DEFENTSA ABOKATUAK
Iratxe Esnaola
Virginia
dirdiratsua eta liluragarria da, nahiz mekanografiatze lan monotonoan jardun
Defentsa S.A. Abokatuak enpresako bulegoan idazkari bezala, neguan hotz eta
udan bero, ordenagailuko teklatu aurrean zortzi orduan. Eragiten duen
txundidura liraintasunetik datorkio Virginiari. Hutsik egin gabe zaintzen du
bere irudi argala, ile beltz luzea eta begi berdeko aurpegi samurra. Oso ondo
egiten duzu, Virginia. Mila zorion! Atentzioa eman nahi duen emakume
erakargarria izan gura, eta izan zara. Eskola ezagun eta prestigiotsuan ikasi
zuen Virginiak. Mekanografiatze institutuan? Baina ze eskola da hori! Hutsaren
hurrengoa berak benetako ikasketak irizten dituenen aldean: edertasun eta moda
aldizkarien eskolatik dator eta hango leloa dakar berarekin: Zaindu zure
irudia. Aditza aginteran, Virginia. Baina ez gaitezen ardura, ez gehiegi,
behintzat, ez baitago bakarrik lanaldi amaigabean. Makillajea, gaztetze
produktuak, manikura eta ile apaindura bere alboan ditu eguneroko borrokan.
Gerla itsua baita bulegora ailegatu eta beste emakume baten begiko itzal,
ezpainetako margo eta edertasun trukuekin lehiatu beharra.
Aginduei men egiten dien neska tuntuna
dela uste al du Virginiak? Iritzi propiorik gabeko objektu erabil erraza? Ezta
batere ere. Bere irudia zaintzera behartzen dute, ez da besterik. Horrek ordu
mordoa eta izerdia lapurtzen dizkiola? Kalea lehiakidez mukuru dago! Basoa
irudi dute karrikek. Badira ile horaileko lehoi eme atzazal margotuzkoak,
badira pantera ilaun luze eta malguak. Virginiari oihaneko hotsak entzutea
iruditzen zaio portaleko atea zeharkatu orduko. Baina itzul gaitezen lanera.
Bulegoan Virginiaren saileko kide eme bakarrak bere abilidade berberaz mugitzen
ditu hatzak teklatuan, mekanografiatze postuan. Beraz, kontu egin lana ez den
zerbaitean nabarmendu behar dela bizitzan eta gizonen aurrean, gizon bat
ehizatu eta jendartean erakutsi nahi denean.
Errealista denez,Virginiak badaki
beste maila batean daudela gizonak, Defentsa S.A. Abokatuak bulegokoak barne.
Hain zuzen, idazkari eta Virginia inor ez andrea ez baita abokatu eta saileko
arduradun M jauna, ezta abokatu eta zuzendariorde R jauna, ezta abokatu eta
zuzendari J jauna ere. Lehia suharra da bulegoko bere sailean, begi bistan
denez: zuzendari bakarra bi emakume idazkarirentzat. Ze pagotxa litzatekeen
Virginiarentzat andre bakartzat bera lukeen lantokia! Horren faltan, kalkulu
zehatzak egin ditu beste kideaz. Lankideak aldaka eta ipurtalde nabarmenegiak
ditu bere iritzian. Ez luke gizonik erakarri behar sudur luzeegia izateagatik,
alde batera utzita ile koipetsua eta ibilera
mozkotea. Adi ibiltzea onena, hala ere. J zuzendariarentzat neurriak
zorrozki betetzen ditu Virginiak atzoko arroparik ez errepikatzen, begi zuloak
disimulatuz, ilea askatua eramanez, leun eta emeki hitz eginez, irribarrea
mantenduz. Non dagoen idatzia hori? Defentsa S.A. Abokatuak enpresako
kontratuan, beharbada? Ezin jakin, Virginiak ez baitu ez sindikatuez, ez
paperez entenditzen. Ba al daki Virginiak irakurtzen? Jakingo ez du!
Mendebaldeko gizarte aurreratuan jaioa da! Gauza inportanteagoak ditu, ordea,
irakurtzeko, eta batez ere, irudikatzeko. Ameskerietan J zuzendaria hurreratzen
zaio berarekin ezkondu nahi duen galdetzera. Hura bai gizon xarmangarria!
