BESARKADA AMAIGABEA
Autora: Arantza
Santesteban Pérez
Umetan itxasoko olatuak maite zituen. Kontxako
barandilletara joaten zen maiz, eta burnien artean sartzen zuen bere
aurpegitxoa aurrean bertaratzen zitzaion itsasotzar hura bistadizo bakar batean
erretinean sartu nahiko balu bezala. “txaso” deitzen zion itxasoari bere
hasierako hiztegi mugatu horretan. Esan ere, guztiek ulertzeko eran esaten
zuen, izan ere, bere hatz erakuslea barandillako
burnien artetik atera eta itsasoa seinalatzen zuen grinatsu, aurpegia
argiturik.
Umetatik bazuen behar bat, desio bat, barrutik estutzen
zuena: itsasoa besarkatzeko beharra zuen; hainbeste maite zuen itsasoa, haren
besoetan hartzeko behar bizia sentitzen zuela. Eta hartara, uretara bertaratzen
zen bakoitzean, besoak luze luze eta zabal zabal jarrita joaten zen korrika
batean itsas ertzera, ur masa urdin hura haren besoetan bildu nahiean.
Ordea, goizegi ohartu zen haren ezintasunaz. Itsasoa
besotan bildu nahi eta ezinezkoa zela. Plasta! egin eta sarritan erortzen zen
itsasertzaren kontra, ur gazi eta mingarri horren kontra, eta saminaren zaporea
dastatuz negar zotinka itzultzen zen berriz ere lehorrera.
Holakoxea zen Iratxe, ez zuen beharrezko beso adina
mundua besarkatu ahal izateko. Eta mundua bera hartu nahi zuen bere besoen
artean, besarkatu, bildu eta laztantzeko.
Itxasoko gatzak, ordea, goizegi gazitu zuen Iratxeren
bihotza. Bihotz handia zeukan, espazio txikienean ahalik eta gehienentzako
lekua egiteko berezko joera dutenen antzera. Baino
zauritu egin zitzaion bihotza, eta aurretik gazitua zuenez garraztu
zitzaion betiko.
“Neska hori ez dun
berdina, Kubara egin zuen bidai horren ondoren ez dun berdina...” esaten zuen bere auzoko jendeak. Kubara joan zen
brigadista moduan, mundua heri zegoenez, mundua bera konpontzeko ahaleginetan.
Kuba aukeratu zuen noski, irla izanik, Antilletako itsasoak miazkatzen zuen lur
zati hartara, hain zuzen ere. Mapan
ikusi zuelarik, Karibeko itsasoaren erdian, kuba, bere “txaso” maitearen bihotza
zela iruditu zitzaion hasieratik. Izan ere, itxaso handi horren erdian agertzen
zen lur zati hori, itsasoaren bihotza baino ezin zitekeela izan pentsatu
baitzuen hasieratik. Eta orduan halako errebelazio bat izan zuen, alegia, Kuban
baino ezin izango zuela gauzatu itsasoa besarkatzeko zeukan desio hura. Kubara
joanen zen itsasoari desiratutako besarkada ematera.
Ez, Kubatik itzuli zen Iratxe ez zen aurrerantzean
berdina izango.
“Rona duk irla puta honetan merezi dian bakarra, darling”.
Esan zion Iratxeri dantzan zegoen bitartean hurbildu zitzaion tipo altu eta
mozkorti batek. Bertakoa zen, zinez bertakoa. Maite zuen kubatarrek gauzak
esateko zuten modu alai eta kaoatikoa. Eta maite zuen, salsa kubatarraren
doinuaren eraginez gorputzean pizten zitzaion ordurarteko energia ezezagun
hura. Bere gorputza dantzan jartzen zuen energia hori bera. Ordurarteko wihtout moviment ezagutzen zituen bere gerrietan hasten zen mugitzeko
desio hori, erabat aztoratzen zuena, guztiz erotzen zuena. Une horietan
iruditzen zitzaion, bere gerrian sortu egiten zela salsaren doinu erritmiko
hori, bularretaraino igotzen zitzaiona, besoetan, zehar iragan eta eskuetan
amaitzeko. Gozamedez dantzatzen zuen, irribarrea ahoan, eta bere oinak, biak
hala biak, alde batetik bestera etengabeko mugimenduan.
“Tira, rona eta
hemengo gizonek hankartean dugun hori... Ezetz? Probatu beharko zenuke darling,
eta konturatu, kubara emakumeak ez datozela Fidel ikustera, guk hankartean
duguna probatzera baizik...” .
