Ir al contenido principal

2025 Premio Euskera BURRUNBA por Maddi Etxeberria Lopetegi

 2025 Premio Euskera

BURRUNBA 

 Maddi Etxeberria Lopetegi 

 Egunero sartzen naiz garbitegian, ogi-poltsa besoetan balantzaka. Bueltaka ibiltzen diren makina burrunbatsuek konpainia egiten didate egunerokoan. Soinu handia egiten dute, aspaldiko hitzak bailiran, etorkizuneko hitzak, metalezko hitzak, eta, beren bizitzaren amaieran, herdoildutako hitzak. Metal-aho horietatik ateratzen den arropek gogorarazten dizkidate, batzuetan -itxuraren eta tamainaren arabera-, nire semea, nire gurasoak edo Mikel.

Ulay du izena nire umeak, 8 urte bete berriak ditu eta herriko eskolara joaten hasia da, homeschooling izena duen horretatik aterata. Gure bizilagunaren etxean egunero egiten zuten ikaskuntza kolektibo horrek gaizki amaitu zuenetik, ia urtebete da Ulayk hitz egiten ez duela. Lehen, egunero mintzatzen ginen orduak eta orduak, Margaren klasetik ateratzean, batzuetan txakurra paseatuz eta besteetan etxeko atarian eserita, eguraldi ona ala txarra egin, Margaren seme-alabekin ongi ala gaizki pasa.

Gurasoak, Rosario eta Pedro Maria jaiotzaz, Txarito eta Pello bizitzaz. Aspaldi da beraiekin hitz egiten ez dudala, ez bereziki harreman txarrik dugulako baizik eta elkarri esateko deus ateratzen ez zaigulako. Trauma psikologiko komun ezezagunen bat bilatzen saiatu izan naiz askotan nire oroitzapenen barrunbeetan, baina azkenean beti iritsi izan naizen ondorioa hurrena da: gutako inork ez du inoiz asko maite izan pozik egotea. Literaturarekiko edo biktimismorako gustoa, zein baino zein handiagoa. Ederki gogoan ditut gurasoen etxeko sukaldeko bizipenak, zeintzuetan gehiago hitz egiten zen gonbidatu bat etortzen bazen bazkaltzera, eta orduan elkarrizketa osoa gonbidatuaren inguruan zentratzen zen. Gure elkarrekiko asperdura nire jaiotzatik izan dela aski ziur dakit.

Aldiz, kontrako guztia da Mikel. Distiratsua, hegalaria, sakona, iluna. Interneten Versailles palazioa bilatzen duzunean ageri diren egongelak bezalakoa. Dantzan egingo nuke berekin, orduak eta asteak jarraian, lehen egiten genuen bezala.

 Aspalditik ezagutzen genuen elkar lehen aldiz elkarri musu eman genionean. Urrutitik ikusia nuen herrian, noizbehinka, baina horrela gerturatzean lehenagotik ezagutu banu bezala sentitu nuen. Ederra, bertigozko zorabio bat bezala, nora eramango zaituen ez dakizun argi-tunel baten moduan.

Hurrengo egunetan, nire etxeko lorategia gero eta handiagoa bihurtzen hasi zen: loreak sortzen eta handitzen hasi ziren etengabe, ezin gelditu, ezin lehortu, ezin zikindu, ezin zimeldu. Mikeli ere antzekoa nabaritzen nion: elkar ikusten genuen aldiro, begietan halako dirdira nabaritzen nion, hitz egiten genuen eta ezin dirdira itzali, elkar eskutik hartzen genuen eta ezin sua itzali, musu ematen genion elkarri eta orduan mundua itzali egiten zen, orduan bai, eta bakean egin nezakeen lo.

 Ulayk eta Mikelek elkar ezagutu zuten eguna ondo gogoan dut. Martxoko egun loredun hartan piknik bat prestatu genuen semeak eta biok Santosepulkroko belardian eguna pasatzeko, izokinezko sandwichak eta patata-tortilla, sagarrak eta intxaurrak, txokolatea eta gazta. Aspaldi zen kozinatzen ez nuela eta erritual hori gustura egin nuen, alferkeria tanta bat ere gabe, banekielako munduko nire pertsona gustukoenetako bik elkar ezagutuko zutela, eta horren artifize izateak izugarrizko zoriontasuna ematen zidan, gu irudikatuz margaritaz beteriko larre berdean erdi botata, elkarri gure eguneroko gauza graziosoenak kontatzen, zerura begira, hodeiak, margaritak, gazta eta ogia.