Virginiak poesiatzat dauzka haren hitzak. Irudimenean bere gorputz argal
beltzaran barize gabea eskaintzen dio zoriontasun samurrean murgilduz, zeinak
lo goxoan laguntzen dion. Komeni zaio eta lo ona Virginiari. Lanera sartu baino
hiru ordu lehenago norbere itxura zaintzeko esnatzea ez baita txantxa, nahiz
gizonek airoski esan ordu erdi lehenago esnatu eta korrika ailegatzen direla.
Berak ezin dio horrelakorik bere buruari baimendu. Ez irribarre lagunkorrik
beretzat, ez barkamenik. Diziplina beretzat bizian norabait helduko bada. Gizon
batengana helduko bada. Esana dugu. Virginia errealista da.
Udaberriko arratsalde eder batean
kalea inbaditzen duten Indiako gaztainen polenez betetzen ari da eraikina,
mantso, koadro baten abiaduran. Virginiaren saileko lankide emea bere postuan
falta da bazkal ostetik. Han daude aulki hutsa eta teklatu mutua. Ez da berriz
ikusiko istorio honetan polenarena bezain destino ezezagunera joandako
lankidea. Hurrengo goizean neska berri bat iritsi da hura ordezkatzera:
Roberta. Virginiak sailean bere lekua hartzen ikusten du. Emakume ilehoria da,
bera bezain altua eta ederra. Ate bat muturrean zarratu baliote bezala geratu
da gure beltzarana. Gorputz atalak dardaraka, ezin izan ditu ondo aurreratu
gaurko lanak. Jota utzi dio bulegoko organigrama neska berriak eta haginak
karraskan. Sastraka artetik zelatan bezala, kontrolpean izan du panpina berria.
Hark osasunaz eta sendiaz galdetu die lankideei, aginduak jasotzean ez da
kopetilun edo gogo txarreko agertu eta mesedeak egiteko prestutasuna du. Esango
du irakurleren batek: zer bilatzen du blonde arraioak moja joerarekin? Hau
bulego bat da! Ongintzarako bokazioa badu doala misiotara. Animo, Virginia,
zurekin gaude!
Egunen joanean Robertaren xarmari
amore ematen amaitu dute saileko kideek. Hormak pintatu balituzte bezala izan
da Roberta lantokiarentzat, eguraste halako bat, hitzetara ekartzen zaila den
urtaro aldaketa baten moduan. Horrelako pertsona onak atsegin ez dituztenak
izaten dira edonon, noski, eta dohainez betetakoei bidea zailtzeko lanak
hartzen dituzte. Nor ote da Robertari ezinikusi amorragarria diona bulegoan?
Pertsona hori Virginia da. Iritsi eta hurrengo egunean Roberta beragana
hurbiltzen ikusi du. Begietan iparraldeko herrien edertasun aztarnak ditu eta
bizkar erdirainoko adats ilehoriak ederki ematen dio. Virginiak une hartantxe
moztuko lioke ahal balu aizkorakada batez ilea. Bai, gauzak bestera lirateke
enpresako ardura Virginiaren esku balego, baina kasualitate historikoak
tarteko, boterea ez dago bere eskuetan, eta ezta ere egongo etorkizun hurbilean.
Horrek zuhur jokatzera darama
Virginia, kalkuluak zehatz egitera, eta oraingoz, berriarekin tratu onean
aritzera. Jauzi txiki baten laguntzaz Virginiaren bulego-mahaian eseri denean
Roberta, bihotza basati ari zaio taupaka Virginiari. Galderak jaurti dizkio,
arrapaladan, gertutasuna ezin jasanik. Mutil lagunik ba al duzu? Senarra,
beharbada? Ezkondua zara? Banandua? Maltzurkeriaz doaz itaunok Robertaren
perfila osatzeko asmoz, nahiz ez duen lortu haren bake aldartea arrakalatu eta
ongi nahiez ezkutatutako galderen pozoiaz hura amorraraztea. Kontrara,
lausengua iritsi zaio Robertaren aldetik. Zu bezalako emakume ederrak bai
izango ditu gizonak atzetik. Ohikoa duen eskuzabaltasunaz mintzatu zaio mahai
gainetik, irribarretsu. Beste edonorentzat gustagarria litzateke, lausengua. Ez
Virginiarentzat. Ardi larruz jantzitako otsoa dabilkie bulegoan! Halako emakume
txundigarria lagun onaren papera entseatzen? Ezinezkoa. Virginiari gorrotoa
nabari zaio lokietan taupaka, erdipurdikoetan erdipurdikoena izanda ere ezin
baita Robertaren berezitasuna intuitu gabe iraun. Ez du hark keinu txarrik,
defentsarako asmorik, aurpegi zekenik. Eta hori gutxi balitz, proposamen bat du
beretzat. Irtengo gara elkarrekin lana eta gero? Virginia inuiten iglu batean
eserita egotera pasa da ulertzen ez duen hizkuntza, klima eta soslaien artean.
