AZKEN TRENA
Ainara Elizondo Lizarraga
Arratsaldeko bostak laurden
gutxi, maiatza. Tuneletik atera berria
zen trenaren antzera sartu ohi zen sukaldeko atetik Maialen. Bizkar-zorroa
arrapaladan bazter batean uztearekin batera, begiak ogi tartera. Marmarrerako
ere gairik ez mamian gordeta. Sabela beteko bazuen, beste behin berak hartu
beharko zuen jakia hozkailu barrutik,
jakirik bazen, behintzat. Ama ez zen erosketetara joana goizean, hozteko
makinaren barrunbe hutsak ziren lekuko. Apalera jo eta bertatik bizpahiru
txokolate zati bahitu behar derrigor. Gustuko zuen Maialenek kakaoa, nahiz eta
aste berean boskarren aldiz askari bera irentsi beharrak gozoa ere mingots
bihurtu edozein etxetan. Begiak itxi eta urdaiazpikoa dela sinistu behar duzu
errepikatzen zion bere buruari serio arraio. Euskara irakaslearen ahotik,
gizakiok irudimena gehiago elikatu beharko genukeela entzun zuenetik, sekulako
meriendak egiten zituen. Gezurrezkoak guztiak, baina dibertigarriak.
Errealitateak fizkioa gainditzen zuela esan zuenak ez zuen arrazoirik falta.
Kanelok inbidiaz begiratzen zion
arratsaldero Maialeni. Jaki zatiren batek irrist eginez gero, adi egoten zen.
Gertu, katuaren ofizio-araudiak ezarria zuen moduan. Noizbehinka sardinen bat
ahora ekarraraztea lortzen zuen, bai, baina oso lantzean eta bakan. Maialenek
sardinak ez zituen gustuko izaten eta orduan oroitzen zen katuaz, trumoi
garaian Santa Barbaraz gogoratzen
denaren modura. Bati goragalea sortzen zionak, besteari aparrez betetzen
zion ahoa. Kontua askari legea mendean hartzea izaten zen, gainerako otorduez
ama baitzen arduradun. Maialenek maiz esaten zion amari magia ikastarorik egina
ez zuen aztia zela; bizpahiru osagairekin sekulako otordua prestatzeko gai zen
sorgina. Etxe hartan irudimenak eltzetik
gainezka egiten baitzuen, sukaldeko apaletan jasotako miseriarekin kontrastean.
Huraxe zen San Frantzisko kaleko boskarren solairuko etxebizitzaren panorama estua.
Etxe askotan lau pareten isiltasunean ezkutatzen zen drama, Maialenenean, ordea, nahita ere gorde
ezin zitekeena. Amak kalean ez txintxik ere esateko erregutzen zion gauero,
maindire zaharren fereken artean. Bere adatsa laztantzen zuen bitartean,
familiaren hobebeharrez isilik egon behar zuela azaltzen zion. Bizilagunek ez
zutela euren bizimoduaren berri izan beharrik, alegia. Maialenek, berriz, amari
arratsero egindako zinari irmo eusten zion hurrengo egunera arte,
Scheherezaderen ipuinean bezala, gaua hurrengo egunarekin kateatuz. Batzuetan,
isiltasuna bera edozein esaldi baino salatariagoa zela jakin gabe. Lan nekeza
zen, ordea. Eraikinean kuxkuxero asko zegoen eta begiluze gehiegi ate
bakoitzaren behatxuloari iltzatuta. Hainbesterainokoa zen batzuen jakin-mina,
ezen Maialenek bizilagunak hiru taldetan sailkatuak zituen. Seigarren
solairukoak, esaterako, “maila hotzekoak” ziren, hau da, eraikinean gertatzen
ziren gorabeherez inolaz ere jabetzen ez zirenak. Bizitzen zekitenak eta besteri
ere bizitzen uzten ziotenak inolako liskarrik eta misterioren bila ibili
beharrik gabe. Hirugarren eta laugarren solairukoak, berriz, “maila
ertainekoak” bete-betean. Ospitaleko X izpien makinak baino erradiografia
zehatzagoak egingo lituzketenak begirada hutsaz. Mahai gainean zopa beroa bere
horretan hozten utziko luketenak, eskaileretan gora zihoan bakoitza nor
zen jakite hutsagatik. Lehen eta
bigarren solairuko bizilagunak ziren, dena den, norgehiagokan txapeldun.
