AITZURRA
Autora: Marisa Zubiri
Oihana ustekabean harrapatu zuen ailegatzean ikusi zuen zalapartak. Jasotako mezuak argi esaten zuen: “Zoaz laster baratzera, zerbait gertatu da eta”. Hala ere ez zuen uste hainbesterako izanen zenik eta iritsitakoan aztoramendu hura ikustean, benetan larritu zen.
Autoa baratzetako ondoko aparkalekuan uztean
aitarena ere bertan ikusi zuen baina ez zion garrantzi handirik eman; aita
osabarekin egon ondoren, askotan joaten
zelako baratzera. Hala ere ordu hartan arraroa zen bertan egotea, ospitalean gelditzen baitzen
egunero gutxienez 6:30ak arte Ageda, osaba zaintzeko kontratatu zuten emakumea ailegatu arte.
Autotik jaitsi eta baratzean azkar sartu
zen. Kanpoko atea irekita zegoen baina
barruan zeuden udaltzainek geldiarazi zuten.
- Oihana Asiain naiz -esan zuen- Nire aita
baratza honen jabea da.
- Zure aita Joxe Bixente Asiain da?
- Bai horixe.
- Aurrera. Bera ere barruan dago.
Bordako ataritik aita ikusi zuen mahai
ondoan eserita. Burua eskuan ezarrita zeukan eta pentsakor zirudien. Hurbildu zitzaionean ez zuen inongo
keinurik egin, ez zen mugitu. Begirada galdua zeukan, bera ikusi ez bazuen
bezala.
- Aita, baina zertan ari zara horrela?
Zergatik dago jende hau guztia hemen? Zer gertatu da?
Gizonak burua altxatu eta barre egin zuen.
Bere inguruari ere begiratu zion.
- Zer? –zezeldu zuen beste toki batean
balego bezala. Baina begiek betiko distira hartu zuten eta Oihanak ezagutu zuen
aitaren begirada narea eta bizkorra. Lasaitu zen. – Ah... Oihana – Xuxurlatu
zuen, bere onera itzulia zela zirudien.
- Aita, zer gertatu da? –errepikatu zuen
gizonaren eskuari helduz- Zergatik dago hemen jende hau guztia? Norekin gelditu
da osaba?
Mezua jaso zuenean Oihana lanean zegoen,
ateratzeko zorian, buruan erosketen zerrenda
eta Saioaren merienda zituela. Baina whatsappa irakurtzean ezinegona
sumatu zuen bere barnean. Mezua Ixak, ondoko baratzeko auzokideak bidalia zen
eta oso arraroa iruditu zitzaion telefonoz bere berri zuen lehenengo aldia zelako. Irakurri zuenean
saiatu zen berarekin hitz egiten baina, hiru aldiz deitu arren, ez zuen
telefonoa hartu beraz, B plana sortu behar eta Enekorekin hitz egin zuen.
- Eneko, kaixo laztana, zer moduz? Oihana
nauk, bai. Aizak, ez zekiat zer gertatu den baina ondoko baratzeko
auzo-lagunak, Ixak, mezu bat bidali zidak handik pasatzeko esanez. Ez zekiat...
pixka bat urduri jarri nauk eta hemendik ateratzean handik pasa nahi diat,
segituan.......Ez, ez, segur aski ez duk deus izanen.......agian lapurtzera sartu
dituk edo......... Ez, ez diat uste. Bai.....baina nik haurra eskolan jaso
behar nian eta orain ez zekiat denbora izanen dudan, horregatik deitu diat,
kontatzeko eta eskatzeko hi joateko umearen bila......Ados........Ez, ez diat
uste. Osabak ospitalean jarraitzen dik, eguerdian ikustera joan nauk momentutxo
batean eta berdin jarraitzen zian............bai.........bai, orain nire aita
zegok berarekin... Ez, oraindik ez zioat deus esanen berari, dena argitzen
denean agian ospitaletik pasako nauk eta horrela aprobetxatuko diat beraiekin
pixka bat egoteko; eguerdiko bisitaldia motzegi izan duk eta. Ados ba, haurra
hire kontu. Gogora ezak merienda eraman behar
dioala............bai............ados, zerbait dakidanean deituko diat. Gero
arte.