Esan zuen tipo altu berberak, parre handia ahoan zuelarik. Iratxeri nonbait, ez
zitzaion gehiegi gustatu haren doinu altu eta antzua, baino hain zegoen
itsututa dantzan ez ziola eman gizonari bere loriazko minutuak garrazteko
aukerarik.
“Por un poquito de
tiempo, que de ti me separé, me traicionaste Matusa, que triste que me quedé” ohiukatzen zuen tabernako bozgoragailuak gau hartan. Eta
Iratxek pentsatzen zuen, ea zer demontre esan nahi zuen kanta hark
traizioarekin? Beste batekin joango zela Matusa, edo alegiazko emakume hura?
Traizioa edota norberak bere bizitzarekin nahi duena egiteko hautua? “Como yo te quise a
ti Matusa nadie te querrá, nadie, pero nadie, nadie te querrá”. Horrela maitatua izateko, hobe bakarrik Matusa; Matusa
gaixoa. Salsa kubatarra maite zuen Iratxek, haren letrak ez horrenbeste.
Hortik aurrera hasi
zen dena.
Dantzatzeaz nekatuta, La Habanako espaloietara eraman
zituen Iratxek bere oinak, kale jendetsu haietan urtuz haren pauso lausotuak. “Zu bezalako
emakume batek ez luke bakarrik egon behar halako ordu txikitan” belarriratu zitzaizkion bapatean hitz horiek. Eta
bizkarhezurra izoztu zitzaion orduan, ileak tentetu eta haren gorputzeko
bukaera nerbioso guztiak alerta gorrian jarri zitzaizkion. “Eskerrik asko,
baino ni bezalako emakume batek, badaki bakarrik ibiltzen” erantzun zion
Iratxek hitz izoztuz atzetik zetorren
tabernako tipo altuari. Bera baitzen, eta ez beste inor, atzetik segika zuen
itzal luze hura. Eta orduan Iratxeri, bere barneko alerta gorriak handik alde
egiteko egin zion ohiu orduan. Joateko handik. Jo- a- te- ko han-dik.
Pauso lausotuak, pauso arinak bihurtu ziren orduan. Eta
pauso arinak, pauso azkarretan. Pauso azkarrak, korrika bizian. Kaleetan zehar
abiatu zen Iratxe, bere indarrek ematen zioten abiadura guztiarekin. Hain zuen
sakona arriskuaren sentsazioa, ez zuela atzera begiratzeko beharrik izan tipo
hura atzetik zuela jakiteko. Alertak esaten zion segika zuela, eta gau hartan
gizon haren gogoa, hain zuzen ere, berea behartzea zela. Bazekien, korrika
egiteari uzten bazion, zerbait larria gertatuko zela. Eta abiatu zen ziztu
bizian hiriko kale eta etorbideetatik, tabernak atzean utziaz, etxeak, La
Habanako pasabide estu eta zigortuak, argitutako kantoiak eta itzalpetan zeuden
beste eta hainbeste zorigaiztoko bazter. Bazekien atzetik zuela, haren itzala
ikus zezakeen, haren arnas ustela somatu ere, atzetik somatzen zuen. Eta orduan
El Cañonazo-tik etsairik gabeko itsasora habanatarrek jaurtitzen zuten kanoiaren
hotsa entzun zuen orduan. Pummm luze eta lehor bat; harekin batera erori zen
Iratxe lurrera. Eta bere gainera, tabernako tipo nazkagarri eta ustel hura.
Danger guztiak pikutara.
Eztakit zenbat gauza egitera behartu ninduen. Ez dut
gustokoa izaten halakoak kontatzea. Bortxatu ninduen bai, nazkagarri hark
bortxatu ninduen. Eta hitz hauek
esatea mingarria bazait ere, esanaren esanaz, aurrera egiteko indar nahikoa
ematen didate. Nire patua gorrotatu izan dut maiz. Zertara demontre joan
nintzen Kubara, ditsosozko bidai horretara. Itsasoa edonon aurkitu daiteke, eta
zergatik demonio ibili behar gara beti, etxean duguna kanpoan bilatu nahiean.
Kaka.