Maialenek izendatuak zituen eran, erredurak bezala, “hirugarren gradukoak”.
Atalondoko atearen kisketa hotsa sumatu orduko, lehen zenbakiko atsoa hantxe
egoten zen, beti tente alfonbra ondoan. Ehiza zakurra baino erneago
oilagorraren zelatan. Maialenen ama, hala ere, bizilagun guztiekin ondo
moldatzen saiatzen zen, sesioetatik ahalik eta gehien aldenduz. Tamalez, zaila
zen txutxumutxuen artean bakerik izatea eta are zailagoa, esamesen epizentroa
norberaren etxe barruan kokatzen bazen. Amari ez zioten sekula zuzenean ezer
ere esan, baina ondotxo zekien hizketagai askoren ardatz zela. Nahi gabe
kafesne askoren azukre bihurtu izango zela, bere bizimodua lana eta sukalde
txokora mugatzen zelako, baina berari bost. Bost, hogeita bost eta laurogeita
hamabost. Zerbait irakatsi bazion bizitzak Maialenen amari, inori kalterik egin
gabe bizi behar zela zen eta mihian
pozoina behar zuten bakarrak sugeak zirela eta ez bi hankakoak. Lezioa gazte
ikasi zuen eta alabari ere besterik ez zion errepikatu etxe hartan bizi
zirenetik. Arropari ez ezik, gizakiei ere neurria hartzen ikasi behar zela eta
errespeturik jasotzen ez bazuen ere,
berak irribarrez erantzun behar ziela eraikin hartako guztiei. Goikoei eta
behekoei, hiru graduko sailkapen berezi
hura osatzen zuten guztiei. Tristeena, gainera, ez baitzegoen horma haietatik
at, etxeko lau pareten artean baizik.
Irenek ez zekien eserita egotea zer zen.
Ezin geldi egon ametsetan ere. Maialen izan zuenetik, gainera, bizpahiru ordu
gutxiago egiten zituen lo eta horretara ohitu zen. Beharko ohitu, beste erremediorik
ezean. Ez zion inori aitortua, baina askotan pentsatu zuen denboran atzera
egiteko aukerarik balu, Maialen gazteago edukiko zukeela eta ez berrogei urte
pasata. Trena galdu aurretik ekin zioten Oscarrek eta berak guraso izatearen
abenturari, baina Irenek susmoa zuen ez ote zen tren hura izan gauzak zuzendu
beharrean okertu zituena. Haurdunaldi garaian bere sabela bizi berriaz
puztutzen zen heinean, orduan eta jokaera arraroagoa zuen Oscarrek etxean.
Horregatik, Irenek tren hura berandu samar hartu zuelako susmoa izan zuen beti,
nahiz eta hartutako erabakiaz ez zen damu inolaz ere. Gainera, bederatzi
hilabeteko ibilbide hartan harri koxkor
ugari amildu ziren bidera eta Irenek garesti ordaindu zuen ama izan nahiaren irrika.
Lehen behaztopa zapata fabrikako nagusiaren kontura izan zen. Ginekologotik
bueltan, aldagelan gordetzen zuen mantalaren patrikan fabrika-buruak gutun-azal
itxia sartu zionekoa. Irenek disgustuarekin haurra han bertan galdu ez zuenean…
Azken soldata, eskupekoa opari eta sei urteko zerbitzuengatik zurikeriaz
beteriko hiruzpalau esaldi gordin. Hura zen Irenek Maialen jaio aurretik jaso
zuen lehen saria: kaleratzea. Nahigabeak nahigabe, lantegiko mantalaz xukatu
zituen geratzen zitzaizkion azken malkoak eta gutun-azalaren ordainetan,
ohartxo bat utzi zion nagusi izandako hari. Esku dardartiak ez zion argiegi
idazten utzi azken letra, baina mezuak ez zuen azalpen zabalagorik behar.
Makillajerik gabe atera zitzaion barrenetik eta bulegoko mahai gainean laga
zion. Xehe bezain lau. Erruki dut zure ama.
Trantze txar hura pasata, erditzea askoz ere
okerragoa ez zela izango sinistuta igaro zituen Irenek hurrengo hilabeteak.