Ateratzeko ordua jo bezain laster aitaren
baratzerantz abiatu zen Oihana. Erosketak hurrengo egunerako utzi zituen, ez
ziren ere premia handikoak zerrendan apuntatuta zituenak. Bidean telefonoz
deitu zion berriz Ixari baina, aurrekoetan bezala, auzokideak ez zion erantzun.
Urte luze bat pasa izan zen osabak lehenengo
iktusa izan zuenetik. Egun hartan guztiak baratzean zeuden . Udako arratsalde
beroa zen, beroegia aitaren ustean, baina gustura egoten zen bertan,
intxaurrondoaren itzalak eta ibai ertzak ematen zuten freskotasunarekin.
Barealdi handiko arratsaldea zen eta bere gurasoek lasai irakurtzen zuten
bitartean Saioa belarrean oinutsik jolasten ari zen, kukupelak behatzen,
bitxiloreak zenbatzen, zomorroak zirikatzen eta aitona Joxe eta osaba Bittorren
atzean galderak egiten eten gabe, eta bera izan zen gizonari zerbait gertatzen zitzaiola sumatu
zuen lehenengoa.
- Attuna etorri! –ahots mehea eta kantaria
zuen- Begiratu osabari! Zertan dabil? –Enekok eta Oihanak ez zuten burua
liburutik altxatu baina Joxe bilobarengana hurbildu eta
dardarka zegoen anaiaren aurpegi zurbila ikusi zuen.
- Hi Bittor, zer duk? Ongi hago? Zer duk,
Bittor? Zorabiatu al haiz? Zorabio gaizto hori berriro?
Gizonaren bisaia okertzen hasi zen eta
kolorea gero eta txarragoa zuen. Aitzurra erori zitzaion eta, kulunkan,
baratzeko etxolaren aurrean zegoen bankuraino iritsi eta bertan eseri zen.
Joxek eta haurrak jarraitu zioten.
- Bittor –errepikatu zuen anaiak- ongi hago?
Ez zuen erantzun. Une batean burua altxatu
eta ikusi gabe begiratu zion. Zerbait esan nahi zuela iruditu zitzaion baina
ahoa erabat okertu eta aurpegian keinu arraroa marraztu zitzaion. Saioak beldurrez
begiratu zion eta atzera joan zen. Gorputz osoa astindu keinu oker batez, eskuak burura eraman eta
zerraldo erori zen lurrera. Ordurako Oihana ere bertan zegoen., telefonoa
eskuan zuela, eta 112 laster sakatu zuen.
Joxek
ezin zuen esan zenbat denbora kostatu zitzaion iristea anbulantziari, zorionez
baratzea errepidetik oso gertu zegoen eta minutu gutxitan bertan agertu eta
anaia atenditzen hasi ziren. Ikusi bezain laster ospitalera eramatea erabaki
zuten. Oihana eta bera kotxez joan ziren eta Eneko Saioarekin gelditu zen.
Ospitalerako bidea latza eta luze egin zitzaien, neska gidatuz eta aita ondoan
eserita, biok isilean, kezkaturik.
- Gaur goizean ez zegoen batere ongi
–isiltasuna urratu zuen Joxek- Mina omen zuen besoan eta sorbaldan eta
eguerdian erabat okertuta ikusi dut sukaldean. Galdetu diot ea ongi zegoen
baina berak baietz, beroa zela eta pasako zela. Elkarrekin bazkaldu dugu, betiko
moduan, eta hobeki ikusi dut. Gero lo kuluxkatik jaikitzean buruko mina zeukan,
baina berak esan du baratzera etortzeko...
- Bueno aita, orain medikuekin dago. Agian
tentsioaren kontua da edo....zer dakit nik, ikusiko dugu.
Larrialdietako atetik sartzean bertako
osasun langileak itxoiteko esan zien, Bittor Asiain barruan zegoela eta
aztertzen eta zaintzen ari zirela. Zerbait zekitenean medikua aterako zela
beraiekin egon eta azalpenak emateko.
-Joxe Asiain naiz- esateko beharra sentitu
zuen - bere anaia.
-Lasai Joxe, itxaron ezazue ondoko gela
hartan eta laster izanen duzue berriren bat. Medikuak eta erizainak berarekin
daude, eta egoera egonkortzen denean deituko dizuete.