Mingarria izan zen han egonik brigada kideengana joan
nintzenean. Horrek min handiagoa eman zidan, bortxaketak baino. Edo
bezainbeste. Kontatu nien jasotakoa, negar eta zotinen artean. Indarrak
xahututa, txikituta, apurtuta. Eta hasiera batean jaso nuen haien babesa. Baino
gerora, gauzak baretze aldera egin zutenean, nire bertsioa zalantzan jartzen
hasi ziren. Ea zer egiten nuen nik bakarrik ordu horietan, taberna batean,
GIZONAK soilik zeuden taberna batean. Konturatu behar nintzela bazegoela
arriskurik han. Batzuei ez omen zitzaien arraro egiten niri halako zerbait
gertatu izana, hasieratik somatzen hasiak baitziren sensualitate gehiegirekin dantzatzen nuela, eta hori, gizonen
arreta gehiegi tentatzea zela. Eta Kuba ez dela Euskal Herria, Kuban
gauza batzuk oraindik ez direla ulertzen, emakume bat bakarrik dantzan egotea,
esaterako. “Hurrengorako ikasiko duzu Iratxe, norberak ezin duela nahi duena
egin; hori zure Itxaso demontre hori besarkatzeko daukazun txorakeri horren
antzerakoa da, joder Iratxe, itxasoa besarkatzea ere, batzutan tenteltua
zaudela uste dut” eta horrelakoak esaten zidaten ustez lagunak zirenak.
Fuck off guztientzat. Horixe erabaki eta egin nuen. Pikutara
denak. Nik bizitza egin nahi ditudan gauzak egiteko baliatu nahi dut. Ametsak
gauzatzeko, eta beste guztia pikutara.
Goilarari girabikara,
katiluko kafesneari bueltaka ari zitzaion Iratxe, begirada katiluaren sakontasunean
galduta eta burua bera ere girabiraka. Itsasoa besarkatzera joan eta zaurituta
itzuli zen Kubatik. Krudela iruditzen zitzaion patua bera, ametsa gauzatzera
joan eta ametsgaiztoaren hazia ekartzea ere, gogorregia egiten zitzaion. Mundua
heri zegoela ez zeukan zalantzarik, baino izakiak ziren benetan heri zeudenak,
gaixorik. Ez zuen ulertzen gizonen berezko gizonkeri hura. Eta batzuen kasuan,
zer demontrek eramaten zituen indarrez emakumeen borondatea urratzera,
bortizkeri horren oinarrian bortizkeri handiago bat baino ezin zitekeela egon
pentsatzen zuen. Emozioak ekiditeak, naturaltasunez ez bizitzearen ondorioz
higatutako barnealdea zutela gizon horiek.
Bortxatua eta ez ulertua sentzitzen zen. Gizon
batengandik bortxatua eta beste askorengandik epaitua. Akituta, haren bihotz
gazitua eskuan harturik, txikitako bere leku kutunera joatea erabaki zuen,
Kontxako barandilletara, alegia. Aspaldi ez zuela leku hura bisitatzen.
Aspaldiegi agian. Eta hara bertaratu zen Iratxe. Barandilla eskuartean heldu
eta bere betiko itsasoa agertu zitzaion begien aurrera. Erretinak dardarka
sentitu zituen. Eta piztu zitzaion, indar handiz piztu ere, itsasoa besarkatzeko
behar itogarri hura. Larritasun hura, arrazoi bakarrarengatik bizi zenaren
seinale larri hura.
Askotan itzuli zen ondoren Iratxe bere “txaso” maitea
ikustera. Barandilletara gerturatu eta konturatzen zen han sentitzen zuen
sosegua ez zuela beste inon aurkitzen. Itsasoak sendatzen zituen bere zauriak.
Bere noraezari zentzua ematen zion. Itsasoa, betidanik zen bere bizitzaren
abiapuntua, dena hasi eta bukatzen zen lekua. Hori zen bere bizitza laburraren
historioa.
Halako egun batez izan zen Kontxako barandillak atzean
utzi eta txikitan bezala itsasertzera hurbildu zenekoa. Hondarra sentitu zuen
bere oinen azpian, bere behatzean artean, umel, itsaskor, leun. Eta lehenengo urratsa eman zuen uretarantz. Haizea sentitu zuen
bere aurpegia laztanztzen, indarrez, begiak ixterainoko indarrez. Eta
eman zuen bigarren urratsa. Besoak luze luze eta zabal zabal jarri zituen
orduan, besarkadak emateko moduan jartzen direnean bezala. Eta eman zuen hirugarrena.
Urak, oinak busti zizkion orduan, eta eman zuen laugarrena. Eta bosgarrena ere
eman zuen, eta seigarren bat ere bai. Zazpigarrenean ahaztu zitzaion urak burua
estaltzen ziola, izan ere, lehendabiziko aldia zen bere besoen artean itsasoa
sentitu zezakeela. Besarkatzen ari zen itsasoa. Orduan bai, orduan sentitu
zituen bere zauriak arintzen zirela, bere
gogoa asetzen zela, bere ametsa gauzatzen ari zela. Eta ahaztu zitzaion
beste guztia. Urrats guztiak eman zituen orduan eta han geratu zen Iratxe, besarkada
amaigabe batean.
Betiko.
Comentarios
Publicar un comentario