Hasieran lanak izan zituen azturak aldatu eta langabetu egoera berrira
egokitzeko. Asteak pasa ahala, ordea, ekaitza barealdi bihurtu zen eta
apurka-apurka bizimodu berrira ohitzen joan zen. Lankideentzat ere ez zen
erraza izan Ireneren hutsunera jartzea; aitzitik, batzuei zapata gehiago
ekoitzi beharra maldan gora egin zitzaien laguna kanporatu zutenean. Bidegabea
izan arren, ezin nagusiari bi hitz esan. Lansaria arriskatzea zen eta Irenek
ere hala eskatu zien behin eta berriz; ez zuela merezi nagusiarekin errietan
ibili eta lanpostua galtzea. Berak zihoen bezala, batzuetan baziren ihes egiten
utzi behar ziren trenak. Bihotzik gabeko bagoiez osatuak eta herdoilak
jotakoak, batik bat.
Bederatzi
hilabete haietan egun asko higatu zituzten olatuek. Irenek gustuko zuen
malekoian eseri eta orduak ematea bertan arrantzan ari zirenei begira. Itsasoa bezain aske zela sinistarazten zion bere
buruari, nahiz eta errezelaren atzealdeko funtzioa bestelakoa izan.
Makina bat gau ere joan zitzaizkion ilargiaren aterpean, Oscar tabernatik noiz
itzuliko zain. Batzuetan, marinelaren emazte bailitzan sentitzen zen, beti
esperoan. Itsasgorak senarra betiko eraman edo betiko ekarriko zion zalantzan.
Irene gaztetatik hasi zen lanean eta Oscar biziki maite zuen. Oscarrek ere oso
goiz ekin zion lanean hasteari. Irenek bizitza emango luke Oscarrengatik.
Oscarrek bizitza erdia ematen zuen edalontziekin; beste erdia errietan. Barra
zuen ofizio eta afizio; erlijiotzat, berriz, taberna, ardo ona eta pilota. Igandeetan
iberiar urdaiazpikoa xerra finetan eta telebistako herri kirolen ondorengo
siesta. Horixe bere birikei arnas ematen zien guztia. Horregatik, Maialen jaio zenean, bere
txikitasunean handi geratu zitzaion Oscarri alaba. Hasiera batean umerik ez
izateko baldintzarekin ezkondu zen, baina Irene gaiarekin tematu eta azkenean
berearekin atera zen. Aitaren lekuan aitona izango zela esaten zion Oscarrek.
Berrogei urteko ataka estua zela eta bera hirurogei urtera iristean, Maialenek oraindik hogei besterik
ez zituela izango. Hirurogei urterekin erretiroa besterik ez zuela izango
buruan; ez nerabe baten hormona dantza eta lotsagabekeria. Ireneri ilusioa
egiten zion amatasunak, baina senarrak beruna sartzen zion poltsikoetan
behingoz zerutik lurrera jaits zedin. Hala eta guztiz ere, elkarren artean hartutako
erabakirik ederrena izan zen. Hiru kilo pasatxorekin jaio zen haragi zati txiki
hark ezin zoriontsuago egin zituen biak. Barealdiaren ostean, ekaitza
iragartzen duten hodeiak nahi baino lehen agertuagatik.
San Frantzisko kaleko pisu zahar hura txikia
zen, baina goxoa. Negu partean erraz berotzen zena berogailua gehiegi piztu
gabe eta udaberriko lehen eguzki printzek berehala epeltzen zutena. Lehendik
bizi zireneko apartamentua txiki geratu zitzaien, horregatik, Maialen jaio
zenean, etxebizitzaz aldatzea erabaki zuten Irenek eta Oscarrek. Zenbait
aurrezki bazituzten eta gaitzerdi. Irene kaleratu zutenean, zapata fabrikatik
jasotako diru pizarra lau pareta haietan xahutu zuten; hormak margotu, hodiak
berritu, komuna nolabait itxuratu… Goitik beherako aldaketa eman zioten 60
metro karratuko poxpolo kaja hari. Oscarrek hala irizten baitzion erosia zuten
etxe berriari: asko kostatako poxpolo kaja. Maialenen gela ere ahal bezain
dotore apaindu zuten zetazko xingola arrosez eta puxikez. Irenek ez zuen
senarra sekula hain artega eta pozik ikusi aldi berean, ezta tabernan lanean
hartu zutenean ere. Alabari aurpegia ikusi zionetik, zuen adina ahaztu zitzaion
eta gaztetatik bizkarrean zuen herniak ere ez zion halako minik ematen. Oscar
hamar urte gaztetu zen kolpetik ebakuntza-gelatik pasa gabe. Ireneri gau batean aitortu zion bezala, uste baino
bizipoz handiagoa ekarri zuten zazpi letra haiek etxe hartara eta huraxe
izan zen euren harremanak behar zuen hauspoa eta indarra aurrera egiteko.