Itxaronaldia uste zutena baino luzeago egin
zitzaien. Joxek jaiki eta eseri egiten zuen maiz, “Mugitzeko beharra dut”,
zioen, eta kaleko ateraino joaten zen arin itzultzeko beldurrez, ea denbora
labur hartan medikua aterako ote zen zerbait esateko. Jendea pasatzen zen
beraien aldetik eta erizainak beti beste batzuen izen-abizenak esateko sartzen
ziren itxaron gelan. Beroa egiten zuen, sargoria, eta jendearen joan-etorriak
eta urduritasuna etengabekoa zen. Azkenik, atea ireki zen berriro eta beste
erizain bat agertu zen.
- Bittor Asiainen familia? -Aita eta alaba
batera jaiki ziren.- Zatozte hemendik, mesedez, medikuak zuekin hitz egin nahi
du.
Erizainak kontsulta txiki bateraino lagundu
eta haiekin batera sartu zen. Barruan zegoen gizona mahaiaren beste aldean
altxatu eta eskua eskaini zien.
- Arratsaldeon, Bittor Asiainen anaia eta....alaba?
- Iloba.
- Iloba –errepikatu zuen berak – Oso ongi,
ni Josu Martinez naiz, ospitale honetako Neurologia Zerbitzuko kidea, Iktus
Unitatean, eta zuen senidearen mediku arduraduna izanen naiz, ospitalean nahiz
ospitalez kanpo, atentzio neurologikoa ahalik eta pertsonalizatuen emateko.
–Martinez doktorea gizon txikia eta
bizia zen, 50 urte ingurukoa eta oso atsegina eta hurbila zirudien. Bere
azalpenak zuzen eta zehatzak ziren, errazak jarraitzeko. –Bittorrek iktus bat izan du. Iktus hemorragikoa edo garuneko odoljarioa,
ez dira ohikoenak baina... –medikuak hitz egiten zuen bitartean Oihanak sumatzen
zuen nola nahasten ziren bere buruan informazioa, jakiteko grina eta
osabarekiko ardura. Azalpena osatu ondoren medikuak Joxeri begiratu zion
–Zenbat urte ditu zure anaiak?
- Hirurogeita zortzi, ni baino bi urte
gazteagoa da. Bizitza osoa elkarrekin daramagu. Bizitza osoa. –Alabak gizonaren
esku latz eta handiari heldu zion. Larrua gogorra eta zimurrez beterik zeukan
baina momentu horretan harritu zuena bere tenperatura izan zen. Hotz hotza
zegoen. Bestea ere heldu zion. Aitaren eskuak hotzak eta bustiak zeuden, eta
dardara arin bat zutela ere iruditu zitzaion. Beti elkarrekin, egia zen. Eta
gainera, Joxe alargun gelditu zenetik, etxe berean ere bizi ziren.
-
Anbulantzian ekarri zutenean erabat zorabiatuta zegoen, -jarraitu zuen
medikuak- orekarik gabe eta buruko min
handiarekin, ikusmenean ere alterazio larriak zituen. Esan zidaten momenturen
batean konortea ere galdu zuela, baina
hona iritsi zenerako bere onera itzulia zen. Oraingo egoera, esan dizuedan
bezala, egonkorra da, momentu honetan lasai eta minik gabe dago baina arazoak
zeuzkan hitz egitean eta gorputzeko zenbait ataletan ez du sentsibilitaterik.
Dena den oso goiz da, orain 48 ordu itxaron behar dugu bere gorputzak jarri
diogun medikazioarekin nola erantzunen duen ikusteko. Lehengo orduak
erabakigarriak dira. Gaur Zainketa
Intentsiboetako Unitatean geldituko da. Orain nire aholkua da etxera joan
zaitezten eta atsedena har dezazuen. Itxaron behar dugu eta biharko eguna luzea
izan daiteke –Martinez doktoreak jaiki eta eskua eskaini zien berriz agurtzeko
–Bihar hemen egonen naiz eta hitz eginen dugu berriz. -Hasieran bezala, serio
baina hurbila iruditu zitzaion Oihanari –Bihar arte.