Elkarrekin zerbait egitera gonbidatu berri du? Gehiegizkoa da begiratzen zaion
lekutik begiratuta.
Nola eskertu duen, hortaz, J
zuzendaria eta M arduraduna saileko bilera batetik irtetea egokitu izana une
horretantxe eta diosal egitera azaldu izana. J zuzendariak jantzi trajeduna eta
gorbata dakartza, garbiak eta plantxatuak, baina estilo zaharkitukoak M
arduradunaren look modernoaren alboan. J zuzendaria hurbildu den orduko, ongi
etorria eskaini dio Virginiak kopetara irristaturiko ile xorta aldenduz.
Gorputzaren direkzioa eta postura baliatuz Roberta estali du eklipse batean eta
errugbiko pilotaren tamainako irribarrea egin. Kortesiaz erantzun du zuzendari
zaharrak, eta bitartean, azeri begiradaz so egin ditu mahai gainean jarraitzen
duten Robertaren zangoak. Hori atsekabea Virginiarena. Nola egiten dio hori
berari! Inork ezin baitu esan zuzendaria maitatzeko ahaleginik egin ez duenik.
Eta orain hor dauka Roberta beti lasaia batere esfortzurik gabe podiumeko
mailadia igotzen. Laster M arduradunak sailetik irteten lagundu dio
zuzendariari eta neskengana itzuli da. Virginia berehala ipini du nerbioak
airean M gorrotatuak. Jakinaren gainean osatu du epai hori, ez baitira alferrik
iragan bost urte bulegoan. Hasieran, sorbaldan Mren eskua sentitzea izan zen.
Gerriko ukituetara iragan zen gero. Beragana asko hurbilduz ilea orrazten zion
Virginiak burua apartatu arren. Protesta egitera ausartu zenerako, Mren
begirada beldur eragileak agindu zion lanpostuari eutsi nahi bazion isilik eta
meneko behar zuela iraun. Ordutik denbora da Mk komuneko atean itxaroten diola
ostiral arratsaldetan, besoa atera luzaturik, komunak bulegoan duen kokapen
urruna baliatuz. Nora zoaz, eder hori? galdetuko dio eta bere gorputzaz bideratuko
du komunera. Bertan eskua sartuko dio goizean tentuz lotu duen alkandorako
botoi artetik. Virginiak diskretuki esaten dio ezetz, inork entzun eta gizon
seduzitzailetzat hartuko duen beldurrean. Eta ez ezazue uste; Virginiak egin
ditu saiakerak bainura joateari uzteko, baina hori bera bezalako emakume saiatu
batentzat ere gehitxo izan da. Orain, Mrekin topatzen den aldioro bezala,
beldurrak izerditan dauka nahiz bere aurrean akordeoi irribarrea zabalduz
mantendu. Esana baitago: Virginiaren sentimenduek ez dute inporta, bere
esfortzuek bai. Virginiak pazientziaren dohaina oso garatua du, beste aukerarik
ez du eta izan orain arte, aukerak izan dituztenen erremolkean joan eta
beraiengandik zerbait ateratzen saiatu.
Arratsaldeak goia jo eta bulegoa
ixteko garaian gepardo baten dotoreziaz ihes egin dio Virginiak Robertaren
gonbidapenari. Etxeratu orduko biharko soineko zuri eskotedun bat hautatu du J
zuzendariarentzat ahalik erakargarrien azaltze aldera. Eta ondoren, zer hoberik
zenbait abdominal egitea baino. Esan al dugu kirola zutarri garrantzitsu duela
Virginiak? Ez telebistako kirola, ezta lagun artekoa. Argaltasuna kirola
baizik. Gorputza estutu eta nekatzen da modalitate honetan gantz kapa
nazkanteak erretzeko. Irakurle memoriadunak ebakiko du: ez al da benetan
nekagarri goizean edertze saioak burutzea, soldatapeko lanetan jardutea, horri
denari etxeko lanak gehitzea, eta egun motz berean, kirola egitea? Izango ez da
ba! Esan dugu Virginiak etorkizun hobe bat nahi duela. Bai, Virginiak
demostratu digu gai dela esfortzuz, izerdiz eta nekez nor izateko, alegia,
norbait izatera iristeko, hau da, emakume eder ezkondu bat izatera ailegatzeko.