Tamalez, naturan gertatu ohi den bezala, batzuetan zuzenenak diruditen adarrak
ere okertzera jotzen dute, eta zoragarria zirudien etxe hartako giroa pixkanaka
pitzatzen hasi zen ustekabean. Errurik ez zuen maizterraren kontura gainera,
etxe askotako ohiturari jarraituz.
Maialen mundura etorri zenean, Oscarrek egin
zuen lehen gauza telefonoa eseki eta amari hots egitea izan zen, seme zintzoaren
modura. Mariak jaso zezakeen oparirik ederrena zen amonaren tituluaren jabe
egitea, baina hainbeste urte ziren erregalu haren zain… Unea iritsi zenean,
albistea sinistu ezinik, begiak zeharo bete zitzaizkion.
Lehen egunetan bakean utzi zituen Mariak
guraso berriak; ez bisitarik, ez telefono dei gogaikarririk. Gogoan zuen Oscar
jaio zenean ze egun latzak igaro zituen etxera etortzen ziren haiek artatu
ezinik. Egunez bisitak jasoz eta gauez begirik bildu ezinean. Etxerik gabekoak ziruditen haiei ostatu
ematen, alajaina. Gero bakantzen joan ziren bisitariak, baina gauak gero eta
gehiago luzatzen hasi ziren, eguzkiak eta ilargiak sehaska txiki hartan bat
egiteraino. Oscar handitzen zihoan heinean, Mariari indarrak ahultzen joan
zitzaizkion eta errematea senarraren istripua izan zen. Haurrak sei hilabete
eskas zituenean geratu zen Maria alargun eta lipar hartatik aurrera erakutsi behar izan zuen semea hazi ahal
izateko amatasunak emandako adorea eta kemena. Ederki zekien zer zen bularrak
esnez lepo edukitzea, ilea lasai ezin garbitzea, umearen negarra garunean
iltzatuta sentitzea gau eta egun… gogorra zen amaren papera, baina gogorragoa
oraindik amarena egin eta aitaren hutsunea bete beharra. Bi langintza gogor
eguneko hogeita lau orduz jarraian eta laguntzarik gabe. Ama eta alargunaren
ofizioa bakardadeak irakatsi zion eta inoiz leziorik eman bazion bizitzak,
senarra galdu ondorengokoa izan zen. Umearen gaixoaldiak inorekin partekatu
ezina, esnezko lehen hortzen poza bakardadean igaro beharra… zenbat orotzaipen
hits. Horregatik, lehen une eder haiek elkarrekin goza zitzaten, lasai utzi
nahi zituen Mariak semea eta erraina. Ez
zuen bien arteko liskarrerako gaia izan nahi, nekea gailendu eta pazientzia
agortzen zen erditze ondorengo egunetan. Hobe urrunetik adiskide gertutik etsai
baino.
Oscar ezkondu zenetik, lau pareta artean
bizi zen Maria. Esnatu bezain pronto, sukaldeko irratia piztu ohi zuen eta
ondoren, ohera itzultzen zen bertatik goizeko lehen albistegia entzutera. Hala ere, gehien axola zitzaiona
eguraldiaren iragarpena zen eta albistegiaren ondorengo arrosarioa.
Adineko zenbaten bizitza luzatu ote duen
historian zehar eguraldiaren aferak… eguerdi aldera kalera ateratzen zen ogi
bila eta karrikan zehar topatzen zituenekin tertulia luzatzen saiatzen zen, bai
baitzekien etxera itzultzean zer zuen. Zer zuen edo zer zuen falta. Egunak,
asteak eta urteak ematen zituen ohikeria berean, inork gurpil horretatik sekula
ateratzeko esperantzarik gabe.