Bittorrek aste batzuk pasa behar izan zituen
ospitalean eta atera zenean ez zen pertsona bera. Iktusak utzitako kalteak eta
ondorio txarrak nabarmenak ziren. Gorputzaren alde bateko mugimendu eta
sentsibilitatea ia erabat galduta zeuzkan eta artikulazioetako zurruntasuna oso
mingarria eta deserosoa zen eta, errehabilitaziora joaten bazen ere, zailtasun
handiak zeuzkan hitz egiteko eta berehalaxe nekatzen zen. Zeharo ahul zegoen
eta ahal zuen moduan bere bizitzeko gogo eza adierazten zuen. “Hilko banintz
hobe” esaten zuen batzuetan zailtasun handiz ahoskatuz; eta beste batzuetan
“Hola zertako Joxe? Zertako?” Joxek isilean begiratzen zion batzuetan eta beste batzuetan esan ohi zion “Tira Bittor, hartzak aitzurra eta baratzera joanen
gaituk, gaur eguraldi polita diagu ta” . Eta halaxe egiten zuen, trasteak
prestatu, autoan sartu eta bi anaiak abiatzen ziren. Oihanari bihotza uzkurtzen
zitzaion hura ikustean. Baina Joxek bazekien huraxe zela anaiarentzako terapia
eta errehabilitaziorik onena. Bittorrek aitzurra ikusi bezain laster besoak
luzatzen hasten zen hartzeko eta eskuetan zuenean, bere hatz okertu eta bilduak
eten gabe mugitzen zituen kirtenari modu batez edo bestez heltzeko. Hala ere,
kontsulta egun batean, medikuak hain etsita ikusita, psikologoarengana joateko
aukera aipatu zien eta orduan Bittorrek, kontsultan bertan eta bere moteltasun
eta sasi-hizkera harekin, ezezko
biribila eman zien: “Ez psikologorik ezta apaizarik ere”.
- Ez neukan apaizarengana bidaltzeko asmorik
–esan zion sendagileak.
Joxek eskua anaiaren sorbaldan jarri eta
barre egin zuen. Gustatu zitzaion Bittorren erantzuna aditzea bere izaeraren
adierazle bezala eta hobekuntza seinale
interpretatu zuelako.
- Hik nahi duan bezala izanen duk –esan zion
–Lasai egon haiteke.
Anaiak iktusa izan zuenetik Joxe bere
zaindari prestu bihurtu zen. Goizean garbitu, bizarra egin, gosaria eman eta gero jantzi eta
errehabilitaziora eramaten zuen eta ondoren, eguraldia ona bazen, baratzera
joaten ziren. Osabak gustukoa zuen bertan egotea. Eguna fresko bazegoen Joxek aulki
batean jartzen zuen eguzkitan, manta mehe batez hankak estaltzen zizkion; beroa
egiten zuenean aulkian itzalean jarri eta, eseri ondoren, bion artean sortutako errutina berri hartan, Bittorrek,
zezelduz, aitzurra eskatzen zion egunero eta, bere esku gogortu eta
zurrunez kirtenari irmo eutsiz, saiatzen
zen aitzurra mugitzen eta markaren bat egiten lurrean.
- Ama, zer du osabak? Zergatik dago horrela?
Ez du ongi hitz egiten... Ez dit magia gehiagotan eginen?
Oihanak hitz egin zion alabari Bittor ikustera joan baino lehen
gizona erabat aldatuta zegoelako. Askoz argalagoa izateaz gain bere mugimenduak
ez zituen ongi kontrolatzen eta ez zitzaion ongi ulertzen esaten zuena. Egun
hartan Saioa poliki-poliki bere ondoan jarri zen muxu bat emateko eta eskuak
heldu zizkion arretaz begiratzen zion bitartean. Bittorrek izugarrizko
ahaleginak egin zituen geldirik egoteko,
iloba txikia ez zuelako beldurtu nahi. Irribarre egin eta “Politte, politte”
xuxurlatu zuen. Haurrak ere barre egin zion osaba zaharrari eta jolastera joan
zenean Joxek bi malko potolo eta borobil
garbitu zituen anaiaren aurpegitik.
Baina asteak pasa ahala Bittorrek jarrera
aldatu zuen. Gogoa eta indarra jartzen hasi zen eta denborarekin bere egoerak
hobetu zuen. Bi makuluren laguntzaz hasi zen etxeko korridorean ibiltzen eta
hitz ulergarriagoak esaten. Guztiok poztu eta ilusionatu ziren baina, Neurologian kontsulta izan
zutenean, Martinez doktoreak oinak lurrean jarri zizkien senideekin bakarrik
gelditu zenean.