Ibaiak egun hartan eguzki-izpi guztiak jasotzen zituen eta bueltatu, argi zuriak gu itsutuz, gu eta ibai ondoko ahateak eta sahats negartia. Mikel guapo-guapo etorri zen koadrozko alkandora jantzita, bizarra motz eta eskuetan sagardo-botila zeukala. Ulayri esan zion hiretzat gaurkoan ez, baina zukua ekarri diat bakarrik hiretzat, esan nahi zuena pozten nauk hi ezagutzeak, besarkada bat emango? eta Ulayk eman egin zion.

 Horren ondoren, ez dakit Mikelen jatortasunagatik, esaten zituen esaldien bigarren zentzuak segituan harrapatzen zituelako edo egunaren amaieran sagardo-botilari tragotxo bat ematen utzi ziolako, Ulay ez zen harengandik banandu aste osoan. Mikelek aspaldian ez bezalako denbora luzeak pasa zituen gure etxean, eta denak pentsarazten zidan betirako geldituko zela, agian nik huraxe nahi nuelako bihotz barru-barrutik.

Garbigailuak pi-pi-piiiiiiii egin du eta gelditu egin da. Off botoiari eman ondoren, lehorgailuko atea ireki eta arropa guztia garbigailutik bertara pasa dut. Txanponak kontatu, zirrikitu mehetik sartu eta on-i eman diot. Eta metalezko bonbo birakariari begira, han doa nire pentsamendua airean…

 Aireportuko bidea luzea zen eta zuhaitzek hartzen zituzten bere bi ertzak. Ulayrekin joaten nintzen, hilabetean behin gutxi gora behera, hango jatetxera bazkaltzera eta leiho handietatik abioiek gora nola egiten zuten ikustera. Motorrek burrunba birakaria egiten zuten, beldurra emateraino, martxa hartzeko minutu batzuk falta zirenetik. Etorkizunean pilotua izango naiz, zioen Ulik askotan, eta hojaldre-banilla-kreman hondoratzen zuen muturra. Txokolate-saltsan bustita, huraxe zen munduko postrerik onena, dudarik gabe.

Aireportua itxi zuten egunean joan ginen azken aldiz bertara. Abioirik ez zen, ez jenderik, mamu-hilerri bat bailitzan. Segurtasun-guardia batek, bertan zegoen pertsona bakarrak, esan zigun hobe zela handik joatea, horrelako leku grisek ez dutela umeei eskaintzeko deus. Nola esan niezaiokeen nire semearentzako hura zela munduko lekurik ederrena, imajinazioak han egiten ziola hegan inon baino gehiago, bere gorputz ñimiñoaren tamaina hiru mila aldiz handitzen zela eta hegoak eta gurpilak ateratzen zitzaizkiola beso eta hanketatik.

Bidea burumakur egin genuen maiatzeko goiz hartan. Adio esan nahi genion gure leku gogokoenari, baina ez zeremonia hutsal baten bidez, aurreko astean ministroak egin bezala, baizik eta gure modura. Leku hura gurea izana zen beste askorena baino askoz gehiago, guk benetan maitatu genituen bere pistak, bere argiak, neguko bazkalostean arratsa sartzen zenean, bere dendak, gero eta azkarrago eta ugariago ixten joan zirenak, bere parkinga, gero eta kotxe gutxiago gerizpean hartzen zituena. Pilotuak ezagutzen genituen bistaz, azafatak gure ondoko mahaietan esertzen ziren kafea hartzera eta jatetxeko jabeak beti esaten zigun hitz politen bat. Está usted más guapa que la vez anterior, y mire que es difícil eta tenga cuidado con asomarse demasiado, chaval, que le van a querer contratar de rampista. Ulik barre egiten zuen behin harridura pasata, eta ni gutxitan bezain eder sentitzen nintzen, dirdiratsu, sinetsi nahirik fantasia hori zeinetan ni erregina bat nintzen, makillaje beltz, enkajedun kamiseta eta ile laranja dindatuarekin.