Gurpila, dena den, euriak hezetutako gau
hartan eten zen ustekabean. Maialenek sei urte bete berriak zituela besterik ez
zuen gogoan Mariak; gainerakoa ospitalean bertan kontatu zioten. Lehen
solairuko laurehun eta boskarren gela. Esnatu eta bat-batean erietxeko ohean
ikusi zuen bere burua, besoetan autopista baino luzeagoak ziruditen plastikozko
hodiak josita zituela. Kristalezko bi botila handi zintzilik, zutikako lanparak
bailiran. Gaizki lisatutako bata fina soinean. Irenek sendo eusten zion eskua,
baina Mariak ez zuen inora alde egiteko asmorik; ez asmorik eta ez indarrik
ere. Bata zimurregia zegoen bere gusturako, baina tira. Berak galdera luzatu
aurretik, Oscar tabernan lanean zela esan zion errainak. Ez esan hemen
nagoenik, larritu egingo da. Etxekoandre askoren antzera, lehenbizi semea zen
eta ondoren, norberaren osasuna. Ama onaren dekalogoko lehen araua:
seme-alabengatik esna emandako gau guztiak haizeak eramango ditu. Guztiaren
truke, ezereza ordainetan. Mariak ez zuen Oscarren kontrako hitz txarrik esaten
sekula, baina konturatu egiten zen, eta lotsatu, eta isildu.
Patuak ozen adierazi zuen arte bakoitzaren
lekua. Usoak otso larrua agertzeraino.
Medikuak argi azaldu zion gertatutakoa
abisua izan zela eta ezin bizi zitekeela bakarrik aurrerantzean. Uneak noizbait
iritsi behar zuela, alegia, eta ezin luza zitekeela kontua gehiago. Arrisku
handiegia zela bakarrik bizitzen jarraitzea. Kolore guztietako pilulak hartu
behar izango zituen gainera eta garaia zen norbaiten laguntza jasotzeko.
Herioaren deiadarra ahula izan zen, baina auskalo hurrengoan bestelako
aukerarik luzatuko zion bizitzak. Irenek esaten zion bezala, txiripak gutxitan
izaten ziren eta urteak bete ahala, gutxiago. Tristeena, berriz, errainaren
hitzak egiaz beterik zeudela zen eta Maria ez zela gai bakardadearekin luzaroan
borrokatzeko. Gaztetan gogotik aritua zen lanean, baina zimurrak gailenduz
geroztik, dena zen aldapan gorakoa. Belaun herdoildu haiek ez zuten nerabezaroko
malgutasunik jada. Hezurrek ere paper hutsezkoak ziruditen eta ileek ere,
udazkeneko horbelek bezala, aspaldi ikasi zuten hegan egiten.
Hasiera batean lotsaz onartu zuen semearen
etxera bizitzera joatea, baina di-da batean ohitu zen Maria hango
eskaileretara, ohe berrira, Maialenen bihurrikerietara… Bostetan joaten zen
siestara eta Irenek merienda garaian esnatzen zuen seiak aldera. Oscar gutxitan
ikusten zuen, beti lanean baitzegoen, baina Mariak ohikoa ez zen zerbait
nabaritzen zuen etxean. Ez zekien zehatz-mehatz nola adierazi, baina konturatua
zen berak ez zekien zerbait gertatzen zela inguruan. Azkar egin zen bizilagunen
adiskide, nahiz eta Irenek ez zuen gustuko amaginarrebak haiekin denborarik
pasatzea. Erne, kontakatilu samarrak dira esaten zion maiz haiekin ahalik eta
gutxien hitz egin zezan. Eskailera haietan
bazen, ordea, sekretu edo ezkutuko konturen bat eta sekretu guztiak
bezala, bi lagunek jakitea aski sekretu izateari behin betikoz uzteko.
Bostak jo zutenean, arratsalderoko ohiturari
jarraituz joan zen siestara Maria udako egun sargori hartan. Ondo entzuten ez
eta baziren bizpahiru hilabete audifonoaren mende bizi zela, lotarako salbu.