- Hobetu du, bai, eta gehixeago ere hobetuko
du oraindik, baina neurri batean. Muga oso gertu dago eta jakin behar duzue
iktusa errepikatzeko arriskua oso handia dela.
Joxe haserre atera zen kontsultatik.
- Dezente hobetu du eta ongi jarriko da
–esan zion Oihanari kalera atera zirenean –Eta hitz eginen du zuzen, lortuko
du. Nik erakutsiko diot.–Ahotsa urratu zitzaion –Eta bestela logopeda horietako
batengana eramanen dut.
Oihanak ez zuen erantzun. Besotik heldu zion
maitekor.
Bakarrik aste bat pasa izan zen senideek
medikuarekin azken solasa izan zutenetik. Udazkeneko arratsalde bat zen eta
Joxe eroritako intxaurrak jasotzen ari zen bitartean, Bittor, aitzurra eskuan, landatu berriak
zeuden porruei begira ari zitzaien.
- Gero Oihana etorriko duk.
- Haurra ekarriko dik? –Joxek irribarre egin
zuen galdera entzutean.
- Seguru –erantzun zuen. Bittorrek ez zuen
begirada porruetatik altxatu baina hitz egiten jarraitu zuen.
- Joxe.
- Esan.
- Askoz hobeki nagok, hik badakik. Baina hau
ez duk betiko. Arrunt gaizki egon nauk, arrunt. Oinaze handiekin, ezintasun
ikaragarriekin. –Joxek kuboa utzi eta anaiarengana joan zen.
- Lasai egon. Hori guztia pasa duk. Askoz
hobeki hago eta horrela jarraituko duk. –Bittorrek burua astindu eta anaia
zaharrari begiratu zion.
- Hobeki nagok, bai, baina ez zekiat noiz
arte egonen naizen horrela. Askotan ahulezi handi bat sumatzen diat nire
barruan...gorputzean eta buruan ere bai.... eta beldur nauk. –Isilune bat sortu
zen bion artean.
- Gauzak aldatzen ari dituk, ez duk
beldurrik izan behar.
- Ez Joxe, ez diat uste. Eta ulertarazi nahi
diat. Ez nauk bukaeraren beldur, bukatzeko moduaren baizik –Joxek Bittorren
aurpegi zurbilari begiratu zion. Bazekien solas hura izateko anaia ahalegin
handiak egiten ari zela.
- Bittor, ez duk horretan pentsatu behar.
- Bai Joxe, bai. Juxtu horretan pentsatu
nahi eta behar diat. –Anaia zaharrak bueltatu zuen burua, bera zen orain
porruei begira zegoena baina Bittorren gogoak eta kemenak harritu zuten. Gazteenak
eskumuturretik heldu eta adorez mintzatu zitzaion. –Joxe, aditu ezak! –aitzurrak
ihes egin zion eskutik eta kirtenak Joxeren oina kolpatu zuen –Segur aski hire
laguntza beharko diat. Nik ez diat nahi nire azken urteak ohe batean pasa...
hitz egin gabe, mugitu gabe eta oinazez jota. Emadak hire hitza, mesedez, hire
laguntza izanen dudala. Emadak hire hitza, arren.
Joxek aitzurra jaso zuen lurretik eta eskuan
jarri zion anaiari. Begietara begiratu zion.
- Nire hitza duk, Bittor. Orain arte izan
duan bezala.
Bittorrek aitzurraren kirtenean bermatu
behar izan zuen ez erortzeko beste besoa anaiaren sorbaldan jartzen zuen
bitartean.
- Orain arte bezala, bazekiat. Beti bezala.
Joxek ere besoa estutu zion. Bittorrek
irribarrea okertuta eta begiak lausoturik zituen.
Oihanak mezua jaso zuen egunean bere aita
goiz jaiki zen. Martxoaren goiz fresko eta garbia zen. Anaiak bigarren iktusa izan zuenetik
Joxe egunero gosaldu eta ospitalera joaten zen
baina, egun hartan, joan baino lehen baratzetik pasa eta anaiaren
aitzurra poltsa batean sartu zuen.