 Inoiz ez dut jakin kamamila eta margarita-loreak bereizten: aireportuko bideko aldeetan zeuden loretxo zuriak hartu genituen elkarrekin eta sorta lurreratze-pistaren alanbradan utzi genuen. Huraxe zen gure omenaldia eta horrelaxe esan nahi genion adio gure lekuari.

Etxera iritsi eta mezu bat neukan erantzungailuan, hiru dei galdurekin batera. Ama zen, eta esaten zidan ‘Kaixo, Eva. Mikel hil egin da hegazkin-istripu batean. Berrietan ageri baino lehen abisatu nahi zintudan. Sentitzen dut. Bazkaltzera pasako al zarete? Imajinatzen dut, ordua ikusita, ezetz.’

 Mikel. Hil.

Mikel. Hil. Mikel. Hil. Mikel. Hil. Mikel. Hil. Mikel. Hil. Mikel. Hil. Mikel. Hil. Mikel? Hil? Burrundara bihotzean, belarrietan, buruan, eskuetan, oinetan, bihotzean, bihotzean, bihotzean.

Nola nauzu arrakalatzen hain zehatz eta irribarretsu ? ez joan mesedez

Ulay garai hartan homeschooling-aren azken ikasturtean zebilen. Margak nota kaskarrak jartzen zizkion, batzuetan asko despistatzen zelako, besteetan asko haserretzen zelako, besteetan hitzak elkarrekin lotzea kostatzen zitzaiolako. Triste etortzen zen etxera, muturtuta, ez omen zen bere errua, hizkiek liburuan dantza egiten zutela eta ez omen zen ausartzen andereñoari esatera, zer esango ote zuen, beren seme-alabekin komentatu eta hauek gehiago jazarriko ote zuten.

Baina letrek mugitzen jarraitzen zuten: firin-faran, melodia ezezagun batek dantzarazten zituen liburuaren gainean, xirulari baten lilurapean mugitzen diren kobra txikiak bezala. Ulay geroz eta itzaliago etortzen zen etxera; egun batean hizkiek ote zatoz esan ziotela esan zidan, hurrengoan eskutikan eskura, azkenengoan agur, baina ez agur behin ama, ikusi dut aguraguraguraguragur.

  Egunero berekin paseatzera ateratzen saiatzen nintzen, baina gero eta gehiago kostatzen zitzaidan gauzak egitea. Okindegira joan eta ogia ahazten zitzaidan, ferreterira joan eta diru-zorroa, harakindegira joan eta ez nekien zertarako joan nintzen, hozkailuan jada saltxitxa pila eta hiru pakete basurde-buru genituen soberan… Desesperagarria zen, ezin nuen lorik hartu, baso berde argitsu batean egon nahi nuen eta ezin, lokartzeko pilulak hartzen hasi nintzen, denak Mikel gogorarazten zidan, eguneroko gauza txikiek, banilla usainak, petrikor usainak, eguerdietan kaletik pasieran dabilenak entzuten dituen etxeetako kubierto soinuak, Mikelen argazki guztiak kaxa batean gorde nituen baina oraindik hitz egiten zidaten, oparitu zidan lanpara horiak keinu egiten zidan logelako txokotik, gogoratu nahi nuen hilda zegoela baina delirio betean sortzen zitzaizkidan hamar mila kolore eta 4K-n berarekin bizi nituen momentu eder guztiak.

Maiatzeko azken ostiralean Ulayk hitz egiteari utzi zion. Hiru aste ziren aireportuko despedidaren egunaz eta, Margaren klasetik bueltan, ohiko moduan, paseatzera irten ginen. Kalea ohi baino isilago zegoen egun hartan, jende gutxi eta hego haizea. Nik hitz eta pitz jardun nuen, goizean egin nuenaz, eguerdian egin nuenaz, ilarrak bazkaldu ditut, eta zuk? Ez zidan begiratu ezta erantzun ere. Zer moduz klasean? Ez zuen aurpegiko giharrik mugitu, automata bat bezala ibiltzen jarraituz. Telebistan ikusi dut olagarroek hiru bihotz dituztela.

