta altuak lasaitu dira, ministro
andrearen senartxoak ez du parte hau ezagutzen eta asmatikoa betiko desagertu
da. All we like sheep, eeee, aaaaaa, ongi, espezial, tisiko guztiak akabatu
ditugu, katarrodun guztiak, Mesias gurea da berriz, oso-osorik da gurea.
Errezitatiboa, zer izen arraio du tenore honek?, o!, ez, uste dut laguntzera
datozkiola senideak, jakina, nola ez ba, zein mutil jatorra duten, e?, merezi
izan zuen hainbeste solfeo eta armonia ordaintzea, amonak esana: ume honek luze
joko dik, aingeruen pare kantatzen dik; begira, mutil, hire familia hain hunkiturik
dago hi hemen ikusita, norbait negarrez ari baita, negar-zotinka, bai, bai, ez
nauk okertu, negar betea duk hori. Sar hadi, Anna, faborez, aska nazan amets
gaizto honetatik, hiru minutu terdi dauzkan eri tisitiko probintzianoon infernu
hau ahantz dezadan, behoooold and see. Ez hago bakarrik, zoritxarrez: haize
hartzera eginiko bidaiatik bueltan zetorren asmatikoa, zelofanek beren hegoak
aireratu ditizten eta mukiek beren angelus-ari heldu zioten berriro. Ea ba,
tenore, sar hadi berriro, familia hire esperoan zagok, negar elkartuak,
oihulari-artaldeak, lagun egiozue kadentziaz, behold and see, hori da, ordu
batzuk gehiago saiatuz gero sekulako bostekoa osatuko duzue, bost dira, larrua
jokatuko nuke baietz bost izan. Abesbatza, ez zaitezte kezkatu, orain atseden
hartzen ari dira haiek, lift up your heads. Nire ordezkaria ager dadinean,
ikusiko du horrek; hura ere zorigaiztoko izan zen kontu-katiluen herri izoztu
honetan jaiotzearekin. Ederki, isil zaitezte orain, mihi-klaskatzaileok, zenbat
falta da gozokitxoa guztiz desegin dakizuen?, hori da eta, orain Howard dator
baxuarekin, oso, ongi, mutil, hi ere gora hator, baina berdin ziok dagoeneko,
zantzuak ilunetik beltzera aldatzen ari dira. Ikusten?, esana nian lehen ere,
entzule arteko haurren bat ikaratu duk, ez duk harritzekoa, kobazuloetako ahotsa
zirudik horrek eta edonor ikaratu zezakek, segi baxutik, baxuago, on high, bai,
Howard, negarra duk, hik herorrek aditzen duan hori negarra duk, baina ez
tenoretxoaren familiarena bezalakoa, ez, benetako kasketa bat duk, mesedez,
kanpora dezala hemendik Etxebizitza-ministroak, oraindik ez du-eta guri
laguntzeko adinako entrenamendurik, larregi gozakaizten du. Abesbatza, The Lord
gave the word, entzun ezazue, zurrunga ari denak sasoiko ditu birikak inondik
ere, ez du eztul edo doministiku egiteko joerarik, baina berezko du tronboia,
bai horixe, ba al dugu orkestran halakorik?, a!, banengoen ba, hori zen falta
genuena, tronboi bat, zurrunga egizu, bai, zurrunga, ez baitu, finean, hain
gaizki ematen. Hire txanda dun, Anna, hire ahizpei deitu beharko dien kasketa
hori itotzearren, galdu egingo haiz bestela; baina oraindik ez ote dute umea
entzuleen abesbatzatik egotzi?, zeren zain daude? Eskerrak!, abesbatza sartu
da, ozenago, gorago, egizue oihu, ulu eta deiadar, ozenago oihukatu, zer dela
eta begiratzen didazue harriturik?, gorrak al zaudete zuek ere? Tira, bihotza,
zure familiak faltan sumatzen zintuen, kar-kar, begira, haiek ere aspertu dira
zure ahots monokordearekin, the feeeeet, kar-kar-kar, erloju bat, bederatziak
puntuan (ordu bat generaman hotzeri eta inkontinentziaz mintzo), ea lozorrotik
ateratzen duen tronboi-zurrungaria. Tira, nahikoa da, batetik mugikorrak
isiltzen dira eta bestetik bilatzaile pertsonalak pizten, ezin al dira ados
jarri? Igoal dio, Howard, nahiz eta izugarri ahalegindu, nahiz eta oso gora jo,
alarma baten txilioa beti izango da zu baino gehiago, aurrera abesbatza, iii,
oooo, furiously rage together, denok batera, alarmak, erlojuak, pi pi
piiiiiii... Akabo eta kito. Tira, ministro, hezi ezazue hobeki zuen herria, nik
badut aski Anna eta beraren ahizpekin, hor konpon zuek, akabo, egizue eztul,
doministiku eta damu dakizuela saunako hipopotamo-talde bat izatea. Banoa,
banoa, akabo. Hartzazue ehuneko 30, baita ehuneko 100 ere zuen
auditorio-hipodromorako, behor, asto eta arrantza!, akabo, akabo.
Hallelujah, Hallelujah, Hallelujah.
Baina Kurt hau... Gauza
bera gertatzen zaie guztiei, urteak eta arrakastak pilatzen dituzte eta zeharo
gizatxar bihurtzen dira gero. Ulertzen dut zelofanak eta alkatearen alaba
txikiak edonoren kirioak dantzan jartzea, baina, bestalde, halakoetan erakutsi
behar da profesionaltasuna. Barkaezina izan zen hura: eszenategia justu
aleluiekin utzi! Eta kontzertua amaitzera itzul zedin kamerinora joan nintzaiolarik
klarineteaz eman zidan ukaldia ere… hura esker txarra! Urteak neramatzan hari
kontseilu ematen, antzoki onenak bilatzen, kontratu ezin hobeak eta aukera
apartak lotzen… eta, nola ordaindu dit?, ostikoka egotziz eta bere
klarinetearen mastarekin zigortuz. Esana baitzuen lehendakariak: “Abesbatza
bikaina zen eta ahots parekaezinak, zertarako zuzendari bat?, zer egin jakiteko
aski kozkorturik daude dagoeneko”. Eta ni bat nator. Izan ere, zer arraio dabil
batuta bat ezker-eskuin dantzan?: itxura, itxura besterik ez, horratx!
Egunkariek aspaldi esana baitzuten: “K.M. orkestra zuzendariak bere
axolagabekeria erakutsi zuen berriz”. Hori da, axolagabe bat. Doala hegoaldera,
bere Annitarekin eta Howard zahar horrekin, bere ipurgarbitzaileekin, ez ditu
sobera edukiko honezkero. Harroputz bera bezalakoa!… Klarinetekada eman eta
egun batzuk geroago, hurrengo emanaldietarako eskakizunak zekartzan dekalogo
bat irakurrarazi zidan: mentadun goxokiak, arnasa-hartzaile isilak,
antihistaminikoak eta sinpatikomimetikoak salgai hallean, sarrera debekatua
hamar urtez beheitiko umeei, anfiteatroa soilik musikarien senitartekoei
erreserbaturik, ez musurik edo belarrirako xuxurlarik... Tira, burua galdu dik
Kurt honek, bai, hel diezaiola agindu eta dekalogo faxisten argitaratzeari,
akaso arrakasta larriagoa likek alor horretan, orkestra zuzendari gisa baino…
Ea nork ordezkatzen duen haren egoa hurrengoan…
Comentarios
Publicar un comentario