Ospitalean goiza betiko moduan igaro zen,
erizainen joan etorriak, medikuaren bisitaldia... Bittorrek azken egunetan
bezala jarraitzen zuen. Denbora gehiena lotan pasatzen zuen eta esnatzen zenean
begiak berarengan iltzatzen zituen eta batzuetan mugimendu trakets eta hots
ulergaitzak egiten zituen. Horietako batean Joxe bere ondoan jarri eta
aitzurraren kirtena eskuen artean ipini
zuen kontu handiz. - Bai Bittor, bai. Gaur baratzera eramanen haut. –Eta anaiak
ulertu egin zuela iruditu zitzaion. Gero, poliki eta tentuz, aitzurra atera
zuen hatz zurrun eta bihurrituen artetik
eta berriz poltsan gorde zuen.
Eguerdian Oihana pasa zen une batean osaba
ikustera.
- Zer moduz dago gaur? Aldaketarik? –Joxek
sorbaldak jaso zituen. –Pentsatuta neukan Saioa ekartzea egunen batean baina
itxaronen dut etxera eraman arte. –Laster joan zen bazkaldu ondoren lanera
itzuli behar zuelako, eta bi anaiak lotan gelditu ziren.
Laurak ziren Joxe esnatu zenean. Ordu
egokia. Pasabidera atera eta biltegitik gurpil-aulki bat hartu zuen. Ospitalean
lasaitasuna zen nagusi. Gelara itzuli zenean ohera hurbildu eta anaiaren aurpegia
laztandu zuen.
- Goazemak Bittor, ordua duk eta.
Egun hartan Martinez doktorea berandu atera
zen lanetik eta, Joxe eta Bittor
gurpil-aulkiarekin pasatzean ikusi zituenean, harrituta gelditu zen. Hasieran haiengana jotzea pentsatu zuen baina gero bi
egun lehenago izandako solasa gogoratu eta joaten uztea erabaki zuen. Senideei
berri txarrak ematea beti zen gogorra, eta izan zuten solasa motz eta latza
izan zen.
- Ez Joxe, –esan zion –ez da hitz egiteko
edo ibiltzeko gai izanen, eta ez dakigu noiz arte egon daitekeen horrela. Segur aski egoera
luzatuko da... Baina minik ez duela pentsatu behar duzu. Sueroaren ondoko
poltsa morfinarena da eta horrek min guztiak kentzen dizkio. Berak ez du sufritzen.
- Mina ez izateak ez du esan nahi sufritzen
ez duenik.
Medikuak ez zuen erantzun. Beharbada arrazoi
zuen. Berak ere bazekien oinaze fisikoa ez zela sufrimendua sortzen zuen min
bakarra. Gero galdera batzuk egin zizkion medikazio eta morfinari buruz eta
agurtu ondoren kontsultatik atera zen.
Joxeri ez zitzaion asko kostatu anaia
janztea eta ospitaletik ateratzea, ohituta zegoen bere gorputza gobernatzera.
Pauso sendoz ospitaleko pasabideak zeharkatu zituen, urduri baina egiten ari
zenarekin sinetsita zegoen. Anaia autoan poliki sartu zuen, suero eta
medikazioaren poltsak ongi egokitu, aulkia tolestu eta abiatu ziren.
Baratzean
larri baina pozik sartu zen bere anaiarekin. Gurpil-aulkia eta
berarentzako beste aulki bat jarri zituen jasotzeko zeuden aza batzuen aurrean
eta aitzurra Bittorren eskuen artean kokatu zuen berriz. Eguzkiak bi gizonen
aurpegiak ferekatu zituen. Morfinaren poltsan erizain bati hartutako beste dosi
bikoitz bat injektatu eta dosifikagailua erabat irekita utzi zuen. Orduan
ondoko aulkian eseri eta maitasunez mintzatu zitzaion.
- Hire anaia nauk, betiko. Eta nire hitza
duk, beti bezala.
Baratzeko atea irekita utzita zuen.
Ez zekien zenbat denbora egonen ziren han
ezta zer gertatuko zen gero; eta ez zitzaion axola.
Eskuineko eskua anaiaren lepoan jarri eta
bere aurpegi zurrun eta okertuan poz keinu bat ikustea iruditu zitzaion.
Comentarios
Publicar un comentario