  Hori esan ondoren larritu nintzen benetan: bere erantzunaren zain, isiltasuna baino ez nuen topatu, beste edozein egunetan pentsaezina litzatekeena. Ia entzun ere egin nuen espero nuen erantzuna: ez duzu telebistan ikusi, nik esan nizun joan den astean. Urpean hiriak ere eraikitzen dituzte batzuetan. Baina egun hartan ez zen erantzunik: ondotik pasatzen ziren txakurrei ez zien begi-keinurik ere egin.

Handik hiru egunera, konbentzituta zer gertatzen zen banekiela, Margaren etxera joan nintzen eta esan nion Ulay ez zela bere klaseetara gehiago itzuliko. Semearen gogoz kontra, Margak eskainitako gaileta suitzarretatik bakarra hartu eta martxa egin genuen handik. Ezin nuen sinetsi: bizkarra hausteraino egina nuen lan, nire bihotz osoa utzi nuen Ulay maitasunezko ingurune batean hezten, beti neure burua kuestionatuz eta hobetzen saiatuz, orain sentitzeko ez nuela nire semea ezagutzen, ezin nuela inola ulertu ez kendu ahotsa jaten zion har madarikatu hori.

  Lehorgailua jo eta jo ari da. Pi-pi-pi-pi azkarrak egiten ditu, arropa bat danborrean katigatzen denean egiten duen soinua. Nire hipnositik atera naiz, eta ez naiz bakarra: alboan ditudan emakumeek begira-begira egiten didate orain, bostetik lauk gaitzespen-begirada dutela. Lehorgailuko atea ireki, barnean katigaturik gelditu den kuleroari indarrez tiratu, beste arropekin batera jarri eta zerbait jada lehorra dagoen errebisatu. Galtza bakero baten poltsikoan, tolesturik, aspaldi letren tinta galdu zuen egunkari-orri zati bat. Ederki gogoan dut zergatik ekarri zidan bizilagunak, apropos moztuta: ‘37 urteko behargin bat hil da Hondarribiko aireportuan. M.M., jaiotzez donostiarra, hegazkin-arrapala batek harrapatuta zendu da. Ikertzeke daude ezbeharraren nondik norakoak’. Iltzatuta ditut oraino hitzok buruan. Orri-zatia gorde eta arropa lehor gehiagoren bila nabilela, makinen ondoko erakusleihotik gorpuzkera txiki ezagun bat pasa da oinez, lehorgailuaren atea indarrez ixten dudan bitartean.

Laneko lehen egunean, Mikel pozarren zegoen. Aspaldi zen lan bila zebilela eta, betidanik ostalaritzan aritua bazen ere, gogoa zuen aspalditik zerbait ezberdinean aritzeko. Hegazkinetako arrapalen jartzaile-kentzaile lan bat behar zenaren iragarkia ikusi zuenean, minutu bakarra behar izan zuen erabaki, zenbakia tekleatu eta deitzeko. Hurrengo asteetan gauza pisutsu asko mugitu eta barre asko egin nuen: Mikel gure etxera aldatu zen, aireportutik zeukan gertutasuna zela medio, eta Ulay eta bere arteko harremana gero eta gehiago estutzen joan zen. Txantxetan esaten nien zuek elkarren artean gehiago hitz egiten duzue nirekin baino, baina egia zen: zeloak ematen hasi zitzaizkidan momentuan pentsatu nuen agian zerbait ongi egiten ari nintzela, nire pertsonekiko punteria ederra zela, elkarren artean banaezinezko loturak izango zituzten pertsonen zubi nintzela. 