Hurrengo goizean bulegoko leihotik
sartutako eguzki printzek soineko zuriaren garbitasuna nabarmendu dute
Virginiaren gorputzean. Oso ondo, Virginia! Lortu duzu beste behin lerdenena izatea.
Ez dio axola beharrean aritzeak hain panpox sentitzen bazara. Poztasun horrekin
oharkabean tekleatzen duzu fantasiak eta kalkuluak eginez, J zuzendaria
ondoan irudikatuz. Burua ilusio horrekin
beteta, egun erdia iragan eta komunera abiatu den unera arte ez da akordatu
ostirala dela. Bainuko argi horikararen azpira iristean M arduraduna gainean
duela konturatu da. Ostiral amorragarria! M nazkantea! Ondo gogoan dauzka
bakean utz dezala eskatutako aldiak, eta are hobeto gogoratzen ditu haren
mehatxuak lanpostua kolokan jarriz. Aspaldi da Virginiak beldur ikara hutsez
aurre egiten diola Mri. Honela mehatxatuko luke: J zuzendariari kontatuko diot
dena! Alabaina, hitzez transmititzen ez den jakituria zahar bati esker badaki
nor hartuko luketen erruduntzat.
Une honetan komunaren hormaren aurka
bermatua dago Virginia eta Mren hatzaparrak bere soineko estreinatu berrira
joan dira. Virginiak bultza egin dio, jakinaren gainean bultzada horrek ez
duela askorako balio, baina tira-bira estuaren erdian, ezuste handiz eta
aurreneko aldiz, atondoan norbait agertu da. Eta nor da komuneko estanparen
magia, nolabait esatearren, haustera etorri dena? Roberta bera da! Begirada
barez kontenplatu ditu ilehoriak bi lankideak, Virginia izoztua eta M
ahozabala. Gertatu behar zuena gertatu da: jazarpenaren lekuko bat dugu
bulegoan. Nork asma dezake zer gertatuko den orain? Ausartzen ote da inor
etorkizuna iragartzen? Apustuzalerik ba al dugu gure artean?
Gaurtik aurrera ezer ez da berdin
izango bulegoan. Arreta osoa Robertagana dihoakio Virginiari, goizez,
arratsaldez, salatuko duen beldurrean. Haren elkarrizketen doinu gozoari eta
keinu armoniatsuei erreparatzen die Mrekin zein beste langileekin tratatzen
duenean; nora doan, nori zer esaten dion, aldartea aldatu ote zaion. Izotz bloke
bat kolokatu du bien artean, baina Robertak betiko atsegintasunez itzultzen dio
begirada eta izotz puskari piolet eta eskularru termikoz aurre egiten. Hori
gutxi balitz, Virginiagatik arduratu ere egin da. Ondo zaude? Gaixo dirudizu,
horren zurbil. Emakume gorrotagarria. Komunean ikusitakoa ezkutuan gordetzera
behartu nahi luke Virginiak. Nork daki zer gerta dakiokeen J zuzendariak Mrena
jakin ezkero. Bere ametsen amiltzea litzateke. Nori axola orduan Virginiak
ezetz esan izana aldioro. Isilik egotea bakarrik geratzen zaio. Karta txarrak
zituen lehen. Partidatik kanpo dago orain. Hain dago leher eginda, piztia izan
nahi luke zibilizaziotik at. Naturan hain erreza litzateke dena. Nola gurako
lukeen itzuli eboluzioan atzera eta ez mekanografiatzerik, ez apainketarik, ez
estrategiarik aurrera eraman behar izan olgatzeko. Hau patuaren petrala! Hau zortearen
makala! Ez gaude ez oihanean, ez sabanan, ezta larrean ere, eta tamalez,
errealitateak ezin eramanezkoa izaten jarraitzen du.