Arratsalde hartan, ordea, ezinezkoa zen begirik biltzea. Labeko edo infernuko
atea zabaldu zutela zirudien. Beroaren amorrazioarekin, gainera, entzuteko
gailua ere kentzea ahaztu…desastre hutsa. Bere lo ezinarekin tematuta, kanpoko
atea sumatu zuen. Dena delakoak zakar ireki bazuen, are zakarrago itxi zuen
danbatekoaz. Jarraian mila zatitan puskatutako kristal hotsaren drama. Maria
bitartean luze-luze ohean etzanda arnasari eutsiz, gerta zitekeenaren beldur.
Lapurren batek izan behar zuen ezinbestean, bestela ez zegoen ulertzerik halako
iskanbila. Emakume negar hotsa ondoren eta atearen danbatekoa berriz ere.
Ekaitz ondorengo barealdia eta isiltasuna segidan. Mariak, badaezpada,
entzungailua kendu eta ohe ondoko gau-mahaian utzi zuen. Ordu erdi beranduago han zuen Irene esnatzera
etorria eta aparailua jartzeko keinu eginez. Platera puskatu zait eta eskua
ebaki dut esanez esnatu zuen amaginarreba. Maialen ikastolako lagunaren etxean
zen taldeko lana egiten. Katua alferregia zen platerak puskatzen ibiltzeko.
Lapurraren aztarnarik ez. Ireneren eskuan ebakia lotzeko hesgailua; lastima
bihotzaren zauriak ere benda bidez ezin sendatua…
Maialenek bakean uzten zituen tarteetan,
isildu gabe aritzen ziren berriketan Maria eta Irene.
Arrain zopa egiterako garaian ez ziren
sekula ados jartzen, ezta arropa zuritzeko moduan ere, baina elkar zinez
estimatzen zuten. Gai bakarra zen ukitzen ez zutena eta Irenek aipatu nahi
izaten ez zuena. Inoiz Maialenek nebaren bat beharko lukeela entzunez gero,
Ireneri begiak gorritu egiten zitzaizkion eta komunerako bidea hartzen zuen
tripako minaren aitzakiapean. Zapata fabrikako garaiak etortzen zitzaizkion
gogora eta bihotzik gabeko nagusi zikoitza. Hura ere estakurua zen, ordea,
adina bezala. Gortinaren atzean errealitate gordinagoa ostentzen zen eta Irenek
ez zuen nahi inolaz ere urteetan zehar estalita egon zen gezur hark argia ikus
zezan. Ez zion azken trenari ihes egiten utzi nahi, nahiz eta aspaldi
errailetik irten zen eta Irene ez ezik, Maria ere konturatzen hasia zen.
Arratsaldeko laurak laurden gutxi,
urria. Infernutik iritsi berria zen
deabruaren antzera sartu zen sukaldeko atetik. Arropa zikinak lurrean utzi eta
ardo botilaren lepoa igurtzi zuen mihiaz. Hordi bezain zikin tabernako lanaldia
amaituta. Inork ikusita, ez luke asmatuko barraren zein alde legokiokeen,
bezeroarena ala langilearena. Amorruz zetorren, sesio bila. Ez zuen nahikoa
edana izango zortzi orduren buruan. Delirium tremens. Bizpahiru plater hartu
eta lurrean lehertu zituen, azken hilabeteetan bezala. Sekulako plazera ematen
zion kristalak, lurrarekin talka egitean, sortzen zuen soinuak. Isiltasunak are
gehiago urduritzen zuen, norbait behar zuen ondoan lehenbailehen barrena
hustutzeko eta bere aurrean makurrarazteko. Boteretsu sentiarazten zuen
indarkeriak. Alkohola zainetan barrena, abiadura handiko trenaren lasterketa
bertsuan. Emaztearen izena oihukatu zuen mila bider, otsoa basoan ainuriz
balego bezala. Isiltasunaren oihartzunak sutan jartzen zuen. Bat-batean
txirrina entzun zen atearen bestaldean. Behingoz, bera zen atea irekitzen zuena
eta ez beste inor. Akabo antzezlana. Uniformez jantzitako bi gizaseme zulorako
bidean gidari. Irene madarikatu zuen, baina ez zen bera izan. Azken trenaren
kea urrunean ikusten zen jada. Atxiloketaren zergatiaz galdetu zuen Oscarrek.
Ertzainak patrikatik tolestutako oharra atera eta eskura eman zion. Mariaren
hizki etzana zen. Adinak ez zion argiegi idazten utzi azken letra.
Erruki dut zure ama.
Comentarios
Publicar un comentario