Mikelek egunak pasatzen zituen kanpoan, bere kontratuak hala eskatuta: gure herriko aireportuaren eta París-Orlyren artean mugitzen zen. Batzuetan etxera telefonoz deitzen zuten, esanez ‘is it Mikel there?’ edo ‘Mikel est là?’. Pertsona famatu baten emazte nintzela imajinatzen nuen orduan, eta bere idazkaria banintz bezala erantzuten nuen. ‘No, he’s not here but I can give you his address. He is in Orly now’. Orly entzun eta berehala mozten zuten telefonoaren beste aldean. Ni eroso sentitzen nintzen, fikziozko telesail bateko protagonistetako bat izango banintz bezala.

Ulay Mikelekin hondartzara joaten hasi zen hura gurekin zegoen aldiro, eta bueltakoan beti egoten ziren izugarri aztoratuta. Ama, gaur buiaraino joan naiz igerian eta ama, gaur hondarra eman diot jaten txakur bati eta ama, gaur Mikelek eta nik lasterketa egin dugu malekoiraino. Hainbeste maitasun eta bizipoz zerion, ez zitzaidala asko axola beraiek han ziren bitartean enkarguak egitea: ogia, afaria, arropa, zaborra. Berriz hurrengo egunean: ogia, afaria, arropa, zaborra. Ogia eta ongia. Telefonoak deitzean ‘Mikel est là?’-ri erantzuteko frantsesez praktikatu: ‘Il est sur la plage avec son fils’. Telefonoak deitzen ez zuelako tristetu. Zertarako praktikatzen dut hainbeste?’. Eta gaztelaniaz ere galdetuko balute praktikatu: ‘está en la playa con su hijo’. Italieraz: ‘è in spiaggia con suo figlio’. Kurios, halakoren batean nire buruari galdetzen nion azken boladan interneten hainbeste aipatzen ziren tradwife horiek horrela sentituko ziren, gogoratuz nonbaiten irakurri nuen ‘emakumeok ohitzen gara bizitza guztian zehar itxaroten egotera’, Aretha Franklin kantatuz pasatzen zitzaizkidan egunak. The moment I wake up / before I put on my makeup / I say a little prayer for you… Pozik nengoen, gero bueltatzen zirenean berriz ere entzungo bainuen beren hitzetatik itsasoaren hotsa. Pozik, Ulayri gero erakutsiko bainion egun hartan ikasi nuena. ‘È in spiaggia con sua famiglia’.

Piiiiiiiip egin du lehorgailuak eta gelditu egin da. Argitxo gorriak dio saioa amaitu dela. Betiko legez, supermerkatuko poltsa berrerabilgarria atera dut poltsatik eta zabaldu egin dut, arropak bertan sartzeko. Kuleroak, galtzerdiak, galtza bakeroak, poltsikoak urratuta dituen jertse marroia, Yoda panpinaren tunika eta bi eskuoihal. Diru-zorroa bakarrik falta zait -non utzi ote dut?- eta garbigailuen ilarara noa zuzen haren bila. Gaur ez dakit burua non dudan. Erakusleihotik kanpora begiratu eta norbait ezaguna ikusi dut ate aurrean.

 - Ama… zerbait kontatu behar dizut.

Apirilak bost zituen egunean deitu zuen telefonoak. Bi aste ziren Mikel oporretan zegoela eta hondartzan geunden, lehen aldiz, biok. Ez nuen hondartza bereziki maite, hori bazekien, baina Ulay gaixo zegoela eta etxean gelditu zenez, konpainia egin nahi nion Mikeli, eta, bide batez, azkenaldian bizi ez genituen momentu bakarti horietako bat pasa. Frantsesez galdetu zuen bestaldekoak, eta Ulayk erantzun: ‘Il est sur la plage avec sa femme’. Baina ez al zekiten Parisko lankideek Mikel oporretan zegoela? Hori ez zekien frantsesez nola galdetu. Ordea, lineaz bestaldekoak harritu zuen, gaztelaniaz hizketan hasi baitzitzaion, hizkera frantsesaren kutsuaz: ‘Mikel tiene su casa aquí. Tiene su hija aquí. ¿Quién es vous?’