Udaberri amaierako arratsalde argitsu
baten azken orduan ezohiko gertakizunaz jabetu dira bulego kideak, hain zuzen,
J zuzendaria sailera etorri denean. Serio demonio iragan ditu bulegoko metroak,
ohi ez bezala. M arduradunaren gelara joango zela uste bazuten ere,
Robertarekin bildu da haren mahaian eta bi hitz gurutzatu ostean, saila atzean
utzi dute eta elkarrekin abiatu dira eraikineko beste norabait. Okerrenean
jarri da Virginia. Komunean ikusitakoa kontatzen ariko zaio Roberta
zuzendariari une honetantxe. Garrasi egin nahi luke errugabe dela. Defentsa
S.A. Abokatuak enpresari eskaini dion esfortzu guztiaren ondoren gizon limurtzailetzat
hartuko al dute? Kaleratua, arbuiatua eta bazterreratua izango al da?
Zuzendariaren bisitaren osteko
egunetan ausartago eta oldarkorrago ekin dio M arduradunak Virginiaren espazioa
inbaditzeari, urduriago, presa eta larritasun biziagoek akuilaturik, baldarrago
eta agerikoago. Uda estreinatu duen lehen ostiral sargorian, Virginiak teklatua
atzean utzi, bainu gelara iritsi eta M suhartasunez gainera etortzea dena bat
izan da. Itsuki sartu dio eskua izterretan barrena komun barrura bultza eginaz,
soinekoaren oihala ia tarratatuz. Bejondeizula, M! Hori da hori gizontasuna.
Virginiak besoekin apartatu nahi izan du, eskuekin, baina alferrik da indar deman
lehiatu nahia. Negar dardara iritsi zaio Defentsa S.A. Abokatuak enpresak kaleratuko duela irudikatzean.
Hortzak estutu eta begiak itxi ditu, baina ezin du ekidin malkoen erortzea,
harik eta, bat-batean, hots baldar bat entzun den arte. Komun barruko atea
indarrez zabaldu ez da ba! Zer arraio da hau! Lehengoan lekuko bat atondoan eta
zer dugu gaurkoan? M arduraduna gonbidapenak banatzen aritu da, akaso, eszena
mingarriago bihurtzearren, ala?
Irudimen oro gainditu du Virginiak
ikusi duenak: Roberta eta J zuzendaria komun barruko atetik ateratzen ari dira.
Jo eta ma, zirrara hotz batek inarrosi du. Roberta eta J zuzendaria! Sabanan
balego letaginak iltzatuko lizkioke odolustu arte ilehori arraioari amarrutik
libratzearren. Baina bulegoan dago eta bulegoan J zuzendariak agintzen du.
Honek hitza hartu duenean badakar zer edo zer esateko, horixe dakarrela, ez da
eta alferrik nagusia. Begirada luzatu dio beltzaranari, Virginiari luzea eta
ulergaitza egin zaion tarte batez. Ondoren, agindu du: Kaleratua zaude. Hartu
zure gauzak eta ospa etxera. Izango duzu gure abokatuen berri. Gure Virginiak
ez dezake ezertxo ere uler. Hitzok entzutearen beldurrean bizi izan ditu azken
egunak, eta orain, ez berari, baizik M arduradunari jaurti zaizkio. Aurpegi
gorrituaz, M arduraduna zuzendariaren aurrean belaunikatu da patetikoki
komuneko lurrean. Zuzendariak eszena bukatutzat eman aurretik bizkarra eman dio
Mren belaunikatzeari eta eskua luzatu eta estutu dio Robertari, ordura arte
Virginiak gizon artekotzat zuen solemnitatez jantziz keinua, ondoren bainutik
irteteko M arduradunak trakets eta presaka jarraitzen diola.
Bakarrik geratu diren orduko, Robertak
pausu bat eman du Virginiagana. Ile horail luzea astindu du eta bigarren pausu
bat luzatu. Adi! Aurrean ditu Virginiak hainbeste gorrotatu izan dituen
gorputzaren kurbak! Ze nekaldi berri dator orain. Hain gertu sentitzen du
etsaia, arranoak atzaparrak ehizakiri nola, azkazal punta zorrotzekoak igoko
lituzkeela manikura finez landutako hatzekin erasotzeko Roberta. Hori botere
demostrazio aparta litzateke, baina ez da beharrezkoa. Defentsa postura amildu
eta behin betiko armak utziz deskantsu hartu du Robertaren hitz sutuok
entzutean: Desio zaitut, Virginia.
Comentarios
Publicar un comentario