Aireportuko atean gara berriz, garbitegitik azkar batean aterata. Ez dut ulertzen zertara gatozen, baina Ulay lasterka doa eta ni atzetik, enkargu poltsek uzten didaten neurrian. Guardiak utzi digu almazenera sartzen, Ulayk hala eskatuta, Mikelen gauzak har genitzan. Orain arte ez dut kemenik izan bertara sartzeko. Lanpara fosforeszentearen argipean azkar mugitzen da gorputz txikia, bertan lehenago egon denaren ziurtasunaz. Biltegira sartu eta negarrez hasi da instantean.

 - Ama… nik kendu nion pieza arrapalari.



  

  


 


Comentarios

Entradas populares de este blog

La Asamblea de Mujeres de Estella-Lizarra (Navarra) convoca el XXIX Certamen de Narrativa Premio “María de Maeztu” con arreglo a las siguientes bases.

  La Asamblea de Mujeres de Estella-Lizarra (Navarra) convoca el XXIX Certamen de Narrativa Premio “María de Maeztu” con arreglo a las siguientes: BASES  1. Podrán concurrir todas las mujeres mayores de dieciséis años de cualquier nacionalidad o residencia. 2. Este premio tiene dos modalidades, en lengua castellana y en lengua vasca.  3. El trabajo presentado deberá reunir las siguientes condiciones: a) Estar escrito en lengua vasca o en lengua castellana. b) Ser original e inédito. c) No haber sido premiado en ningún otro certamen. Ni estar presentado con igual o distinto título a otro premio literario pendiente de resolución. 4. El trabajo tendrá una extensión máxima de diez folios, mecanografiado a doble espacio y por una sola cara. Iguales condiciones rigen para los trabajos confeccionados a ordenador, debiendo adoptarse el tipo 12, modelo Times New Roman para el tamaño de letra.  5. El tema será libre, a ser posible lo más variado.  6. Cada autora podrá con...

CONVOCADO EL CERTAMEN LITERARIO XXVIII PREMIO MARÍA DE MAEZTU.

CERTAMEN LINTERIARO: XXVIII PREMIO “MARÍA DE MAEZTU”  El plazo de admisión de las obras finalizará el día 19 de julio de 2024. La Asamblea de Mujeres de Estella-Lizarra (Navarra) convoca el XXVIII Certamen de Narrativa Premio “María de Maeztu” con arreglo a las siguientes: BASES  1. Podrán concurrir todas las mujeres mayores de dieciséis años de cualquier nacionalidad o residencia. 2. Este premio tiene dos modalidades, en lengua castellana y en lengua vasca.  3. El trabajo presentado deberá reunir las siguientes condiciones: a) Estar escrito en lengua vasca o en lengua castellana. b) Ser original e inédito. c) No haber sido premiado en ningún otro certamen. Ni estar presentado con igual o distinto título a otro premio literario pendiente de resolución. 4. El trabajo tendrá una extensión máxima de diez folios, mecanografiado a doble espacio y por una sola cara. Iguales condiciones rigen para los trabajos confeccionados a ordenador, debiendo adoptarse el tipo 12, model...

2020 Premio Euskera: ELISA

  ELISA   Autora: Lierni Azkargorta Ruiz de Egino     Bere logelako atea erdi irekia ahaztu dute. Gerria erdizka estaltzen dion izareak, ehun eta orezko ozeano zuri bat sortu du bere nahasmenean. Atearen zirrikitutik, hari luze baten eitean, haizea dabil txistuka; sartu- irtenkako eztabaida horretan, ate ertzaren eztarritik bibrato kizkurrak askatzen dihardu. Arranpa ikustezinak, kiribilkor, gelaren antrora iritsi eta soilik sorgin-orratzi batek iragatzi dezakeen etorkizun hurbil horri buruzko asmakizunetan lehertu dira. Elisak, sukarrak eragiten dion izerdi hotza bekoki ertzean, haizearen zalantza ikurrak sumatu, eta begiak zabaldu ditu. Zerbait ondo ez doala ulertu du. Hamar bat egun izango da ez dutela sotoko jantokira jeitsi. Ez zaio aspaldian inor bisitan etorri; ez du telefono dei bakarrik izan. Bere hiru alaben berririk ere ez. Azken egunetan, egoit zako errutinaren tanta motelek, ur laster handiak sortu dituztela dirudi; eta honi, susmo txarra har...